Ez dira gerra joko hutsak: 36.000 soldadu baino gehiago, 230 unitate militar, 140 hegazkin, 60 itsasontzi, benetako munizioa... Etorkizuneko gerrak prestatzeko lasterketa etengabean, urrats handia egin du NATOk, Trident Juncture 2015 izeneko maniobrak abiarazita. Siria eta Ukrainako fronteetan asko dute jokoan Amerikako Estatu Batuek nahiz Europako Batasunak, eta NATOko buruen hitzetan, beharrezkoa zen «ikusgarritasun handiko ariketa» egitea, unitate militarrak gerrarako prestatzeaz gainera, «mehatxu berrien aurrean indarra erakusteko». Gerra Hotza amaitu zenetik Europan egin diren ariketa militarrik handienak direla azpimarratu dute erakunde armatuko arduradunek.
Mediterraneo inguruko hainbat herrialdetan ari dira Trident Juncture maniobrak egiten —Portugalen, Espainian, Italian, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian—, baina Madrilek du operazioaren lidergoa, eta hark bidali ditu soldadu gehien (8.000 inguru). Euskal Herrian, zehazki, Bardeako tiro eremua eta Ablitasko aerodromoa dira bonba eta metraila euriak blaitu dituen guneak.
Tutera inguruko biztanleek pairatu dute horren eragina azken asteotan: gerra hegazkinen eta bonbardaketen zarata eguneko nahiz gaueko edozein ordutan, militarren presentzia, eta batez ere, ezinegona. «Leherketak ikusi ditugu egunotan, baita gerra hegazkinen arraseko hegaldiak ere, hiribilduetatik oso-oso gertu», esan du Bardea Orain elkarteko kide den Noemi Solanasek (Zaragoza, Espainia, 1977). «Arrisku handiko ariketak dira, eta zalantza handiak ditugu horren guztiaren legezkotasunaz, baina Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariak ez du azalpenik eman nahi izan. Hain zuzen, opakutasun hori da gehien larritzen gaituena, erakundeek ahaleginak eta bi egiten baitituzte tiro eremuaren inguruko xehetasunak sekretupean gordetzeko».
Tiro eremuaren eta NATOren maniobren kontra protesta egiteko, 2.000 bat lagunek —50 gizarte eragile, alderdi eta sindikatuk deituta— manifestazioa egin zuten urriaren 25ean Tuteran. Solanasen ustez, arrakasta handiko ekintza izan zen hura, «askotariko alorretako ordezkariak biltzea eta elkarlanerako oinarriak ezartzea ahalbidetu zuelako».
Datozen egunetan ere manifestazioak eta protestak eginen dituzte Europa osoko talde antimilitarista, ezkertiar eta ekologistek: gaur, adibidez, Zaragozara joatekoa da NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenberg, maniobrak ikuskatzeko, eta bisita baliatuz, giza katea eginen dute War Resisters' International sarea osatzen duten elkarte antimilitarista gehienek. Ostiralean, berriz, Trident Juncture maniobren azken egunean, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak eta Internazionalistak Auzolanean taldeak, 12:00etan, Nafarroako Gobernuaren aitzinean.
Bardea Orain elkarteko bozeramailearen esanetan, ezinbestekoa da «giza laguntzaz mozorrotutako gerrari ezetz esatea», nazioarteko politikaren norabidea aldatuko bada: «Kapitalismoaren sostengu nagusia gerra da. Armen negozioa da sistema osoari eusten diona, eta negozio horretatik bizi direnek beti justifikatuko dituzte gatazka berriak, bakearen eta giza laguntzaren izenean. Haiek finantzatzen dute terrorismoa, haiek sustatzen dute herrialdeak suntsitzea, eta gero, migratzaileen krisiak baliatzen dituzte interbentzio gehiago justifikatzeko».
Sorgin gurpil horren barruan kokatzen ditu Solanasek Trident Juncture maniobrak ere: «Etorkizuneko gerren prestaketa lanak dira. Nagusigo militarra bermatzeko modu bat eta, aldi berean, indar erakustaldi esplizitua, egungo gatazken testuinguru nahasian».
Fikziozko gerra, oso erreala
Urriaren 3tik 16ra bitartean egin zuten Trident Juncture maniobren lehen zatia, baina entrenamendu eta ariketa praktikoen fasea —besteak beste, Bardean egiten ari direna— urriaren 24an hasi zen, eta ostiralean bukatuko da. Askotariko operazioak simulatu nahi ditu NATOk: lur, aire edo itsaso bidezko erasoak; hiri barruko operazioak; paratxutisten misioak; arrisku nuklear, radiologiko, biologiko edo kimikoari aurre egiteko estrategiak... Horretarako, fikzioko hiru herrialderen arteko gerra irudikatzen ari dira: Kamon, Lakuta eta Tytan. Gezurrezko gerra horren jatorria, baina, benetakoa da oso: ur eskasia Afrikako adarrean.
