Badira egun batzuk iruindarron urtean bitan zatitzen duten festak amaitu zirela eta indarrak berreskuratu ditugun heinean, horien berri emanen dugu hurrengo lerrootan.
Uztailak 6. Iruñerriko dantza talde guztion emanaldia Foruen plazan
Urtero bezala, Foruen plazako emanaldiarekin eman genion hasiera festei. Talde guztiek Agintariena egin ostean, neskek Ziekoko dantzak egin zituzten, mutilek Gipuzkoako uztai-txikiena eta brokel-makilena eta denok elkarrekin Zangozako jota. Ondotik, Larrain-dantza irekia jo zuten gaiteroek nahi zuen guztiak dantza zezan.
Uztailak 7, San Fermin
Jaiak gogoz hartzen ditugu eta gogorra izaten da 6tik 7rako transizioa. Goizean-goiz, entzierroaren orduan-edo, geratzen gara arropaz aldatzeko eta normalean, dantzariak fresko samar agertzen dira. Uztailaren 7an Aritz Ibañez izan zen buruzagia eta Iñaki Sagardoi bandedaria. Prozesioa goizeko 10:30etan hasi eta 14:30ak inguruan bukatu genuen. Ibili ostean, dantzatzeko garaia ere heldu zitzaigun. Aurten Argia dantzari taldeko maisuekin errepasoa eman genion Iribasko ingurutxoari eta zenbait aldaketa egin genituen eta horixe plazaratu genuen uztailaren 7ko eguerdian, udal plazan.
Uztailak 10, Iruñeko erraldoiak gurean dantzan
Benetako ohorea da guretako urtero-urtero Iruñeko erraldoi eta kilikien konpartsaren bisita jasotzea. Aurten, uztailaren 10ean egin ziguten bisita, hain zuzen ere konpartsaren egunean eta gure egoitzako atean egin zuten dantzan. Trukean meloi eta edari freskoak atera genizkien, egarria baretzeko. Erraldoien eta buruhandien konpartsak 150. urteurrena egiten du aurten eta hemendik zorionik beroena opa nahi dizkiogu!
Eta ia konturatu gabe, eta kasik gogo apur batekin ere bai, heldu zen uztailaren 14a, San Ferminen zortziurrenaren eguna. Berriz ere prozesioan parte hartu genuen (eskerrak 7koa baino azkoz motzagoa den). Hasier Moreno izan zen buruzagia honako honetan eta Iñigo Gartzia banderaria.
Prozesioaren ostean 6 dantzarik kilikiekin dantzatu zuten "La Dominguera": Leire Leza, Amaia Irigoien, Ainara Ranera, Izaskun Arriaran, Rakel Gartzia eta Itziar Perez-ek.
Ondotik, ohi dugunez, Larrain-dantza egin genuen Iruñeko gaiteroen doinuek lagunduta.
Taldeari dagozkion lan hauetaz gain, erraldoiak dantzatzen, erraldoiek dantza dezaten musika jartzen (gaitak, txistuak eta danborrak), uztailaren 7an bertan behera geratutako txistu eta gaita dantzaldi inprobisatuan jotzen, txistulari alardean dantzan eta jotzen... aritu dira taldeko zenbait dantzari eta musikari.
Txirrin-txanketan min dugu hanketan. Sendatuko zaigu heldu den urteko San Ferminetan!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.