Erdarazko 738 irakasle 'sobra' dira

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 12a, 09:46

Argazkia: Jose Iribas Hezkuntza kontseilari ohia, ingelesezkosistemari buruzko agerraldi batean. Jesus Diges

PAI ingeles plana hedatzeak Nafarroan gaztelaniazko irakasle soberakina sortu du, gobernuaren arabera. Oinarri hori du hezkuntzako lan eskaintzak. Auzia parlamentuan eztabaidatuko dute gaur

Polemika kutsutan ageri da berriro euskarazko irakaskuntza. Lan eskaintza publikoa izan da orain motiboa: aurreko urteetako joeraren aurka, irakasle elebidunentzat gorde dituzte plaza gehienak —%70—, ez erdaldunentzat. Berritasuna da. Baina oinarri teknikoa du, eta ez gobernu berriak sortua: aurreko gobernuen erabakiek eragin dute, batik bat PAI ingelesez ikasteko programak. Datu ofizialen arabera, PAI programak erdarazko 738 irakasle utzi ditu sobran. Parlamentura iritsiko da gaur lan eskaintzaren ika-mika.

NONDIK DATOR 'DESOREKA'?

Desoreka aipatu dute lan eskaintzaren aurka agertu diren alderdiek eta sindikatuek. Aurreko urteetako lan eskaintzetan, gaztelaniazko postuak izan dira beti %60 baino gehiago. Baina, aldi berean, aurreko Hezkuntza Departamentuak aldaketa handiak ezarri zituen eskoletan, batez ere G eta A eredu erdaldunak dituztenetan: %80 PAI sisteman daude, eta, beraz, eskola batzuk ingelesez ematen dituzte. Desoreka: gaztelaniazko plazak atera, nahiz eta irakasle horien ikastetxeetan PAI gero eta hedatuago egon eta ingelesa dakiten irakasleak behar izan.

AURREKOEK BAZEKITEN?

Bai. Gobernuak azaldu du 2013ko barne txosten batean ohartarazia zutela zer gertatuko zen. Ingelesa zekiten irakasleak topatzeko arazo handiak izan zituen aurreko departamentuak. Hasieran, C1 maila eskatu zuen PAIn aritzeko —Advanced titulua—, baina gero B2ra jaitsi zuen eskaria —First titulua—. Behin-behineko kontratua duten irakasleek bete dituzte postu horietako asko, finkoen artean ezin osatuta. Sindikatuak ari ziren kezka azaltzen —lan eskaintza kritikatu dutenak ere bai—, zer gertatuko ote zen ingeles titulurik ez daukaten irakasleekin —erdaldun elebakarrak dira gehienak—.

ZER DATU DITU GOBERNUAK?

2022 arteko iragarpena egin du Hezkuntza Departamentuak. Haren arabera, gaztelaniazko adarretako 738 postu sobran egongo dira ordurako; Haur Hezkuntzako eta ingeleseko espezialitateetako postuak. Lehen Hezkuntzan, berriz, 720 postu leudeke faltan, eta hara bideratuko lituzkete aurreko 738 lanpostuak. Datu horien argitan, ez litzateke bideragarria postu gehiago ateratzea, jadanik lanpostua duten irakasleak bideratzeko arazoak dituzte eta.

INGELESA ESKATUZ GERO?

Lan deialdiari begira, beste aukera bat zen gaztelaniazko postuak ateratzea ingelesezko eskakizunarekin —hori zen UPNren asmoa—. PAIko irakasleen behin-behinekotasun handia arinduko luke hein batean; 150 postu izan zitezkeen, gobernuaren arabera. Aukera hori, legez, ezinezkoa da: Espainiako arauek ez dute onartzen irakasleen lan eskaintzetan ofizialak ez diren hizkuntzak derrigor eskatzea. Aurreko gobernuak iragarri zuen ari zela negoziatzen Madrilekin. Emaitzarik ez zen heldu. Gainera, kontuan izan behar da gobernu berriak dudak dituela PAI programaren inguruan. Ebaluazioa egiten hasia da.

ZER BESTE AUKERA ZEGOEN?

Lan eskaintza atzeratzea. Bi argudio lituzke gobernuak. Bat, PAIren ebaluazioa: emaitzaren zain egotea. Bestea, murrizketak: handituta daude ratioak eta eskola orduak, erretiroak ordezkatzeko mugak daude, eta horrek eragina du lanpostuen kopuruan. Mozketen dekretua bertan behera geratzean atera ahalko lirateke plaza gehiago. Erdarazkoak eta euskarazkoak. Ordura arte zain egoteak oztopo handi bat du: akordio programatikoa. Zehatz jasoa dago gobernuak lan eskaintza bat egin behar duela ekaina baino lehen.

