Nafarroak 250.000 euro jarriko ditu 2016an euskarazko hedabideentzat

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 23a, 10:55

Argazkia: Mikel Arregi, Patxi Baztarrika, Andoni Egaña —aurkezle— eta Bernadette Soule, atzoko saioan. Marisol Ramirez / ARP

Euskarabideko zuzendariak jakinarazi du aurrekontuetan txertatu dutela diru saila. 2011tik ez du deialdirik egin gobernuak. Euskarazko hedabideei buruz aritu dira Euskaltzaindian.

Euskarazko hedabideak bultzatzeko diru laguntzak berreskuratzera doa Nafarroako Gobernua. 250.000 euroko diru saila izango da datorren urtean, aurrekontuak onartzen badituzte. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak jakinarazi du erabakia. 2011tik ez du gisa horretako laguntza deialdirik egin gobernuak. Lantalde berriak berreskuratu egingo ditu. Halere, aitorpen bat egin du Arregik: «Ez da nahiko genukeen kopurua; gehiago beharko litzateke. Baina gobernuak ezarritako lehentasunekin, konplikatua da gehiago jartzea». Iragarri du datozen urteetarako plan estrategikoa prestatzen hasiko direla aurki, eta hor agertuko dutela hedabideen garrantzia. Diru baliabideak ere bai.

Euskaltzaindiaren Jagon jardunaldiak egin zituzten atzo Bilbon, euskarazko komunikabideak gai hartuta: Hedabideak euskararen sustapenean. Komunikabideetako eta administrazioetako kideek hartu zuten hitza, besteak beste. Nork bere esparrutik, bat etorri ziren hedabideek pisua dutela euskara biziberritzeko bidean, eta kontsumitzaile gehiagorengana iristea dela erronka, nahiz eta garai zailak izan hedabideek. Egiteko moduan eta erabaki politikoetan dago desadostasun handiena.

Administrazioko ordezkarien mahaian, hizkuntza politikari buruzko eskumenak dituzten hiru erakundeetako buruak aritu ziren: Arregiz gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari Bernadette Soule. Arregi iritsi da kargura azkena, eta hark eman zituen berritasun handienak. Azken urteetako bilakaera gordina esplikatzearekin batera —itxi egin dituzte hedabide batzuk, aurrera egin ezinda—, legealdirako asmoen berri eman zuen. Lehena izan da laguntzak berreskuratzea. Diagnosia egingo dute 2016an. Euskarabidearen plan estrategikoa ere bai: ardatzak eta diru baliabideak. Besteak beste, bi asmo iragarri zituen Arregik. Batetik, itunen bidea, laguntzak egonkortzeko; lege aldetik ari dira aukera aztertzen. Bestetik, erdarazko hedabideetan ere euskara bultzatzea, «inguru erdaldunetan oso zaila baita euskara hutsezko hedabideak egitea».

EEP ere ahalegindu da euskara gehiago sartzen irrati eta telebista publikoan, «baina ez fruitu handiekin». Soulek aitortu zuen herri ekimeneko hedabideak direla ardatza Ipar Euskal Herrian, eta hor egin nahi dutela ahalegina: besteak beste, eskaintza komertzial komuna egitea aztertzen ari dira.

Jaurlaritzaren ildoak

Azken urteetako ildoaren defentsa egin zuen Baztarrikak. Aldatu egin dituzte laguntzen puntuazio irizpideak: irismena da ardatz. «Bezeroarengana iritsi gabe kalitateak ezer gutxi balio du», adierazi zuen. «Hedabide guztiak dira garrantzizko, eraginkorrak diren neurrian». Bide horretatik, Jaurlaritzak hedabideen audientziari buruz egin duen inkesta azaldu zuen. Datu guztiak ez, hala ere: soilik bezperako irakurleenak —BERRIAren kasuan 36.600 lirateke—. Datuen argitan, hedabide batzuen irismena ikusita, Baztarrikak nabarmendu zuen «irabazi tarte handia» dutela hedabideek. Horrekin batera, beste gai bat ere aipatu zuen: pluraltasuna. «Eraginkortasuna lortzeko bide bat» hori bera da, haren arabera.

Segidako mahai inguruan, hizlari zen BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi. Hizpide hartu zituen Baztarrikaren adierazpenak. Batetik, audientziena: inkesta horretan badirela bezperakoak baino datu gehiago, eta, adibidez, asteko irakurleak 117.000tik gora dituela BERRIAk —publiko potentzialaren %17—; areago, ohartarazi zuen bezperako irakurleak kontatzean galdera egin dutela asteartean ere, nahiz eta bezperan papereko alerik ez izan BERRIAk. Irismena kontzeptuan «alde kualitatiboa» ere aintzat hartu behar dela esan zuen. Okertzat jo zuen Jaurlaritzako ordezkariek hedabideen «zabaltasuna» horrela aipatzea. Bidenabar, irabazi handiak dituzten erdal hedabideei euskaraz albiste batzuk egiteagatik pagatzearen aurka azaldu zen.

BERRIA Taldearen egoerari dagokionez, BERRIAlagunen ekarpena nabarmendu zuen: 560.000 euro baino gehiago iaz. «Oxigenoa da guretzat». Nabarmen jaitsi da publizitatea: sarreren %40 zen krisi aurretik, eta %17 orain. Internet, berriz, gora doa: «Pastilla gisako kontsumoa zabaltzen ari da. Beste batek bidalitako lotura batetik sartzen da gero eta jende gehiago, ez webgune osora».

Aurrera egiteko bidean

Berrikuntza garaia da hedabideen sektorean. Tokiko komunikabideen Tokikom elkarteko zuzendari Alaitz Artolazabalek adierazi zuen aurrera begirako ildoetan bi ildo uztartu nahi dituztela: gertukotasunari eusten jarraitzea, eta «lehiakortasuna» lantzea, hartara merkatua zabaltzeko. Aurrera egiteko abagunea sumatzen du Iñaki Guridi EITBko irratietako zuzendariordeak, inkesta soziolinguistikoak ikusita: gero eta elebidun gehiago dago. «Autoestimua landu behar dugu: maiz esan da ez garela hain onak, euskaraz egiteagatik kontsumitzen gaituztela, ez daukagula oihartzunik...».

Zailtasunak badaude, hala ere. Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktoreburuak azaldu zuen, adibidez, ez dakitela zenbat entzule dituzten, dirutza behar baita ikertzeko; «pertzepzioaren arabera» aritzen dira. Aurrera begirako erronka ugari aipatu zituen; adibidez, erreferentzialtasuna eta agenda propioa izatea. Elkarlana ere bai. Euskarazko beste hedabide batzuekin ari dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!