Bozetarako lasterketa, hastear

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 6a, 09:46

Argazkia: Mariano Rajoy eta Javier Esparza, atzo, UPN-PP ituna sinatuta. Iñigo Uriz / ARP

PPk eta UPNk Espainiako bozetara elkarrekin joateko akordioa sinatu dute. Rajoyk iragarri du laugarren xedapen iragankorra kenduko duela konstituzioa moldatzen bada

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira jarrita daude Hego Euskal Herriko alderdiak. Hauteskunde kanpaina hasteko hilabete eskas falta dela, ari dira batzuk eta besteak hautagaien izenak ezagutarazten. Azken asteotan karta batzuk agerian utzita, bozetarako lasterketa berotzeari ekin diote jada.

NAFARROA

UPN-PP 

Elkarrekin, berriro

UPNk eta PPk atzo sinatu zuten Espainiako hauteskundeetara elkarrekin joateko akordioa, Iruñean. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak eta Javier Esparza UPNkoak izenpetu zuten ituna. Lortutako akordioaren arabera, UPNk konpromisoa azaldu du Espainiako Gobernuko presidentea aukeratzerakoan PPko hautagaia bozkatzeko. 2011ko bozetan ere elkartuta aurkeztu ziren bi alderdiak. Orduan, zerrendaburua UPNkoa eta bigarrena PPkoa izatea adostu zuten, baina, oraingoan, UPNkoak izango dira aurreneko bi hautagaiak eta PPkoa Senatuko zerrendaburua.Oraindik ez dituzte erabaki nortzuk izango diren .

Atzoko sinadura ekitaldian, Rajoyk nabarmendu zuen Espainiako Konstituzioa erreformatzen bada, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzeko aukera ematen duen laugarren xedapen iragankorra kenduko duela. Lortutako akordioak bost printzipio defendatzeko dela gaineratu zuen: «Nafarroa foral eta espainiarra, askatasuna, ekonomiaren hazkundea, enplegua eta herritarren ongizatea».

ALDAKETAREN INDARRAK

Senatura elkarrekin

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hautagaitza bateratua aurkeztuko dute Senatura. Hautagai elkarte baten formula erabiliko dute, eta, beraz, 5.000 sinadura bildu beharko dituzte. Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerraren artean banatuko dituzte hiru hautagaiak, eta Ahal Dugu-koa izango da parlamentuak izendatutako senataria (Idoia Villanueva). Gainerako hiru hautagaien izenak ez dituzte oraindik baieztatu, baina modu ez-ofizialean jakin da Patxi Zamora izango dela EH Bilduren hautagaia eta Iñaki Bernal Ezkerrarena. Horrenbestez, Geroa Baik zein proposatuko duen jakitea falta da.

Kongresurako, ordea, ez da akordiorik lortu eta nor bere aldetik aurkeztuko da. Geroa Baiko zerrendaburua Koldo Martinez izango da, EH Bildukoa Sabino Cuadra eta Ezkerrakoa ?Nafarroa Batera hautagaitzaren barruan doa alderdia? Begoña Alfaro. Ahal Dugu-k ez du aukeratu zerrendaburua.

PSN

Burua altxatu nahian

Azken urteotan Nafarroan izandako boto galera eteten saiatuko da PSN Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, oraindik maiatzaren 24ko emaitza kaskarren zama gainetik kendu ezinik dagoela. Maria Txibitek gidatzen duen alderdiak urrian aukeratu zituen Kongresurako eta Senaturako hautagaiak: Jesus Mari Fernandez izango da Kongresurako zerrendaburua eta Toni Magdaleno Senatukoa. Biak ala biak berriak dira, alderdiak hautagaitzak «berritzeko» egindako apustuari jarraiki. Ferrazekin adostuta landu ditu PSNk zerrendak.

EAE

EAJ

Talde «indartsua» nahi du

EAJk argi dauka Espainiako hauteskundeetan «asko» dagoela jokoan eta ezinbestekoa dela jeltzaleek «talde indartsua» izatea Madrilen «Euskadiren interesak defenditzeko». Legealdi honetan bost diputatu eta hiru senatari izan ditu EAJk, eta emaitza horiek hobetu nahi ditu, Madrilen «Euskadiren ahotsa» entzun dadin.

