Pello Argiñarena: «Ziurra da irratia kalitate onarekin iritsiko dela 5-10 kilometro inguruan»

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Urkizu 2016ko ots. 5a, 10:00

Argazkia: Pello Argiñarena 'Metropoli Foraleko' esataria. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

'Metropoli forala' irratsaioa aurkezten du Argiñarenak egunero, Juan Kruz Lakastarekin batera, 09:00etatik 11:00etara. Hemendik aste batzuetara, Nafar Telebistak saioa telebistaz ere emango du goizero.

Berria egunkariaren webgunetik ekarritako elkarrizketa.

Hogei urte joan dira Pello Argiñarena (Iruñea, 1966) Euskalerria Irratian esatari hasi zenetik. Urteen erdiak arratsaldeko magazinean egin ditu, eta beste erdiak, goizekoan. Nahiz eta euskarazko irratiak lizentzia lortu duen, komunitatearen eta herritarren laguntza «beharrezkoa» dutela ohartarazi du.

Lizentziadunak zarete dagoeneko. Zerbaitetan aldatu du horrek zuen egunerokoa?

Egunerokoa ez. Gauzak berdin-berdin egiten jarraitzen dugu, eta programazioa ez dugu aldatu. Publizitatean ikusten dugu aldaketa nabaria, erakunde publikoen publizitate gehiago jasotzen baitugu orain. Nabarmena da Iruñeko Udalaren informazioa beste irratien neurri berean jasotzen dugula. Nafarroako Gobernuaren publizitatea ere pixkanaka sartzen ari da, neurri txikiago batean. Fisikoki, bestalde, estudioa berritu egin dugu, eta kolore pixka bat eman diogu.

FMko 98.3 frekuentzian emitituko duzue laster.

Bai, horretara pasatuko gara epe laburrean. Egun, dial horretan Opus Deiren unibertsitatearen irratia dago, baina agindua jasoa dute dial horretatik ateratzeko.

Antena kontuekin ere izango duzue aldaketarik, ezta?

Orain arte, Erreniegan genuen antena, eta, hemendik aste gutxira, Ezkaba mendira pasatuko gara antena paratzera. Horrek segurtasun teknikoa emanen digu. Lehen itzalgune batzuk baziren, eta eraso teknikoak ere jaso izan ditugu. Ziurra da aurrerantzean kalitate onarekin iritsiko garela 5-10 kilometro ingurura.

Irailean iragarri zenuten Metropoli forala irratsaioa Nafar Telebistak emango duela. Noiztik aurrera?

Martxoa iritsi baino lehen hastea espero dugu. Formatua ez da oso arrunta, irratsaioa telebistaz ikusiko baita. Badira halako esperientzia batzuk, dena den. Bi kamera txiki jarriko dira estudioan.

Egiten dituzuen keinuekin tentuz ibili beharko duzue.

Bai, eta makillatu beharko dugu. Beste tentsio txiki bat sortuko digu telebistakoak. Esatariok harreman ona dugu Igor Eskudero teknikariarekin; keinu txarrik ez da izaten. Baina formak gehiago gorde beharko ditugu. Formalago ibili beharko dugu, nahiz eta ez dugun ezer berezirik eginen.

Aipatu dituzun publizitate kontuez aparte, zertan sumatu dituzue Nafarroako erakunde publikoetan izan diren aldaketa politikoak?

Guretzat aldaketa handia izan da ez dugula inoiz halako aukerarik izan hainbeste pertsona kargudun elkarrizketatzeko, goi karguetan dauden asko euskaldunak baitira orain. Agenda euskalduna asko zabaldu da. Aldaketa politikoari dagokionez, orain arte gehiago keinuak izan dira benetako aldaketa sakonak baino. Erakustea beste modu batera egiten ari direla gauzak. Sakoneko aldaketak denborarekin ikusiko ditugu, hamarkadetako stablishment-ak hor jarraitzen duelako.

Iaz apustu handia egin zenuten Interneten, atari berriarekin. Zer moduz doa Euskalerriairratia.eus?

Are gehiago indartu dugu, gure langile bat jarri baitugu bere osotasunean ataria kudeatzen: Saioa Alkaiza. Berak egiten ditu webguneko lan gehienak, eta bat-batean sortzen den informazioa idazten du. Hurrengo erronka litzateke guk erreportaje laburrak egitea propio atarirako. Komunitatea indartu nahi dugu, eta horretan urrats gehiago eginen ditugu. Jendeari ezagutarazi behar diogu, irratia izateaz gain, agerkari digitala ere bagarela.

Zein da gakoa herritarrek senti dezaten irrati batek funtsezkoa izan behar duela euren bizitzan?

Irudiaren gizarte honetan, irratiak bere tokia du. Bat-batekotasuna, beste hedabideei aurrea hartzea, laguntasuna eta goxotasuna hor daude. Eta hitza. Irratia beti izango da entzule bat eta emisore bat, eta horien artean sortzen den komunikazioa. Pasiboa izan den entzulea gehiago aktibatzea etor daiteke, sare sozialekin-eta. Gure kolaboratzaile batzuek Whatsapp bidez bidaltzen dizkigute audioak. Beste hedabide batzuekin bat egitea ere ona da, baina irratiaren funtsa galdu gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!