NON EGON DA HUTSUNEA?

Komunikazioan. Gobernuak atzo aitortu zuen lan eskaintza aurkezteko era ez dela «egokia» izan, eta «pedagogia» handiagoa egin behar zuela, datuak emanez. Bide beretik jo du EH Bilduk: «formetan» ikusi du hutsa. Ahal Dugu-k ere esan du «informazioa eskura izan gabe» eman zutela albistea. Ostiralean, lan eskaintza iragartzean, kopuruei buruzko datuak bakarrik eman zituen gobernuak: euskarazko 228 plaza, eta 92 gaztelaniazko. Gaia berehala lehertu zen. Biharamunean azaldu zuten erabakia teknikoa zela. Berandu.

PROGRAMAK ZER DIO?

Akordioa sinatu zuten lau alderdien artean orain arteko ika-mika handiena eragin du gaiak. UPN-PSN-PP hirukotearekin bat egin dute Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lan eskaintzaren aurkako bozketan. �‘abardurak dituzte, hala ere.

Komeni da itun programatikoa aztertzea. Bi printzipio ageri dira. Bat: «Eleaniztasuna bultzatzea, Nafarroako bi hizkuntza propioak, gaztelania eta euskara, abiapuntu hartuta». Bi: «Murgiltzearen eta euskarazko irakaskuntza hedatzearen aldeko apustua». Ezkerra ari da sutsuen lan eskaintzaren aurka. Alderdi horren ekimenez onartu zuten, hain zuzen, D eredua eremu ez-euskalduneko sare publikoan ezartzeko legea aldatzea: euskaraz ikasteko «eskari guztiak» asetzea eskatu zuen. Orain «asaldatua» dago eskaintzako postu gehienak elebidunentzat direlako. Gakoa da eskubideak nola bete. Adibide bat. Urteetako traben ostean, D eredua lortu dute aurten Abartzuzan, Lezaunen eta Zudairin, ikasturtea hasi ostean. Nola? Irakasle elebidunak zeudelako. Erdal elebakarrak izan balituzte eskola horietan, ezingo zuten D ereduan hasi.

ZEIN DA GILTZARRIA?

Gaitasunak hartu behar dira oso kontuan. Desberdintasuna argia da: elebidunek gaitasun handiagoa dute elebakarrek baino. 228 postu horietako irakasleak gai izango dira euskaraz eta erdaraz eskolak emateko; 92 postu erdaldunetan elebakarrak sartu ahalko dira, soilik gaztelaniaz aritu ahalko direnak. Bide beretik, badago itzalean geratu den beste proposamen bat: kontratazio zerrenda bakarra egotea. Oposizioetan eta kontratazioetan, bi lista egoten dira: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Bi zerrendetan ezin dute egon hautagaiek aldi berean. Zerrenda bakarra sortzea proposatu dute sindikatu batzuek, eta gaitasunen arabera aukeratzea. Gaztelaniako postu baterako ordezkoa behar bada, elebidunek ere bete dezakete postua; euskarazkoa bada plaza, erdal elebakarrek ezin dute. Lan eskaintzaren kontrako taldeak horren aurka daude. Afapna sindikatuaren salaketa: «Euskarazko oposiziogileek aukera lukete gaztelaniazko eta euskarazko plazak lortzeko, eta gaztelaniazko oposiziogileek, ez». Hori da benetako eztabaida.

ONDORIOAK IZAN DITZAKE?

Lan eskaintza proposamen bat da oraingoz; negoziatu egin behar dute sindikatuekin. Hala ere, euskarazko hezkuntza berriro murgildu dute polemikan. Udaletan mozioak aurkezten ari dira UPN eta PSN. Garai berezia da. Aurrematrikula hiru hilabete barru hasiko da, eta aldaketekin dator: D eredua sare publiko osoan eskainiko dute. Horrek, ikasleetan ez ezik, irakasleetan ere izan dezake eragina: maisu-maistra elebakarren kalterako litzateke D eredua gorantz hastea, gero eta plaza gutxiago izango bailituzkete. Ezin da ahaztu, gainera, irakasleen berritze handia izango dela hurrengo urteetan: hirutik batek erretiroa hartuko du 2020 baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!