KEM komite antimilitaristako kide den Andoni Romeoren esanetan (Alesbes, 1960), NATOk «argi eta garbi» erakutsi ditu bere kartak, maniobra militarren planteamendua argitaratzean: «Afrikako adarrean kokatu dute alegiazko operazio militarra, eta hain zuzen, horixe da AEBen interesgune nagusia une honetan, arrazoi geoestrategikoak eta ekonomikoak direla medio».
Iritzi horrekin bat egin du Solanasek ere: «Esku hartze militar bat aztertzen ari da NATO Afrikan, baliabide naturalen ustiapena kontrolatu eta multinazionalen esku uzteko. Hori da bakearen aldeko diskurtso hutsalen atzean ezkutatzen den errealitate gordina».
Bardea Orain taldeko bozeramailearen ustez, Afrikako gatazkak prestatzeaz gainera, Errusia eta Txinaren gisako arerioei mezua helarazi nahi diete AEBek eta Europako Batasunak, Trident Juncture maniobrekin: «Elkartean argi dugu bigarren Gerra Hotz batean murgilduta gaudela aspalditik. AEBen eta EBren arerio politiko, militar eta ekonomiko nagusiak, gaur egun, Errusia eta Txina dira, eta horien aurrean giharra erakutsi nahi du NATOk, munduko edozein lurraldetan esku hartzeko gai dela frogatuz».
«Gerra hibridoa» prestatzen
NATOk, hain zuzen, maniobrak baliatu ditu indar militar berri bat aurkezteko: Prestasun Handiko Erreakzio Indarra. 48 orduren buruan, munduko edozein tokitan hedatzeko gai den unitate berezia. «Gerra egiteko modu berriak asmatzen ari dira. 48 ordutan edozein helbururi eraso egiteko unitatea sortu dute, eta horren eraginkortasuna frogatu nahi dute. Izugarria da», dio Romeok.
Solanasen irudiko, «gerra hibridoa» da NATO osatzen duten estatuen helburua. «Gerra eredu berri bat aplikatu nahi dute, eta, horretarako, Irakekoaren eta Afganistangoaren gisako gerretan ikasitakoa praktikara eramanen dute. Gerra hibridoa deitzen diote diziplina anitzeko estrategia horri». Eta zer da gerra hibridoa? Bada, Solanasek azaldu duenez, estrategia eta metodologia anitz uztartzen dituen gatazka: «Gerra osoa da. Erabatekoa. Gerra zibernetikoa eta inteligentzia militarra hartzen ditu bere barruan, teknologia berrien erabileran oinarrituta. Droneak dira horren adibiderik garbiena. Bestalde, estrategia berria ez den arren, propaganda eta desinformazio orokorra ere erabiltzen dituzte gerra egiteko eta herritarren artean nahasmendua sortzeko».
Estrategia horretan, NATOk gobernuz kanpoko erakunde askoren laguntza duela nabarmendu du Bardea Orain elkarteko kideak: «Publizitaterik egin gabe, erabateko babesa adierazi diete Trident Juncture maniobrei hainbat erakundek; besteak beste, Gurutze Gorriak, Unicefek edota Save The Childrenek. Parte hartze hori sekretupean gordetzen dute askok, euren irudi publikoari kalte egingo liokeelako».
Gerra jokoen faktura
Ostiralean amaituko diren maniobra militarrek badute, baina, beste eragin bat: ekonomikoa. Trident Juncture proiektuan parte hartu duten gobernuek ez dute argitara eman operazioaren kostu zehatza, eta hori ere salatu du KEM komite antimilitaristak: «Politika militarista horien ondorio zuzenetako bat da gastu militarraren garestitze itzela. Datu zehatzak ezagutzerik ez dago, baina munduan, oro har, 1,8 bilioi eurokoa izan zen gastu militarra 2014an. Espainiako aurrekontuei erreparatuz gero, 24.000 milioi euro gastatuko dituzte 2016an, gerra eta kontrol soziala prestatzeko».
Romeoren ustez, Trident Junctureren gisako maniobrek «pribilegiodun gutxiengo bati» egiten diote mesede bakarrik. «Sekulako murrizketak eta doikuntza neurriak pairatu ditugun garaian, armagintzaren industrian eta gerra jokoetan halako dirutza xahutzea iraingarria da, eta beharrezkoa da irainari aurre egitea».