Hiru saiok emango diote hasiera 2020ko Bardoak taldekako txapelketari

Aurtengo Bardoak txapelketaren aurkezpena (Irudia: Bertsozaleen Elkartea)
Larraungo Etxarrin, Iruñeko Txantrea auzoan eta Iturmendin izango dira taldekako txapelketako lehen hiru saioak, gaur bertan. Beste bi saio gehiago ere izango dira Bardoen lehenbiziko asteburuan, Erron eta Beran.

Gaur abiatuko da 2020ko Bardoak, Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. Hiru saiok emango diote hasiera egitasmoari; hain zuzen ere, Larraungo Etxarrin, Iruñeko Txantrea auzoan eta Iturmendin jokatuko dira lehen hiru saio horiek. 

Lehenbizikoan, Etxarrin egingo denean, Larraun da Araitz. Bi dozena etxeko taldea eta Ipar Haizea Barañaingoa izango dira parez pare. Etxarriko dantzalekuan izango da saioa, 19:00etan hasita, 5 euroko sarrerarekin. Saioaren ostean merendua eskainiko zaie bertaratutakoei.

Txantrean 19:30etan izango da saioa, Euskaldunon Biltokian, 5 euroko sarrerarekin hemen ere bai. Kasu honetan, Barañaingo Hego haizea taldea (etxeko gisa) eta Lizarrako bardeak taldeak izango dira kantuan. Saioa amaituta, luntxa izango da aretoan bertan.

Iturmendikoa izango da eguneko hirugarren eta azken saioa. 21:30etan hasiko da, Sakanako herri horretako gaztetxean, 3 euroko sarrerarekin. Bertan etxeko Sakaña eta Iruñeko Drimtin taldeak ariko dira nor baino nor.

Beste bi saio asteburuan

Aurreko hiruak ez dira izango asteburuko saio bakarrak. Bihar, Erron, eskualdeko Pirini Bardo eta Lesakako Arranopola taldeak ariko dira bertsotan, Erroko-Etxea elkartean izango den saioan, 18:00etan hasita. Saioa bukatuta, otordua emango zaie parte hartzaile eta entzuleei. 5 euroko sarrera izango du ekitaldiak.

Igandean, azkenik, bertso saioa izango da Berako Kataku Ostatuan, 18:00etatik aurrera. Etxeko Lamixene eta Auritz, Hendaia eta Lesakako partaideekin osatutako Amortziaren eliobak taldea izango dira parez pare, kantuan. Sarrera librea du saioak, baina borondatea emateko aukera izango da.

Otsailaren 14ra arte luzatuko da lehen fasea, eta bertan, bina saiotan kantatuko du talde bakoitzak, multzo bereko beste bi taldeen aurka. Lehen fasetik sei talde sailkatuko dira finalaurrekoetara. Hemen kontsultatu daiteke txapelketaren egitura.

Guztira, 13 talde eta 96 parte hartzaile ariko dira Bardoetan, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketan. Finala martxoaren 28an jokatuko da, Lizarran.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!