Pasa dira hilabete batzuk (bost hain zuzen) iazko azaroaren 9an, Maritzuli konpainiak gonbidatuta, Miarritzeko San Martinen ezpata-dantzan aritu ginenetik. Iñaki Zugastiren argazki ederrak probestuta, egun hartako kronikatxoa hona.
Zenbait asteburu lehenago gure ezpata-dantzari lanak ikasten aritu eta gero, azaroaren 8an abiatu ginen Iruñetik Miarritzera, bertako kaleetan barna azken entsaio orokor bat egiteko. Azken proba horren arabera, ez zen samurra biharamunean zain genuena. Ibilbide polit bezain luze eta gora-beheratsua.
Azaroaren 9a euritsu esnatu zen baina horrek ez zituen ezpata-dantzariak kikildu. Iruñetik 8 lagun izan ginen deituak: Iñaki Sagardoi, Itxaso Martinez, Aitor Arana, Hasier Moreno, Julen Fagoaga, Aritz Ibañez, Amaia Visus eta Leire Leza. Batzuk besteak baino sasoikoago arropak jantzi eta Claude eta Jon dantza-maisuen azken oharrak entzun genituen Gare du Midi antzokiko atari dotorean.
Hortik, pareko lorategira ezpata-dantzari hasiera ematera. Han abiatu ginen 37 ezpata-dantzariak eta 24 arku-dantzari gaztetxoak. Hainbat karrika eta plaza gurutzatu genuen horrela: batean nagusiek dantzatu, bestean haurrek, hurrengoan denek... kantatzea ere tokatu zitzaigun, heldu eta gazteek lotura aldarrikatuz: Ezpata esku batean ta gure geroa bestean... Berriz ere hasierako lorategian amaitu genuen itzulia, Azkaindarrak dantzatuz, Koldo Zabala eta Joseba Juarez zendu berrien omenez.
Dantzatu ondoreneko tortila-patataz eta pastel goxoz osatutako indar berreskuraketaren ondotik, San Martinen ezpata-dantzarion kofradiaren liburua irakurtzeari ekin zion Jon Iruretagoienak. Bertan gure 8 dantzariak kofradiako kide izendatzeaz gain, ezpata-dantzari batendako oparirik ederrena egin ziguten: ezpata bat!
San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantzariok beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu bihotz-bihotzetik San Martinen ezpata-dantzariei eta Maritzuli konpainiako antolatzaileei, horrelako egun eder batetan parte hartzera gonbidatzeagatik eta haien kofrade-kide izendatuak izateko ohoreagatik!
Aurten ere, dantzan edo ikusle, bertan izatea espero dugu!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.