Legea erabat betetzeko zain

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 16a, 10:27

Argazkia: Abortatzeko eskubidearen alde Iruñean egindako manifestazioa, iazko apirilean. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Nafarroako emakumeek sare publikoan abortatu ahal izanen dute. Eskubide hori jasotzen du legeak, baina orain arte ez da bete. Gobernuak egoera hori aldatzeko asmoa agertu du. Akordio programatikoan jaso zuten taldeek gaia, eta departamentua dekretua prestatzen hasia da.

Maldan gora egin behar izan dute bidea emakumeek, Nafarroan, legez jasoa duten abortatzeko eskubidea erabili ahal izateko. Kriminalizatu dituzte; herrialde horretatik kanpora joan behar izan dute, osasun sistema publikoan haurdunaldia eteteko ebakuntza egiteko aukera ukatu dietelako; eta 2011tik, Antsoainen abortatzeko klinika pribatua zabaldu zutenetik, abortuaren aurkakoen eta Elizaren protestak jasan behar izan dituzte, eskubide hori herrialdean bete nahi izan dutenean. Emakume taldeen aspaldiko eskaera jaso, eta Osasunbidean abortatzeko aukera bermatuko duela iragarri du orain Nafarroako Gobernuak. Osasun Departamentua dekretua prestatzen hasia da, egoera normalizatzeko urratsa egin ahal izateko. Legea erabat betetzeko, azkenean.

1983. urtekoa da Espainiako Gobernuak abortuari buruz onartutako lehendabiziko legea. 1985. urtera arte ez zen indarrean sartu, ordea, PPk helegitea aurkeztu zuelako Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Lege horren harira, hogei abortu inguru egin zituzten Nafarroan, 1986an eta 1987an, legeak jasotzen zituen kasuetan. 1986. urtean abortatu zuen emakume baten kontrako salaketa jarri zuen Accion Familiar izeneko taldeak urtebete geroago, bai eta emakume hura artatu zuten hiru ginekologoen eta ospitaleko zuzendariaren kontra ere. Epaitegietara ailegatu zen auzia. 1990ean epaitu zituzten medikuak, eta epaileek errugabetzat jo zituzten.

Pablo Sanchez izan zen 1990. urtean epaitutako ginekologoetako bat; gerora, egunkari honetan bertan, argi utzi zuen auzi hura politikoa izan zela, eta abortuaren legea bertan behera uztea bertzerik ez zuela izan helburu. Eragin nabarmena izan zuen auziak Nafarroan, errugabetzat jo bazituzten ere: 1980ko hamarkadako abortu haien ondotik, bertzerik ez zuten egin bertan, 2011n Antsoaingo klinika pribatua zabaldu zuten arte.

«Bidea zaila izan da», nabarmendu du Begoña Zabalak, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Nafarroako Plataformako kideak, gertatutako horiek gogora ekarri eta gero. Horregatik, ontzat jo du Nafarroako Gobernuak iragarritako neurria. «Bada garaia abortatzeko eskubidea sistema publikoan bermatzeko», nabarmendu du.

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— akordio programatikoan jaso zuten abortuaren auzia. Zehazki, sinatutako hitzarmenak dio gobernuak «bermatuko» duela haurdunaldia eteteko ebakuntzak Osasunbidean egitea. Horretarako ari da Osasun Departamentua dekretua prestatzen. Akordioak jasotzen du, gainera, «berehalako» neurri gisa haurdunaldia botiken bidez eteteko zerbitzua jarriko duela gobernuak martxan. «Urrats hori egiteko moduan dira jada», erran du Zabalak. Eta egin dezatela eskatu die Osasun Departamentuko agintariei.

Protokoloak prestatzen

«Lanean ari gara». Horixe nabarmendu dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentutik. Fernando Dominguez kontseilariak irailaren hasieran iragarri zuen urtea amaitu baino lehen aukera izanen zutela emakume nafarrek sare publikoan abortatzeko. «Jarduteko protokoloak prestatzen ari gara, eta zehazten emakumeek zer ibilbide egin beharko dituzten sare publikoan», azaldu dio kontseilariak BERRIAri. «Espero dugu laster martxan jartzea zerbitzua», gaineratu du Dominguezek, baina data zehatzik ez du eman, oraindik.

