Foru Gobernuak 115 milioi euro gehiago izango ditu gizarte politiketarako 2016an

Erabiltzailearen aurpegia Joxerra Senar 2015ko aza. 18a, 09:37

Argazkia: Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, artxiboko irudi batean. Idoia Zabaleta / ARP

Gobernuak 3.897 milioi euroko aurrekontua proposatu du. Gastu muga 135 milioi euro handituko da. Euskara sustatzeko laguntzak itzuliko dira, 1,5 milioi euro jarrita.

«Lan sutsua izan da, ez da batere erraza izan». Pozik azaldu zen atzo Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, 2016rako 3.897 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua onartu zuelako atzo gobernu kontseiluak. Finantza gastuak kenduta, 3.500 milioi euroko gastu muga izango du gobernuak, aurtengo aurrekontu luzatuetan baino 135 milioi euro gehiago. Baliabideen igoera horretatik 115 milioi euro gizarte politiketarako baliatuko du. Barkosen ustez, «legeen legea da» aurrekontua, gobernuaren lehentasunak azpimarratzen dituelako. Haren esanetan, 2016ko aurreproiektu horrek «gizartearen premiei erantzuten die, eta enpleguaren alde apustu egiten du».

Dokumentua Parlamentuko Foru Erregimen batzordera eta Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilura igorri zen atzo, edukia azter zezan. Oniritzia jasota, lege proiektua Parlamentura igorriko da, zuzenean, haren tramitea has dezan. Herenegun Geroa Baiko Koldo Martinezek aurreratu bezala, urtarrilaren 31rako onartzea espero du Gobernuak. Hala, urtarrilean aurrekontu luzatuekin jardungo du gobernuak.

Aurreproiektua urriaren amaierarako aurkeztea espero zuen gobernuak, baina Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeekin izandako negoziazioek atzeratu egin dute prozesua. «Nahi genukeena baino gehiago atzeratu da», onartu zuen Barkosek atzo, baina beharrezkotzat jo zuen lau alderdiek prozesuan parte hartzea. «Gobernuaren erabaki bat izan ordez, hobe da lau alderdiek prozesu honetan parte hartzea». Horrek ez du esan nahi edukia behin betikoa dela. «Ez dago erabateko akordiorik, baina aurreproiektu honekin lehen negoziazio bat egon da». Gutxieneko adostasuna lortuta, Parlamentuan jarraituko du eztabaida politikoak.

Uste baino marjina gehiago

Hasieran gobernuak kalkulatu baino 22 milioi euro gehiago izango ditu. Irailean Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politiketako kontseilariak azaldu zuen gastu muga 3.478 milioi euro izango zela 2016an, baina, azkenik, 3.500 milioi eurora igo da kopuru hori. Hartara, aurten baino 135 milioi euro gehiago (%4,02) izango ditu Gobernuak gastu publikorako. Horietatik, 114,6 milioi euro zerbitzu publikoak indartzeko izango ditu: Hezkuntza Departamentuan 27 milioi euro gehiago; Osasunean 55,5 milioi gehiago eta Gizarte Eskubideen Departamentuan 31,1 milioi gehiago.

Baliabideen hazkunde hori neurri batean zerga erreformaren ondorioz etorriko da. Azken egunetan, eskuineko alderdiek eta komunikabideek Gobernuari egotzi diote Nafarroako klase ertaina zigortuko duela erreforma horrek, eta mezu politiko horri aurre egin nahi izan zion atzo Aranburuk. «Herritarren erdiak ez du Errenta zerga pagatzen. Beste erditik, heren bati zerga jaisten zaio, beste heren bat berdin geratzen da, eta gehien duen herenari igotzen zaio. Erreforma kritikatzean, aitortu beharko litzateke gutxiengo hori defenditzen dela». Haren esanetan, erreformaren bidez, 2016an 44 milioi euro gehiago bilduko dira, eta gainerakoa hazkunde ekonomikoaren eta zeharkako zergaren bilketen ondorio izango da.

Funtzionarioen soldaten atala %6,21 handituko da datorren urtean. Batetik, Gobernuak atzo aurreratu zuenez, soldata %1 igoko zaie langile publikoei. Era berean, 2012ko aparteko sariaren %25 itzuliko zaie, eta gainontzeko laurdena 2017an ordainduko da —aurten, lehen erdia ordaintzeko konpromisoa du gobernuak—. Aranburuk atzo iradoki zuen laurden bat 2017ra atzeratzeko erabakia sindikatuekin hitzartu dela soldata %1 igotzearen truke. ELAk ohar bidez kritikatu zuen horren berririk ez duela eta bata zein bestea bi negoziazio esparru diferente direla.

