Euria ari du Serapio Esparza plazan. Dozena bat pertsona daude erorien monumentuaren aitzinean, zain, aretoa noiz irekiko. Aitzinean, lau udaltzain, eraikina zaintzen. 18:00etan, aretoa zabaldu dute, eta Abel Azkonaren (Madril, 1988) Desenterrados erakusketara sartu dira bisitariak. Gazte batek areto osoa zeharkatu du pauso luzeak emanez, artelanei jaramonik egin gabe, eta belauniko jarri da ostia sagaratuez osaturiko Amen obraren aurrean. Ostiarik ez dago jada —norbaitek lapurtu zituen astelehenean—, baina gazteak errezoka segitzen du, erakusketari eta errealitateari bizkarra emanda. Orduantxe heldu da Azkona. Eszena ikusita, irribarre meharra irristatu zaio ezpain ertzetik.
Nola ikusten duzu azken egunotako polemika guztia?
Saiatzen naiz egoera naturaltasunez hartzen: probokazio puntu bat duen erakusketa da hau, noski, baina nire lana beti izan da horrelakoa. Probokazioa erabiltzen dut, jendearengan erreakzio bat eragiteko. Batzuetan, erreakzio hori zentzuzkoa da; beste batzuetan, irrazionala; eta kasu bakan batzuetan, erabat neurrigabea. Subjektiboa da. Nik ez diot inori esanen nolakoa izan behar duen bere erreakzioak, adierazpen askatasunean sinesten dudalako. Fedea, etika, arau moralak... Hori guztia eztabaidagarria da, subjektiboa. Eta arteak horixe egin behar du: zirikatu. Arte garaikideak kritikoa, soziala eta politikoa izan behar du.
Asteartean jende andana bildu zen erakusketaren atarian arrosarioa errezatzeko; atzo, Iruñeko gotzainak «erreparazio meza» egin zuen katedralean...
Eta gero esanen dute ni naizela performanceak egiten dituena! Baina tira, gure gizarte arkaikoaren isla da. Batzuek ez dute konfiantza oso handirik euren fedean, antza, eta eraso pertsonal baten gisara hartzen dute edozein kritika edo probokazio. Dena den, nago protesta hauen guztien atzean sektore jakin batzuk daudela, fundamentalista eta fanatiko hauei burua berotzen.
Zeintzuk?
Bada, Opus Dei eta enparauak, alde batetik; eta eskuin politikoa, bestetik. Ez dute oraindik digeritu Iruñean eta Nafarroan gertatutako aldaketa politikoa, eta aitzakia baten bila zebiltzan, iskanbila sortzeko. Gainera, erakusketan garrantzi handirik ez duen obra bat hartu dute oinarri gisa. Izan ere, Amen pieza ez da bereziki indartsua; oso lan sinplea da, oinarrizkoa, erraza. Ez da erakusketan dagoen probokatzaileena, inondik inora. Horregatik uste dut aitzakia hutsa izan dela, udalaren kontra jotzeko. Min ematen diena, egiazki, aldaketa politikoa da.
Gainera, erakusketaren ardatz nagusia memoria historikoa da, eta ez pederastia...
Horrek ematen dit amorru handiena. Azaleratu beharreko kontua da memoria historikoarena, justizia eta ordaina eskatzen duten familia horiena... Eta lau integristak urardotu egin dute proiektu honen asmo nagusia.
Batzuen ustez, zuk zeuk ere bilatu duzu doako publizitate hori.
Hori esaten duenak ez du nire ibilbide artistikoa ezagutzen, urteak baitaramatzat halako lanak egiten. Publizitaterik ez dut behar. Ez dut harroputza izan nahi, baina Iruñeko erakusketa bukatu ostean, New Yorkera joanen naiz beste lan batzuk ikusgai paratzera; eta gerora ere, baditut hogei bat erakusketa antolatuta, 2017ra arte. Nire karrerak ez du honen beharrik, benetan. Hau anekdota hutsa da. Baina gure gizartean errotuta dagoen fundamentalismo erlijiosoa agerian uzteko balio badu, ongi etorria izan dadila.
Baina ezin duzu ukatu egoera honek min eman dizula: protestak, zentsura...
Eta ez hori bakarrik. Zenbait artelan puskatu dizkidate, eta heriotza mehatxu serioak jaso ditut. Gaur bertan, gizon bat etorri da nitaz galdezka. Atea itxita ikusita, ondoko institutura sartu da, eta tiro bat botako zidala esan die han ziren irakasleei. Udaltzainei abisua eman diegu, eta segurtasun neurriak zorroztu dituzte.
Ohituta al zaude halakoetara?
Ez. Behin, Koran bat irentsi nuen performance batean, eta heriotza mehatxuak jaso nituen, baina, horrez gainera, inoiz ez dut halakorik bizi izan. Istilu hauek nire sorterrian piztu izanak penatzen nau. Argi dago hau ez dela hiri normal bat; hau Mordor da.
Kereilarik jaso al duzu?
Oraingoz, bi jarri dizkidate, baina beste bi ere bidean omen dira. Horietako bat, Espainiako Gobernuarena. Dena den, abokatuarekin hitz egin dut, eta ez dut uste arazo handirik izanen dudanik. Ez dut deliturik egin: apaiz batek ostia sagaratu bat ematen dizunean, ez dizu esaten ahotik edo ipurtzulotik sartu behar duzun. Nik patrikan gorde nuen haren aurrean, eta ez zidan ezer esan. Dena den, honengatik kartzelara joan behar badut, pozik joanen naiz.
Nolakoa izan da Iruñeko Udalaren jarrera?
Akasgabea. Borobila.
Baina alkateak esan zuen ez zuela Amen lanaren berri, eta ulertzen zuela haserrea...
Normala da. Integristen presioek behartuta esan zuen, eta, gainera, egia da: alkateak ez du zertan nire lanen berri izan. Horretarako daude erakusketaren komisarioa eta Kultura zinegotzia. Oro har, erabateko babesa adierazi didate, eta oso pozik nago haien jarrera irekiarekin. Inork ez dezala polemika faltsurik asmatu aldaketaren aldeko alderdiak zigortzeko.