Kontseilariak argi du UPNren aurreko gobernuek aitzakiak baino ez dituztela erabili Nafarroan abortatzeko eskubidea ez betetzeko. «Borondate politikorik eza izan da arazo nagusia». UPNren azken urteotako argudio nagusietako bat izan da sistema publikoan haurdunaldia eteteko ebakuntzak ezin zirela egin, medikurik ez zegoelako horretarako prest. Zalantzan jarri du hori kontseilariak, eta nabarmendu du hala izanda ere medikuek kontzientzia eragozpena egiteko duten eskubideak ezin duela urratu emakumeek abortatzeko dutena.

Ekonomiaren aldetik ere, sare pribatuaren alde egiteko arrazoirik ez dela uste du Dominguezek. Nafarroako Kontu Ganberak egindako txostena ekarri du gogora. 2013an, txosten horrek agerian utzi zuen abortuak sare publikoan egitea merkeagoa dela gobernuarentzat. «Haurdunaldia eteteak, alde farmakologikotik, 200 euro inguru balio du sistema publikoan; pribatuan, berriz, 450 euro inguru», azaldu du, adibide gisa, Osasun kontseilariak.

Zabalak argi du, Dominguezek bezala, UPNren borondate politikoaren ondorio izan direla abortatzeko eskubidea betetzeko Nafarroako emakumeek orain arte izan dituzten zailtasunak eta mugak. Nabarmendu du, halaber, haurdunaldia eteteko ebakuntzak sare publikora eramatea ez dela egin beharreko urrats bakarra. Agerian utzi du abortatzeko eskubidea bermatzeko moduak ere baduela garrantzia. Ildo horretan, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Nafarroako Plataformako kideak mahai gainean jarri ditu bere kezkak: «Argi dugu administrazioak arreta integrala eskaini behar diola emakumeari; beldur gara, ordea, osasun sisteman harentzat dauden ohiko ibilbideetatik aterako ote duten abortatzeko prozesua, mediku auzi huts bilakatuz; ez lukete martxan jarri beharko bakarrik abortatzeko litzatekeen zerbitzu bat».

Zabalak argi eta garbi erran du egungo gobernuaren arazo nagusietako bat dela administrazioaren egitura, haren organigrama. «Arlo horretan ez gara aldaketak ikusten ari; lehen zegoen bezala jarrai dezan edo zenbaitetan okerrera egiteko urratsak bertzerik ez dute egin. Egiturak berritzeko beharra dago, ordea», esan du.

Aldatu beharreko bertze gai nagusietako bat heziketarena dela nabarmendu du Zabalak. Izan ere, 1997. urtean ordura arteko familia orientazioko eta sexu heziketako COFES zentroak Emakumearen Arretarako Zentro bilakatu zituztenean, heziketaren esparru hori guztia bertan behera gelditu zen: arreta ginekologiko hutserako toki bihurtu ziren. COFES zentroak emakumeentzat eta gizonentzat ziren, baina egitura berriak gizonak kanpo utzi zituen.

COFES eredura moldatu

Sexu heziketa bertan behera utzi izanak abortuen kopuruarekin harreman zuzena baduela nabarmendu du Zabalak. 2013. urtean, adibidez, 108.690 abortu zenbatu zituen Espainiako Osasun Ministerioak. «15-44 urte bitarteko 1.000 emakumeko, 11,74. Nafarroan 7,82 da portzentajea, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, berriz, 9,97. Abortu gehienak gazteek eta ailegatu berri diren migratzaileek egiten dituzte. Hezkuntza sistema aztertu, eta agerian gelditzen da sexu heziketa ez dela jorratzen modu zabal batean».

COFES zentroek gazteentzako programak bazituztela gogoratu du Zabalak, eta, zentro horien izaera aldatu zutenean, Gazteriaren Etxeko Gozamenez programak bete zuela, neurri batean, zegoen hutsunea. Baina programa hori ere bertan behera gelditu zen.