EAJren Batzar Nazionalak irailean onartu zituen Kongresurako eta Senaturako zerrendak: Kongresurako zerrendaburuak izango dira Mikel Legarda (Araba), Aitor Esteban (Bizkaia) eta Joseba Agirretxea (Gipuzkoa), eta Senatukoak Almudena Otaola (Araba), Jose Maria Cazalis (Bizkaia) eta Maria Eugenia Iparragirre (Gipuzkoa).

EH BILDU

Askatasuna aldarrikatzera

Kongresurako eta Senaturako hautagaiak aukeratzeko prozesu parte hartzaileak martxan jarri ditu azken asteotan EH Bilduk. Ehundik gora batzar egin dituzte eta 3.800 pertsona inguruk parte hartu dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratzeko. Kongresurako zerrendaburuak honakoak izango dira: Iker Urbina Araban, Onintza Enbeita Bizkaian etaMarian Beitialarrangoitia Gipuzkoan. Senaturako, berriz, Lorena Lopez de Lacalle aukeratu dute Araban, Irantzu Varela Bizkaian, eta Urko Aiartza Gipuzkoan.

Amaiurrek azken lau urteotan egindako lanari jarraipena eman nahi dio EH Bilduk hurrengo legealdian. Koalizioak argi utzi du Madrilera joango dela Euskal Herriarentzat «askatasuna eta demokrazia» eskatzera, Espainiaren «menpekotasunari» amaiera emateko nahia helaraztera eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera.

PSE-EE

Sanchezen sostengua

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak Pedro Sanchezen eta Mariano Rajoyren arteko lehia gisa ikusten du PSE-EEk, eta hautagai sozialistaren aldeko botoa eskatzeko baliatzen ari da kanpaina. Hala esan zuen Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak hautagaiak aurkeztu zituenean: «Hauteskundeetan bi aukera soilik daude: Rajoy edo Pedro Sanchez. Eskubide eta zerbitzuak murriztu dituen iragana edo PSOEk ordezkatzen duen itxaropena eta aukera». Hori lortzeko, honako hautagaiak aurkeztu ditu: Kongresurako Patxi Lopez (Bizkaia), Odon Elorza (Gipuzkoa) eta Javier Lasarte (Araba). Senaturako, berruz, Isabel Zelaa (Bizkaia), Miren Gallastegi (Gipuzkoa) eta Julia Liberal (Araba).

AHAL DUGU

Barne desadostasunekin

Espainiako Gorteetarako zerrenden osaketa buruhauste franko ematen ari zaio Ahal Dugu-ri. Krisia sortu da Roberto Uriartek zuzentzen duen alderdian, bi faktorek eraginda. Batetik, Ahal Dugu-k autonomia handiagoa eskatu diolako Espainiako zuzendaritzari zerrendak osatzeko eta aliantzen estrategia zehazteko. Eta, ondorioz, barne desadostasunak agerian geratu direlako ildo ofizialaren eta kritikoen artean.

Espainiako Podemosek eta Equok akordio bat lortu dute hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko, eta haiek zehaztu dutenez, Equoko eledun Juantxo Lopez de Uralde Arabako zerrendaburua izango da. EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritzak Bizkaiko bigarren posturako nahi zuen Greenpeaceko zuzendari ohia, baina azkenean, amore eman eta Arabako zerrendaburu jarri du, behin-behinean bada ere. Baina zauria ez dago erabat osatuta: Ahal Dugu ez dago ados Fernando Maura Bizkaiko zerrendaburuaren izendapenarekin, uste duelako ez dela hautagai egokiena Bizkaiko zerrendaren lehen postuan joateko.

PP

Zerrendak osatu ezinik

Azken hilabeteotan irekitako barne krisiaren eraginez, erlojuaren kontra ari da EAEko PP oraindik ez dituelako Espainiako hauteskundeetara aurkeztuko dituen zerrendaburuak ezagutzera eman. Nolanahi ere, hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Alfonso Alonso Arabako PPko presidente eta Osasun ministroa izango da Arabako zerrendaburua, eta Leopoldo Barreda berriro aurkeztuko da Bizkaian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!