Eutanasia arautzeko urratsa egin du Nafarroako Legebiltzarrak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 19a, 19:42

Koldo Martinez eta Geroa Baiko parlamentariak, Barkosen inbestidura saioan./ Idoia Zabaleta, Argazki Press

Foru lege bat ontzeko galdegin dio parlamentuak Nafarroako Gobernuari, eta Zigor Kodearen moldaketa eskatu dio Madrili, "eutanasia delitu izan ez dadin". Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bat egin dute mozio osoarekin. PSNk bat egin du Espainiako legedia aldatzeko eskaerarekin, baina ez du beharrezkoa ikusten Nafarroak arau propioa sustatzea.

[Berrian ikusi]

Iragan azaroaren 2an, Nafarroako Legebiltzarreko Mahai eta Eledunen Biltzarrak lehen pausoa eman zuen, eutanasiaren aldeko mozioa tramiterako onartuta. Gaur, berriz, parlamentu osoa izan da erabakia berretsi duena, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin.

Koldo Martinez Geroa Baiko legebiltzarkideak aurkeztu du mozioa, eta bertan, eskaera bana egiten zaie Espainiako eta Nafarroako gobernuei. Zehazki, Zigor Kodearen 143. artikulua moldatzeko galdegin dio legebiltzarrak Madrili, eutanasia eta suizidio lagunduari delitu izaera kenduta, zigorgabetu ditzan. Nafarroako Gobernuari, berriz, foru lege berri bat garatzeko eskaera egin dio, "duintasunez hiltzeko eskubidea arautzeko".

UPNk hala eskatuta, mozioa puntuz puntu bozkatu dute legebiltzarkideek. Lehenbiziko puntuan (Espainiako Zigor Kodea aldatzeko eskaera), PSNren babesa ere izan dute gobernua osatzen duten taldeek. Bigarrenean, aldiz, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bakarrik eman dute aldeko botoa. PSNko Maria Txibiteren aburuz, "ez du zentzurik eutanasiari buruzko foru lege bat aurkezteak, jakin baitakigu Espainiako Gobernuak atzera botako duela".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!