Zortzi buru txapel bakar batentzat

Gaur, 17:00etatik aurrera, Elizondoko pilotalekuan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako final handia. Argazkian, Oskar Estanga finalistaren 'burua' falta da.

Final handiko zortzikotea prest dago: Julio Soto (Gorriti, 1987), Xabier Terreros (Lesaka, 1981), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Aimar Karrika (Auritz, 1988), Ander Fuentes “Itturri” (Zubieta, 1979), Eneko Fernandez (Lesaka, 1977), Oskar Estanga (Gaintza, 1978) eta Julen Zelaieta (Bera, 1980).  Haien artetik aterako da Nafarroako txapeldun berria, 2013an Xabier Silveirak eskuratu baitzuen txapela.

Guztira 33 bertsolari izan ziren txapelketa hasi zutenak eta finalera bitarteko 9 saioetan lehian aritu direnak: 2014ko abenduan kanporaketa fasea jokatu ondotik, otsailaren 7tik martxoaren 15era bitarte 5 final-laurden eta 3 finalaurreko jokatu dira.

16:00etan zabalduko dituzte pilotalekuko ateak

Finala arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta Elizondoko pilotalekuko ateak ordubete lehenago irekiko dira, 16:00etan.

Txarteldegiak, berriz, arratsaldeko 15:00etatik aurrera egonen dira zabalik pilotalekuan bertan.  Eserleku kopurua mugatua da, beraz sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatzen da. Horretarako internet bidez eskuratu daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian edo ondorengo salmenta puntuetan: Elizondo (Fantxike eta Intza), Iruñea (Karrikiri), Leitza (Maimur), Lesaka (okindegia), Lekunberri (Lanbroa) eta Etxarri Aranatz (Xapatero).

Bertsoa.eus atariak eta Xorroxinek zuzenean eskainiko dute

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak jarraipen zabala izango du, idatzizko prentsa, irrati, internet atari eta telebistak bilduz. Honela, www.bertsoa.com interneteko atariak zein Xorroxin irratiak zuzeneko emisioa eginen dute. Horrez gain, igandean ETBren lehen kateak finalaren laburpen zabala eskainiko du 15:00etatik aurrera.

Juanjo Atxak jarriko dio txapela irabazleari

Juanjo Atxa almandoztarra izango da txapeldunari txapela jantziko dioena. Baztan ikastolako irakasle izanik, urte luzeetan zehar eskola orduetan bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean eginiko lan isil eta etengabea nabarmendu nahi du horrela Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ekimen pertsonal horri esker milaka gaztek bertsolaritzarekiko lehen ezagupenak Juanjoren bitartez jaso dituzte eta bailaran egindako lan handia eskertu asmoz, berak jantziko dio txapela 42.edizio honetako txapeldunari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!