Aroztegiako Udalez Gaindiko Eragina duen Plan Sektorialaren inguruko iritzia plazaratu dute Aroztegia…eta gero zer? plataformak eta Sustrai Erakuntzak, eta datozen asteetan egingo dituzten ekintzen berri eman dute.
Plataformek azaldu dutenez, proiektu horren bidez 232 etxebizitzako bizigune bat sortu nahi dute Baztanen, 750 biztanle ingururentzat, gaur egun 322 biztanle dituen herri batean: "Aroztegiako egitasmoak Baztango egituraketan eta lurraldearen antolaketan ondorio nabariak izanen ditu; praktikan, Baztango 16. herrian bihurtuko litzateke eta, horrek, dudarik gabe, ondorio sozial, espazial eta ekonomiko sakonak ekarriko lituzke".
Gainera, gogorarazi dute proiektua, "aldaketa txiki batzuekin", epaitegiak legez kontrakoa izendatu zuela 2013an. "Proiektua bertan behera utzi ondotik, enpresa bulkatzaileak Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren figura erabiliz lehengo proiektu bera Nafarroako Gobernuarekin zuzenean tramitatuz egin du, horrela Lekarozko herria, Baztango Udala eta Batzar Nagusia bazter batean utziz". Plataformek salatu dute herritarren "proiektua inposatu" nahi izan dutela.
Gobernuari ohartarazi diote, proiektua eten ezean, aldaketa "iruzurra bertzerik" ez dela izango eta auzitara joko dutela. Bestalde, solasaldi bat antolatu dute Lekarozen ostiralean 19:00etan, proiektuaren inguruko egoera azaltzeko eta izango dituen ondorioak argitzeko.