«COFES zentroen sistema berreskuratzeko garaia da», erran du Zabalak. Gobernuak berak hori jarri du helburu. Behintzat, hala jaso dute babesten duten taldeek akordio programatikoan; xedetzat hartu dute Emakumearen Arretarako Zentroak «lehengo COFES zentroen eredura moldatzea»; gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat izanen lirateke, berriz ere, eta arreta integrala eskainiko lukete. Gobernuak akordioan jaso zuen, halaber, gazteentzat zentroak egiteko aukera aztertzea. Kontseilariak onartu du gazteekin eta migratzaileekin bereziki landu beharreko gaia dela sexu heziketa. «Helburu izan behar dugu nahi ez diren haurdunaldien kopurua jaistea; lehentasuna talde horiek izan behar dute, baina gainerakoak bazter utzi gabe».

Egungo sistema lehengo COFES zentroen eredura benetan moldatuko ote duten zalantzan jarri du Zabalak. Orain arte hori lortzeko inolako urratsik ez dela egin azaldu du, eta aurreko gobernuek ezarritako egiturei eusteak ez du aldaketa hori laguntzen, haren hitzetan.

Nafarroatik at ere, kezka bera dute hainbat emakume taldek. Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Bizkaiko Plataformako kide Idoia Legarretak horixe nabarmendu du: «Nafarroako Gobernuak dio bermatuko duela sare publikoan abortatzeko eskubidea, baina ez dut hori egiteko konpromiso argirik ikusi; ea gauzak nola egiten dituzten. Ematen du bigarren mailako herritarrak garela emakumeok abortatzeko dugun eskubidea berma dezatela eskatzen dugunean».

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban egiten dira haurdunaldia eteteko ebakuntzak sare publikoan. Kasu gehienak, hala ere, klinika pribatuetara bideratzen dituzte Osakidetzatik. Hori salatu du Legarretak. «Ezin dugu hori egiteko erabakia ulertu. Egia da kostua sare publikoak hartzen duela bere gain, baina, abortuak sare publikotik aterata, egoerak behar duen normalizazioa ukatu egiten zaio».

2014. urtean, 3.329 abortu egin zituzten Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan; %80, klinika pribatuetan. Klinika horiek 700.000 euro jaso zituzten ebakuntza horiek egiteagatik. Bilboko Euskalduna klinikak jaso zuen diru gehien urte hartan: 196.000 euro baino gehiago, hain zuzen ere. «Sare publikoak behar dituen azpiegiturak baditu, ez dugu ulertzen besteei ordaintzea zerbitzu bera eskaintzeagatik; zerbitzua garestitu egiten da», erran du Legarretak. «Berma dezatela dugun eskubidea sare publikoan».

Ebakuntzak sare pribatura bideratuz abortuak, nolabait, izaera «klandestinoa» hartzen duela gaineratu du Legarretak. «Emakumeak ohiko ibilbideetatik ateratzen dituzte abortatzeko. Ohiko ibilbideetako profesionalak ezagutzen ditu emakumeak, harremana badu haiekin, baina abortatu nahi badu, kanpora eramaten dute».

Bizkaiko plataformako kideak bat egin du Zabalarekin, eta nabarmendu du arreta integrala eskaini behar diola osasun sistemak emakumeari. Sexu heziketaren esparruan gertatu diren murrizketak salatu ditu, eta emakumeak, anitzetan, bigarren mailako herritar bilakatzen direla beren eskubideak aldarrikatzen dituztenean. «Gure eskubideak ditugu, eta osasun sistemak kontuan hartu behar ditu ditugun eskubide eta behar propio horiek; modu egokian artatu behar ditu».

Nafarroan gobernuak zer urrats eginen duen ikusteko dago. Galdera anitz dago, oraindik ere, erantzunik gabe. Zerbitzua Iruñean zentralizatuko ote duten galdegin du Zabalak, adibidez. Horri buruz ez du deus zehaztu, oraingoz, Osasun Departamentuak. Emakumearen Arretarako Zentroek zer-nolako rola beteko duten ere zehazteke dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!