Ubidearen eraginak eta finantzaketa "ongi aztertzeko" eskatu dio Kontuen Ganberak Nafarroako Gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia Ion Orzaiz 2015ko aza. 4a, 18:46

Nafarroako ubidea, Tebas inguruan./ Jagoba Manterola, Argazki Press

Nafarroako Legebiltzarrean eginiko agerraldian, Nafarroako Ubideari buruzko txostena aurkeztu du Helio Robledak. Egungo egoera ekonomikoan, halako azpiegituren gastuei eta eraginei erreparatzea galdegin du.

Kontuen Ganberako presidente Helio Robledak agerraldia egin du Nafarroako Legebiltzarrean, Ezkerra, PSN eta PPN taldeek hala eskatuta. Han, Nafarroako Ubidearen eraginak, kostua eta finantzaketa sistemak "ongi aztertzeko" eskatu dio Nafarroako Gobernuari, orain arte eginiko ikerketa lanak "oso mugatuak eta partzialak" direla onartuta.

Ubidearen kostuari eta amortizazioari buruz, gaur egungo belaunaldiek "gainkostu handia" pairatzen dutela nabarmendu du Robledak, azpiegituraren amortizazio epe luzeengatik.
Enpleguari buruz, badirudi ez direla beteko UPNren gobernuak bere garaian eginiko iragarpen baikorrak, lanpostuak sortu beharrean, suntsitu egin baitira azken hamarkadan. Nekazal Gizarte Segurantzako datuei erreparatuta, %6 jaitsi dira afiliazioak epe horretan.

Alderdien erreakzioak

Kontuen Ganberak argitara emandako txostenaren izaera zehazgabea baliatuta, talde parlamentario bakoitzak bere betiko diskurtsoari eutsi dio:
Geroa Bai taldeko eledun Unai Hualdek azpiegituraren inguruko "ziurtasunik eza" nabarmendu du: "Egoera honetan, orain arteko finantzaketa sistemari eustea burugabekeria izanen litzateke".

EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, ubideak "errentagarritasun sozialik ez duela" azpimarratu du, eta txosteneko balorazioak "partzialak" direla gogorarazi die gainontzeko taldeei.
UPN, PP eta PSNko bozeramaileek, berriz, azpiegituraren onurak nabarmendu dituzte, eta ubidearen bigarren faseari ekiteko galdegin diote Nafarroako Gobernuari.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!