"Ahulezia hori erakutsi duen gobernuarentzat ez dut lan egin nahi"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 21a, 08:27

Urriaren 9az geroztik mundu guztiaren ahotan izan da Haranburu, zurrunbilo politikoaren erdian. "Nire eskubide guztiak urratuta ikusi ditut". Bere isiltasuna apurtu, eta kritiko azaldu da gobernuarekin.

 
Kolpatua. Nire eskubide guztiak urratuta ikusi ditut». Halaxe sentitzen da Imanol Haranburu (Donostia, 1962) urriaren 9az geroztik. Egun hartan Nafarroako Hezkuntza Departamentuak atzera egin zuen hizkuntza eskolen buru izateko izendapenean. Geroztik, zurrunbilo politikoaren erdian egon da. Orain, isiltasuna apurtzea erabaki du: «Nire iritzia eman nahi nuen, hainbat jende ari delako niri buruz hizketan».

Hizkuntza eskoletako buru izateko, hitz egin al zenuen aldez aurretik Hezkuntza Departamentuko goi kargudunekin?

Irailaren 8an deitu zidan Hezkuntzako Hizkuntza eta Arte Ikasketen Zerbitzuko buruak, esateko nirekin bildu nahi zuela. Bileran, eskaintza egin zidan. Egin nion lehen galdera izan zen ea nondik nora atera zen nire izena. Esan zidan mundu hori ezagutzen zuen pertsona bat nintzelako zela, eta Hezkuntza Departamentu barruan aldeko informazioren bat jaso zuelako.

Izendapena urriaren 9an argitaratu zen aldizkari ofizialean, baina aurretik hasi al zinen lanean?

Irailaren 14an hasi nintzen lanean. Ordenagailua prestatu zidaten, nire kontuarekin, zerbitzariko pasahitzarekin. 14tik aurrera bertan ari nintzen lanean, zerbitzuko buruak hala eskatuta.

Urriaren 9an agerkari digital batek ETAko kide ohia zinela aipatu, eta UPNk gogor kritikatu zuen izendapena. Susmatu zenuen inoiz halakorik?

Ez. Pentsatu izan banu, ez nukeen ardura hartuko.

Esan izan da, gerora, ez zenuela zure iraganaz ohartarazi departamentua. Zer diozu?

Nire iragana publikoa da. Ezin dut hori ezkutatu. Galdetzen didatenean, esan egiten dut. Ergela litzateke hori ukatu nahia. Hori da gure iragana, hor dago. Ez dut propagandarik egiten, ez naiz ibiltzen saltzen, baina ez dut ezkutatzen. Galdetzen didanari esan egiten diot nire egia.

Nola bizi izan zenuen urriaren 9ko egun hura?

Goizeko zortzietan, administrari laguntzaile batek esan zidan: «Imanol, gaurko aldizkari ofizialean atera da zuen izendapena». Goiz osoa eman nuen lanean, eta gerora jakin dut nire izendapena atzera botatzeko foru agindua eguerdi aldera sinatu zuela kontseilariak. Niri 14:45ean deitu zidaten. Ordura arte ez nuen gertatzen ari zenaren berririk.

Ez zenuen berririk goiz hartan sortu zen zurrunbilo guztiaz?

Zerbitzuko zuzendariak bulegora deitu eta hedabideetan argitaratutakoa jakinarazi zidan. Jakin bazekien kartzelan egona nintzela. Hamabost urtez egon izanaz harritzen zen. Hitz egin genuen lasai. Handik hamar minutura, kontseilariaren bulegora dei egin zidaten. Kontseilariak esan zidan bazekiela ni eskubide guztien jabe nintzela, baina berak legealdi osoan eramango zuela zama hau eta ez-izendapena sinatu zuela. Ez zen kargugabetze bat, nire lanean egoki aritu nintzelako eta ez nuelako okerrik egin. Niretzat, kontraesan bat da hori.

Esan zenion ezer?

Esan nion gauza bakarra zen pentsatzekoa zela UPNk halako erasoak egingo zituela, baina ez pentsatzeko horrekin konformatuko direla. Lehendabiziko mehatxuari amore emanez gero, haiek badakite zer egin.

