Hitzordu bikoitza du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak asteburuan. Larunbatean, urriak 9, Tafallak jasoko du final-laurdenetako saioa, eta igandean, urriak 10, Zangozaren txanda izango da. Azken honetan, gainera, lehen aldiz egingo da txapelketako saio bat. 17:30ean hasiko dira bi final-laurdenak. Seina bertsolari ariko dira bakoitzean, eta bi saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetarako sailkapena. Gainerakoek, final-laurdenen fase osoa bukatu bitarte itxaron beharko dute.
Tafallakoa herriko Alde Zaharreko Kultur Etxean izango da, larunbatean, urriak 9, 17:30ean. Han izango dira kantuan Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman. Ander Aranburu Arriola ariko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, online, www.bertsosarrerak.eus atarian.
Zangozan, aldiz, igandean jokatuko da final-laurdenetako faseko saioa. Karmengo Auditorioan izango da, 17:30ean. Bertan ariko dira Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien. Gai-jartzaile Zigor Gartzia "Zian" ariko da. Sarrerak ondorengo loturan eskuratu daitezke.
Bi saioen ondotik, final-laurdenetako saio bakarra geldituko da jokatzeke, Doneztebekoa hain zuzen ere, urriaren 16an. Orduan zehaztuko da txapelketako finalaurrekoen fasean ariko direnen zerrenda. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.