2009 San Ferminen kronika

Erabiltzailearen aurpegia Iruñeko dantzariak 2009ko ira. 1a, 12:35

Iruñeko San Fermin festak dira gure taldearendako urteko egunik berezienak. Hiriko festetan dantzatzeak zentzua ematen diolako gure jardunari eta bereziak dira egun horietako emanaldiak. Iruñean esistitzen den dantzari buruzko lehen erreferentzia idatzia 1556koa da, udalak San Ferminetako prozesioan parte hartzeagatik dantzari talde bati egindako ordainketa da. Ordutik dantzarien erreferentziak geroz eta gehiago eta zehatzagoak dira XX. mendera heldu arte. Gu duela 500 urteko dantzari haien oinordeko sentitzen gara.

San Fermin bezperako emanaldia

Uztailaren 6an dantza emanaldia egiten dugu Iruñea eta Iruñerriko dantza talde guztiok elkarrekin, Foruen plazan. Halako Iruñeko dantzari-egun bat edo. Errepertorioa erabaki eta denok dantzatzen ditugu dantza berak aldi berean. Aurtengorako hautatutako dantzak hauek izan ziren:

  • Jaurrietako Axuri-beltza
  • Luzaideko inauterietako dantzak
  • Lizarrako Larrain-dantza










Uztailak 7, San Fermin

Batzuk besteek baino atseden gehiago hartuta, entzierroa telebistaz ikusteko geratu ginen Nabarreriako lokalean.

Egun luzea izaten da zazpikoa. Prozesioa 10etan hasten da. Udal plazatik katedralera igotzen da Udal korporazioa, katedraleko kabildoa hartzera. Katedraletik San Lorenzoko elizara, han egiten baitu lo San Ferminek. Santu apokrifoaren irudia kalera atera eta orduan hasten da berez prozesioa. Alde zaharreko hiru burgoetatik (San Zernin, San Nikolas eta Nabarreria) pasiatzen da santua. Jotak, alboradak eta Agur-jaunak abesten dizkiote eta ondoren meza izaten da. Guretzat hamaiketakoaren orduan, indarrak pilatu behar baitira berriz. Bueltako bideari ekiten diogu horren ostean, udal txistularien doinura dantzan. San Lorenzotik katedralera eta katedraletik udaletxera buelta. Orduan dantzatzen dugu 5 orduko jardunaren ostean.

Aurten, Luzaideko jauzi eta kontra-dantzak egin genituen. Prozesioan Julen Fagoaga izan zen buruzagia eta Iñigo Gartzia egin zituen banderari lanak.





Astean zehar

Bestelako zeregin eta zitak ere izan genituen aste osoan zehar. Esaterako uztailaren 8an haurren egunean, eguerdian, Gazteluko plazan dantzatu zuten taldeko txikiek. Hurrengo egunean erraldoi eta kilikien konpartsak bisita egin zigun eta baltsa dantzatu ziguten erraldoiek Nabarreriako lokaleko atarian. Trukean, meloi freskoa eman genien freskatu zitezen. Uztailaren 10ean taldearen eguneko bazkaria egin genuen eta 70 bat dantzari, dantzari-ohi eta musikari elkartu ginen, giro ederrean.

Zortziurrena

Eta ia konturatu gabe festen azkeneko egunera heldu ginen, erdi deprimituta, baina amaitzeko gogoz ere bai. Egun horretan ere prozesio modukoa egiten da, baina ez da santurik ateratzen kalera. 7koa baino askoz motzagoa izaten da, hartara. Zortziurrenean Joseba Lorenzo izan zen buruzagi eta Mikel Garaikoetxeak egin zituen banderari lanak.

Prozesioaren ondoren, emanaldia izaten da udal plazan. Pamplonesa musika bandak jo egiten du, eta erraldoiek eta guk, dantzatu.

Bada pieza bat denok elkarrekin egiten duguna. Jota bat da: "La Dominguera". Pamplonesa musika bandako zuzendari izandako Silvano Cervantes-ek idatzi zuen eta San Ferminetako doinu ezagunenetakoa da. Erraldoiak hasten dira dantzan jota erritmoan eta musika moteltzerakoan taldeko neskek baltsa dantzatzen dute Kilikiekin batera.

Aurten dantzan aritu ziren: Leire Leza, Edurne Irigoien, Amaia Irigoien, Maitane Monente, Ainara Ranera eta Amaia Visus.

Horren ondotik, eta arropaz azkar-azkar aldatuta, azken urteotan bezala,  Lizarrako Larrain-dantza dantzatu genuen Iruñeko gaiteroen doinupean.








Gutxiago falta da!!!!


Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!