Zerk harritu zintuen gehien: UPNk zure aurka jo izanak ala gobernuak berehala atzera egin izanak?

Pentsatzen dut denek eduki behar dutela presente Nafarroan erregimen zaharrak erasoak egingo dituela. Gobernu honen koldarkeriak eta ahuleziak harritu nau gehien. Halako erabaki batekin baretuko dituztelakoan badaude, oso oker dabiltza.

Nola ikusi duzu zu ekaitz horren erdian jarri izana?

Batzuen eta besteen interesen arabera astindutako txotxongiloaren moduan ikusi dut neure burua. Hezkuntza Departamentura lan tekniko bat egiteko iritsi nintzen, ustez mundu hori ondo ezagutu eta teknikoki gai nintzelako. Handik erabaki politiko baten ondorioz atera naiz.

Babesgabe sentitu zara?

Erabat. Erabat.

Hezkuntza Departamentu barruan eragin al du zalapartarik?

Badakit hainbat lankideri egoneza sortu diela, eta hainbatek elkartasuna adierazi dit. Ulertzen dut jendaurrean ez babestea, baina pertsonalki adierazi didate.

Gobernuak arrazoitu du ez zutela zure iraganaren berririk eta konfiantza galera bat eragin diela horrek. Zer duzu esateko?

Ez dakit kontseilariak bazekien, baina badakit haren konfiantzazko kargudunek bazekitela. Beren buruak zuritu behar badituzte, pentsatuko dute edozein arrazoi dela zilegi, baina ez ditut sinesten. Niretzat, haien ahulezian dago gakoa.

Ulertzen duzu gizartearen sektore batek zurearen moduko izendapen bat ez onartzea, ala hemen pedagogia egitea falta zaie? Normalizaziorik ezaren beste adierazle bat al da?

Duda gabe. Esaten denean pertsona batek justiziarekin dituen zorrak kitatuak dituela, eta gero hori gezurra dela erakusten bada, hemen zerbaitek huts egiten du. Hor, duda gabe, pedagogia falta bat dago, eta normalizaziorako asko falta den seinale ere bada.

Aurrekari arriskutsu bat ere ekar dezake, preso egondakoek egin dezaketen ekarpenari begira?

Bai. Badago interesa preso izandakoek ekarpenik ez egiteko, eta haiek gizarte zibiletik baztertzeko erabaki sendoa dute batzuek.

ETAn edo beste talde armatu batean izan eta gero, hainbatek postu garrantzitsuak izan dituzte. Arbitrariotasuna dago hor?

Bai, sekulakoa.

Honek ekarri al dizu ezer onik?

Bi gauza. Bata, oinak lurrean jartzea eta oso ongi pentsatzea etorkizuneko urratsak. Bestea, lankideek erakutsitako elkartasuna.

Lau indarrek erabaki dute, legeak hala baitio, halako karguak lehiaketa bidez hautatzea.

Ongi iruditzen zait, baina argi dut neure burua ez dudala aurkeztuko. Ahulezia hori erakutsi duen gobernuarentzat ez dut lan egin nahi. Jendearen eskubideak hain modu lotsagabean urratzen dituen gobernu batentzat ez dut lanik egingo. Ni eskoletara itzuliko naiz, nire ikasleengana, eta nire lana ahalik eta ongien egiten saiatuko naiz.

Egokia da konponbidea?

Hasieratik egin behar zuten horrela, eta ez orain, zalaparta sortu denean nolabait ere zauria ixteko. Agian, ez ginen arazo honen aurrean egongo. Aldaketaren gobernuak gardentasunean oinarritua behar du. Ez zait egokia iruditzen besteei kritikatu zaizkien tresnak erabiltzea sokakoak jartzeko. Espero dut hemendik aurrera hori zuzentzea. Hala bada, zeozer bideratzen hasiko da, eta, bestela, konfiantza gutxi balizko aldaketa horretan.

Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak komunikabideei eskatu zien zu lasai uzteko. Mingarria egin zaizu?

Mingarria eta lotsagarria. Ahuleziak estaltzeko erabili duen estrategia merke bat besterik ez da.

 

Kazetaria: Joxerra Senar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!