Maiatzaren 9an, "Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!"

Sarako Gaztetxeak, Olhain Ikastolak, Har Hitza elkarteak eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak auzolanean antolatu mendi-txangoa izanen da maiatzaren 9an.

Iazko ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, Herri Urratsen bezperarako plan bikaina antolatu dugu aurten ere, “Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!” lelopean. Maiatzaren 9an, Sarako Gaztetxeak, Olhain Ikastolak, Har Hitza elkarteak eta Euskal Herrian Euskarazek auzolanean deituta, Sara-Larrun-Sara mendi-irteera egingo dugu, eta ondotik musika, jatekoa, pilota partidak, herri jolasak eta kontzertuak izango dira.

Goizeko 09:00etan aterako gara Larrunera bidean Sarako herriko plazatik. Gainera iritsi ostean, 12:30ean, ekitalditxoa izango da bertan. Hamaiketakoa patxadaz hartuta beheranzko bidea egingo dugu Sararaino. 14:30etan luntxa prest izango da herriko plazan. Segidan hasiko dira musika doinu herrikoiak, herri-jolasak eta pilota partidak. Gauean, Urrats gaua izanen da Gaztetxean indarrak gorde dituzten euskaltzaleendako, eta KALERA, DAMA eta ITZIARREN SEMEAK taldeek kontzertua eskainiko dute.

Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!

Muga ororen gainetik euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu beste behin ere Larrun gainetik. Euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diogula adieraziko dugu, muga, zailtasun eta oztopo guzien gainetik. Ez dira gutxi euskaraz bizitzeko egunerokoan topatzen ditugun sasiak. Ez dago sobera bilatu beharrik euskaraz bizitzeko bidean ditugun hormak atzemateko. Adibideak nonahi ditugu, eta ez dira aspaldikoak, gaurkotasun bizikoak baizik.

1850eko Falloux legearen gerizan, gaur ari dira ikastolen aurrerabidea urratzen. Gaur bertan, ezin ditugu ikasketak euskaraz bukatu, edota Baxoa euskaraz pasatzea ezinezko bihurtzen digute, beste adibide andanaren artean. Gaur, oraindik orain, gure herrietako paisai linguistikoan erdara da nagusi. Gaur, eta bihar, epe motzean ere tamalez, herritarron hizkuntza eskubideen bermatzaile beharko luketen administrazio publikoak eskubide horien urratzaile nagusiak izaten jarraituko dute. Eta gero esango digute euskaraz bizitzeko dugun ezintasuna, euskaldunon problema, alegia, euskaldunok ez dugula euskaraz egiten dela.

Bai, alor horretako erronka ere itzela da, eta horregatik jarraitzen dugu egunez egun euskararen alde lanean, irribarrea jantzita, kemena lagun euskaraz bizitzeko nahiari hauspoa ematen, euskaldun izatearen harrotasuna hedatzen eta espaloitik ez jaisteko hautuari eusten.

Mugak ditugu, bai, nonahi eta ez gutxi. Baina legedi arrotzek eta gutxiagotze estrategiek ezin dute makurrarazi gogoa, eta euskaraz bizitzeko autodeterminazio ariketa indibidual eta kolektiboa egiten badugu bidea eginez jarraituko dugu, pausoz pauso aurrerabidean, helmugara iritsi arte. Tontorrari begiratu nahi diogu, ez geure oinetako lokatzari. Bagara nor

Alde egotea ez baita aski, gurekin batera euskararen alde egotetik euskararen alde egitera mugiarazi nahi ditugu herritarrak, norbanakoak eta taldeak, enpresak, elkarteak eta erakundeak, erdaldun, euskaldun eta euskaltzaleak. Euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, elkar ezagutzeko edo dena delakorako nahi, behar edo balio digulako… “Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!