Euskararen alde egotetik egitera pasatzeko eskatu du Tafallako EHEk

Legealdi honetan euskararen normalizazio bidean urrats garrantzitsua emateko aukera galdu dela iritzi dute.

Hona hemen Tafallako EHE-k zabaldu duen oharra:

Maiatzaren 24ko hauteskundeak hurbil diren honetan, ezin dugu esan amaitzear den legealdia harro amaituko dugunik. Ez harro, ez itxaropentsu. Izan ere, euskararen normalizazioan urrats garrantzitsua eman ahal izan den honetan, uste dugu, Tafallako Udalean dauden alderdien aldetik ez dela aukera behar bezala baliatu.

EHEk “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika abiatu zuen 2014. urte hasieran. Dinamikarekin bat, ehun bat herritarrek udalarekiko harremana euskaraz izateko eskaerak aurkeztu zituzten udaletxean; harrera, inprimakiak eta hizkuntz paisaia puntuetan lehentasuna jartzea eskatu zuten.

Udal-gobernuak ezezkoarekin erantzun zien; erabakiak euskaldunon hizkuntza eskubideen  aurka egiten zuela iritzita (baita udaleko alderdi guztiek 2012ko uztailean sinatutako Euskararen Dekalogoaren  kontra ere), Udaleko Euskara Batzordearengana jo zuen EHEk. Erantzuna aldatu eta eskatutakoa betetzearen alde agertu ziren alderdi guztiak, UPNko ordezkaria barne, horretarako zer egingo zuten argi azaldu ez bazuen ere.

Hala, elkarlanean urratsak emango genituela sinetsita, hilabeteak igaro ziren. Egoerak, ordea, bere horretan jarraitu zuen. Udal-gobernuak konponbiderik bilatzeko borondaterik ez zuen erakusten eta, gertakari berriak (2015eko apirilean zezen-plazako errotulazioa gaztelera hutsean jarri izana, alegia), borondate ezaren adibide garbiak ziren.

Beste irtenbiderik ez genuela ikusita, gaia mozio bidez udaleko plenoan aurkezteko asmoa adierazi genion Udaleko Euskara Batzordeari. Honako puntuak aurkeztu genituen:

1. Dekalogoan jasotzen dena zintzoki betez, behar diren aldaketak ematea.
2. “Udalak eta biok euskaraz” izenpean 90 bat herritarrek egindako eskaerei emandako erantzunak, euskaraz bizitzeko nahia oztopatu eta, halaber, “Euskararen Dekalogoa”n jasotakoari kontra egiten diola ulertuta, erantzuna aldatu eta eskaerak aintzat hartzea.
 
Alderdi guztiak, UPN ezik oraingoan, mozioan jasotakoa babestearen alde agertu ziren.

Mozioa legealdiaren azken udalbatza izango zen horretan landu ahal izateko, beharrezko urratsak bete genituen, udaletxean istantzia garaiz aurkeztuz. Hala ere, moziorako dokumentua ez zen alderdiengana iritsi eta, ondorioz, gaia ez zen azken plenoan landu.

Oso larria iruditzen zaigu, udalean beharrezko tramiteak egin ondoren, Udalak berak bere egin-beharra bete ez izana. Era berean, oso kezkagarria da, alderdi bakar batek ere gai honekiko ardura hartu ez izana eta, mozioa aurkeztuko genuela jakinda, prozedurari behar bezalako jarraipenik egin ez izana.

Honenbestez, eta gorago aipatu moduan, legealdi honetan euskararen normalizazio bidean urrats garrantzitsua emateko aukera galdu dela esan dezakegu. Gai garrantzitsua gelditu da itxi gabe. Horregatik, eta eskaeren sinatzaile zein euskaldunokin orohar zorretan, hurrengo legealdian lehentasunez, inolako aitzakiarik edo atzerapenik gabe, gaiari heltzea eskatzen diogu Udalean lanean arituko diren herritarron ordezkariei. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko garaia da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!