[Analisia Berrian, Kazetaria Jon Orzaiz]
Nafarroako Gobernuaren itun programatikoaren 2.3 atalean argi eta garbi azaltzen da: «Euskararen Legeari eginiko azken zuzenketak garatu egin behar dira, eta hala nahi duten ikasle guztiek D ereduan ikasteko aukera Nafarroa osoan bermatu». Uztailean sinatu zuten agiri hori gobernua babesten duten lau alderdiek: Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Aldaketaren gobernuak 100 egun bete dituen honetan, baina, lau alderdi horietako bik bizkarra eman diote D eredua herrialde osoan bermatu ahal izateko ezinbestekoa den baldintza bati: irakasle euskaldunak kontratatzeari, alegia.
Hezkuntza Departamentuko teknikarien txostenetan argi azaltzen denez, irakasle elebakar gehiegi daude ikastetxe publikoetan, orain arteko hizkuntz politika baztertzailearen ondorioz, eta egoera are gehiago zaildu du PAI programaren ezarpenak. Izan ere, ingelesa menperatzen duten irakasleak kontratatzeko beharra ekarri zuen UPN-PSN koalizioaren burutazioak. Argi dago zein den ekuazioaren emaitza: euskara edota ingelesa menperatzen duten irakasleen behar handiagoa, elebakarren kaltetan.
Ezkerrak eta Ahal Dugu-k, baina, irakurriak dituzte teknikarien txostenak, eta ezagutzen dute Nafarroako errealitate soziolinguistikoa. Hortaz, nekez uler daiteke zergatik lerratu diren azken urteotako erregimen euskarafobikoa babesten duten alderdiekin, eta, batez ere, zergatik eskatzen duten orain «euskararen eta gaztelaniaren arteko oreka naturala», bazterketa egoera batetik abiatuta oreka ezinezkoa dela jakinda. Abenduko hauteskundeetan egon liteke galdera horren erantzuna.