Ospakizun urtea da Baztan ikastolarentzat. 45 urte bete ditu ikasturte honetan, eta igandea izanen da ibilbide luze hori ospatzeko eguna, Nafarroa Oinez Elizondora itzuliko baita, Zangotxo maskotaren eskutik, Hamabortz, ama bat leloarekin. «Ilusioz eta urduritasunez hartu genuen lekukoa», esan zuen Iosune Ortega Baztan ikastolako zuzendariak atzo egindako aurkezpenean. Leloaren lehen zatian, 2015 urtea, Baztango hamabortz herriak eta Nafarroan martxan dauden hamabortz ikastolak bildu nahi izan dituzte. Bigarrenean, berriz, guztien ama euskara dela gogorarazi dute. Ama guztiak ere omendu dituzte, hizkuntzen transmisioan izandako indarragatik.
Igandean belaunaldi guztiek izanen dute tokia, Jaime Viguria Jarduera batzordeko buruak adierazi duenez. «Bildutako guztiak gustura sentitzea nahi dugu, gogoko gauzak topatzea eta egun goxo bat pasatzea». Egitarau oparoa prestatu dute. Bertzeak bertze, Kalakan, Zea Mays, Oihan Vega eta Valentziako Muixeranga Casteller taldea ikusteko aukera egonen da. Baita bertso saioak eta dantzaldiak ere.
Ibilbideak 5,8 kilometro izanen ditu, lau gunetan banatuta. Baztan lau kuarteletan biltzen da, eta horien izenekin bataiatu dute gune bakoitza: Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza. Guztietan barrena ibiliko da Zangotxo maskota.
Ez da lehen aldia ikastolen aldeko festa Elizondon egiten dena. Izan ere, 1982an, jaialdia sortu eta hurrengo urtean, Baztan ikastolak izan zuen festa antolatzeko ardura, eta orduan ere bi oinek osatu zuten Baztan ikastolaren logotipoa. Lehenengoari keinu bat egin nahi izan diote, bide berean jarraitzen dutela adierazteko.
Horrez gain, aurten egitasmo berezi bat jarriko dute martxan, «euskararen oihartzuna mundurat atera dadin». Helburua da lau guneek bat egitea eta 13:30ean abesbatza erraldoi bat sortzea. Ordu horretan, Guk euskaraz, zuk zergatik ez? abestia entzungo da txoko guztietan, eta kantaren egileak, Urkok, lehen gunean kantatuko du zuzenean. «Ilusioa eginen liguke biltzen diren guztiek abestuko balute», argitu du Viguriak.
Baina guztia ez da festa. Zirkulazioa ere faktore garrantzitsua izanen da igandean. Hori dela eta, zuzendariak aholku zenbait eman ditu. Lehenik eta behin, garraio publikoaren alde egin du, baina autoz joanez gero seinale argidunak errespetatzeko eta zirkulazioa bideratzen ari diren boluntarioei kasu egiteko eskatu du. Bertzalde, Iruñetik joanen direnei ohar garrantzitsu bat helarazi die: «Oronozen Gipuzkoatik datorren zirkulazioarekin bat ez egiteko, Belateko mendatetik bideratuko zaituztegu. Baina, trankil egon, igandean kamioiek debekatua baitute hortik ibiltzea, eta ez dira errepidera aterako».
Datorren urtean, bi ikastolak elkarlanean antolatuko dute Oinez, Nafarroan lehen aldiz. Hain zuzen, Lodosako Ibaialde ikastolak eta Vianako Erentzun ikastolak hartuko dute lekukoa.