Heldu den igandean, azaroak 30, Euskarak 365 egun ekitaldia eginen dute Iruñean, euskararen eguna ospatzeko. Iruñeko Karrikiri, Zaldiko Maldiko, Txantreako Biltoki, Atarrabiako Karrikaluze, Berriozarko Zorroka elkarteak eta Euskalerria Irratia dira ekitaldiaren antolatzaile. Zerbait xumea izanen da: Manifestuaren irakurketa eta soka-dantza. Ekitaldi xumea, baina guretako garrantzitsua. Gisa honetako ekitaldi baten erdian, plater nagusi gisa, dantza txertatzea... zer esanen dizeugu ba, ez gaude ohituta. Aukera bikaina dugu beraz, Iruñeko euskaldunok, elkarri eskutik helduta, hiriaren bihotzea "Gu ere hemen gaude" dantzan esateko!
Hau izanen da igandeko programa zehatz-mehatz:
Manifestua irakurtzea (Aitor Etxarte) / Soka-dantza (kantatua, Dugunako musikarien laguntzarekin)
San Fermin Aldapakoaren egunean dantzatu ohi dugun soka-dantza dantzatuko dugu beraz, nahi dugun lagun guztiok. Dantza irekia izanen dela, alegia. Julio Soto bertsolariak, bertso berriak atondu ditu egun honetarako. Hauexek (Xenpelarren "Iya guriak egin du" doinuarekin kantatzekoak):
1) Mundu hau da guztiona
kolorea dariona (bis)
Hizkuntza mundu zati
berezia den bati
zentzu emanten diona (bis)
2) Nafarroan buruz-buru
Iruñea hiriburu (bis)
Pozez, alaitasunez
eta askatasunez
euskara bizi nahi dugu! (bis)
3) Ahaztu gabe atzo, gero
guk gaur nahi dugu hitz bero (bis)
Aupa! Mingainak blaitu!
Euskarak behar gaitu
egunero-egunero (bis)
4) Lantokian, mahai bueltan
asteroko erosketan (bis)
Indartzeko gehiago
handitasuna dago
une txiki horietan (bis)
5) Ale txiki bat eskatzen
handiagoa eskaintzen (bis)
Izateko desioz
jarraitu ilusioz
kaleak koloreztatzen (bis)
6) Bakoitzak bere esparruan
txingurriaren larruan (bis)
Amets egin, aritu
borrokatu, sentitu
bihotza mingain barruan (bis)
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.