Hara, Olentzero!!!!

Erabiltzailearen aurpegia Iruñeko dantzariak 2014ko abe. 24a, 16:55

Asko idatzi da azkenaldian (eta aspaldixeago ere) Olentzentzeroren papa-noelizazioaz. Ederki azaldu du Oier Araolazak 1950. hamarkadan Iruñean Lesakako Olentzeroren eredua txertatu zutenetik, ikazkinaren irudiak nolako hedapena eta garapena izan duen Euskal Herri osoan, gaur egun arte. Azalpen luze bat baino, agian irudi bat argigarri.

Olentzero garapena

Olentzero Lesakan ospatzen zuten, baina baita Orantzaro, Orantzago, Gomezago, Onentzaro, Leitzan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen ere, besteak-beste. Etxez-etxeko puska-biltzetan laguntzeko panpin zarpaila izaten zen (sutara botatzeko enborra ez zenean), haurren erakarmena eta beldurra neurri berean pizten zituena... Geroztik haurrei begira jarri dugu Olentzero zaharra, opariak banatzen eta biguntzen, biguntzen, biguntzen...

Eta noski, festa haurrentzat eraldatzeak politikoki zuzena denaren garaipena ekarri du: Olentzero ez da gehiago entendimentu gabia, eta bai entendimenduz jantzia, hortzetan zuen piparen arrastorik ez dago jada eta merendatzeko botila ardo hori hustu diogu. Dagoeneko ez da gaixto, ez da beldurgarri...

Eta politikoki izate horretan azken urratsa Mari-Domingiren agerpena izan zen duela jada 20 bat urte. Mari-Domingik berez ez du Olentzerorekin deus ikustekorik, eguberri kanta batean agertzen den izen bat da. 1990ko hamarkadan Donostiko Bagera Elkarteak, ikastetxeetan euskara sustatzeko kanpaina abiatu eta Olentzeroren aldamenean jarri zuen Mari-Domingi, genero berdintasunaren izenean. Geroago, Ikastolen elkarteak eta Elkarrek sortutako Urtxintxa metodoan Mitxel Muruak idatzitako "Mari Domingi eta Olentzero" ipuina argitaratu zen eta ordutik heldu da Mari-Domingiren hedapen handi hori.

Baina Araolazak dioenez, berdintasunaren izenean egindako guztia ez da berdintasunarentzat mesedegarri gertatzen. Hasteko, Olentzerori bikotea asmatu diogun unean bertan, eta oraindik nagusi den heteronormaren arabera, Olentzeroren beraren genero marka finkatu dugu, hau da Olentzero = gizona. Hori gutxi balitz, Mari-Domingiri eman izan zaion papera bigarren mailakoa izan da: Olentzeroren laguntzaile, oparien biltzaile, neska mutu, aurpegi estaliarekin, erratza eskuan, Olentzeroren ondoan, bigarren planoan, erdi ezkutuan...



Hori al da, genero berdintasunaren izenean bada ere, haurrek emakumeari buruz jasotzea nahi dugun irudia?

Arestian aipatu dugu Lesakako Olentzeroren eredua izan dela, Iruñetik abiatu eta Euskal Herri osora zabaldu dena. Baina badira beste eredu batzuk eta aipatzen ari garen generoaren zio honetarako dezente egokiagoak. Leitzako Orantzaro, adibidez. Bertan, etxe bakoitzeko panpin bat egiten zuten (eta dute), ez beti ikazkin eta bai arrantzale, dantzari, edo beste. Ez beti gizon eta bai emazte.

 



Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?

Idea hori buruan, azken 2 asteak eman ditugu gure taldean Olentzero prestatzen. Olentzero emakume bat, Leitzako ereduari tiraka. Atzo arratsean karrikaratu genuen Iruñean. Bitxia eta polita izan zen irudia Arrotxapetik alde zaharrera igotzen genuenean nola hainbat umek, irudia ikusterakoan "Hara, Olentzero!" esaten zuten, natural-natural. Beste batzuek "Olentzera" deitu zioten (noiz ikasiko dugu Olentzeroren azkeneko "o" hori ez dela genero marka bat?) eta beste batzuek "Ikusi, Mari-Domingi!". Gu lehenengoekin geratuko gara :).

Euskal Herriko Mari-Domingi guztiei gonbitea: Izan zaitezte Olentzero bera!

 

20141223_22432820141223_22523720141223_224543

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!