Nahiz eta diru sarrerak handitu, Barkosek azpimarratu zuen aurreko gobernuak hartutako konpromisoek gobernu berriaren jarduera baldintzatzen duela. Batetik, itzalpeko bidesari bidez finantzatutako azpiegituretarako, 2016an 79,2 milioi euroko kanona ordaindu beharko du: Bideko Autobiderako 43 milioi, Pirinioetako Autobiderako 16,5 milioi euro, Nafarroako Ubidearen ureztatzerako 15,3 milioi eta ubideko lehen fasearen zabaltzeko ureztatze sistemarako 4,4 milioi. Horrez gain, zor tituluen eta kredituen interesak ordaintzeko, 104,4 milioi euro baliatu behar ditu gobernuak. Zorraren amortizaziora guztira bideratu beharreko kopururik ez zuen eman gobernuak, baina 400 milioi eurotik gertu dago.

Gizarte politikek %55

Nafarroako aurrekontuan ehun eurotik 55 gizarte politiketarako izango da. Aurrekontu handiena Osasunak izango du, 986 milioi euro. Batetik, inbertsioak %38 handituko dira: 33 milioi euro baliatuko dira Nafarroako Ospitale Guneko operazio gela berrien ekipamenduak eta mediku taldeak berritzeko, baita San Francisco Javier psikogeriatria zentroaren zaharberritze lanetarako ere. Gainera, kolon minbiziari aurre hartzeko programaren bigarren faseari ekingo zaio, eta ikerketarako zein osasun berrikuntzarako bi milioi euro bideratuko dira, aurten baino %12,5 gehiago.

Hezkuntzari dagokionez, azpiegitura beharrak erantzuteko 7,4 milioi euro inbertituko dira: Iturramako, Sarrigurengo, Buztintxuriko, Iturengo, Erronkariko, Castejongo eta Larraintzarko ikastetxe publikoetan. Testu liburuen doakotasun programarako lau milioi euro aurreikusten dira, eta zonalde euskaldunean D ereduaren zabaltzeari erantzuteko diru sail bat aurreikusi da.

Gizarte laguntzek hazkunde handiagoa izango dute. Gobernuak azpimarratu duenez, Gizarteratzeko Errentaren eta premiazko laguntzen beharrak asetzeko 58,5 milioi euroko aurrekontua jaso du, UPNk aurreikusi baino %63,2 gehiago. Gainera, larrialdirako laguntza berriak emango dira (bi milioi euro), babeseko enplegu sozialerako 6 milioi euro inbertituko dira eta gizarte zerbitzuen oinarrizko arreta hobetzeko 13,7 milioi euro jarriko dira. Horrekin batera, etxebizitza publikoen alokairuko laguntzak %14 igoko dira eta garapenerako lankidetza 4,3 milioi eurora arte handituko dira.

Euskararentzako laguntzak ere handituko dira. UPNren gobernuak komunikabideentzako, euskaltegientzako eta udal teknikarientzako laguntza deialdiak kendu zituen. Gobernu berriak aurrekontu sail horiek berreskuratu ditu, eta euskararen sustapenerako aurrekontua 1,5 milioi eurotan handituko dela zehaztu du.

Horrekin batera, Barkosek nabarmendu zuen enplegua sortzeko jarduera ekonomikoaren aldeko neurriak hartuko dituztela. Batetik, ekonomia bultzatzeko 28 milioi euro inbertituko dira: besteak beste, industria inbertsioen laguntzak 24,5 milioi eurorenak izango dira, eta langabezia handiko eskualdeen berrindustrializaziorako milioi bat euro jarriko dira. Bestetik, ikerketa eta garapena indartu nahi da. Laguntzak 8 milioi euro handituko dira, eta teknologia zentroek beste zortzi milioi euro izango dituzte.

Euskal Y-rekin konexioa

Gobernu berriak Iruñetik Castejonerako AHTa finantzatzeko dirua eten du. «Espainiako Gobernuak Castejondik Zaragozarako konexioa etetea erabaki du, eta atzera egiten ez duen bitartean dirua botatzea da», aipatu zuen Barkosek. Iruñea Euskal Y-rekin lotzeko obren diseinua egiteko asmoa du gobernuak.

Estatuari 2016an ordaindu beharreko ekarpena, berriz, «10 milioi euro inguru» handituko da Aranbururen esanetan. Dena den, ez da behin betiko zifra. Hurrengo gobernuarekin bost urterako ekarpenaren kalkulua negoziatu behar du Nafarroak, eta, hori hitzartzen ez den bitartean, kopurua ez da finkatuko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!