"Iragan azaroan Desapiyua abiatu genuenetik, hainbat lagunek hartu dute parte auzo-dinamika honetan. Bakoitzak nahi izan duen esparrua hartu du langai, eta eskaera bidez, orohar, esparru horren euskalduntze bidean urratsak eman daitezela eskatu dute desapiyatzaileek
Bada, zenbait hilabeteren ondoren, Eroskin abiatutakoak (“Txupitxatxi” kuadrillarenak) jaso ditu fruituak: hainbat ohartarazpenen euskarazko bertsioa paratu ditu bere hormetan aipatu dendak. Hitzez agindutakoa praktikara eraman du, eta hori, zoriontzekoa da. Hala ere, asko dago oraindik hobetzeko: publizitate euskarri asko dago oraindik gazteleraz soilik idatzia, etxeetara bidaltzen den publizitatea ere gaztelera hutsean da, eta euskaraz hartatua izatea ia ezinezkoa da, oraindik ere. Baina azken egunotako aldaketa nabarmenek itxaropen eta elkarlanerako aukera zabalik utzi dute. Ongi egindakoa zoriondu, eta gaizki egindakoa konpontzen jarraitzea dagokigu. Eta posible da! Eroskiko lanketa beraz, ez da amaitu.
Beste Desapiyuekin aurrera jarraitu eta berriak abiatzeko indarra eman digu Eroskiren aldeko jarrerak; billabesak euskalduntzeko lanean jarraituko dugu, osasun-etxean zerbitzua euskaraz eskaini dadin bidea urratzen jarraituko dugu eta laster, udako giroa bertan da-eta, Txantreako igerilekuan euskaraz egin ahal izateko proposamena eginen dute desapiyatzaile berriek. Halaber, ezin dugu ahaztu, Akelarre Kultur Elkarteak “Berria” egunkariaren harpidetza eginez lortu zuela Desapiyuak proposatutako erronka betetzea. Haiei ere, zorionak!
Bestalde, Desapiyuak erdietsi dituen bistako emaitzetatik harago, beste ondorio bat azpimarratu nahiko genuke: abiatutako erronkek aldeko emaitza izan edo ez, garaipen txikiak izaten ari dira denak ala denak, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera jauzia eman dutelako hainbat auzokidek. Euskaraz bizitzeko ditugun ezintasunak azalaratu, eta nork bere mailan, hutsune horiek gainditzeko hautua egin du. Horretaz gain, euskaraz bizi nahi dugunon harreman estuagoan fintzen gabiltzala esan dezakegu, eta ez da makala hori.
Dena dela, hamaika eskaera eta presio bideratuta ere desapiyurik garrantzitsuena gure baitan da. Eroskin lortutakoa alferrikakoa izango da, guk geuk gaztelerazko publizitatera jotzen badugu. Alferrik eskatuko dugu hemendik aurrera harrera euskaraz nahi dugula langileei gazteleraz egiten badiegu. Era berean, alferrik izango da AKEko “Berria”ren harpidetza, txoko batean usteldu eta gaztelerazko egunkariak irakurtzen baditugu.
Praktikak eragingo ditu aldaketak, ez besterik; eta bide horretan, argi izan, espaloira igo garela bertatik ez jaisteko! Aurrera Desapiyua!"