Volkswagenen itzala sektore osora hedatzen ari da, araudi biguna lagun

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ira. 29a, 10:44

Emisioen iruzurrak sektore osora eraman du susmoa. JULIAN STRATENSCHULTE / EFE

Isurien neurketen eskandalua «izozmendiaren punta» dela dio Transport & Environment ikerketa zentroak. Audik aitortu du 2,1 milioi auto saldu dituela motor manipulatuarekin, eta Skodak 1,2 milioi.

[Albistea Berrian]

Autogintza arnasari eusten ari zaio egunotan. Begi bat burtsetan daukate eragileek, eta bestea, Wolfsburgoko etxean. Volkswagenek motor trukatuak saltzen bezain eraginkor izan behar du piztutako sua amatatzen, markatik harago sektore osoari kalte egiten ari baitzaio isuriak faltsutzeko software sekretuaren eskandalua. Transport & Environment ikerketa zentroak autogintzaren sektorea are susmagarriago egiten duen txosten bat kaleratu zuen atzo. Haren arabera, Mercedesen A, C eta E klaseko hainbat modelok eta BMW 5ak zein Peugeot 308ak beharko luketena baino %50 erregai gehiago kontsumitzen dute. Laborategiko eta errepideko emaitzen artean «arrakala» handia dagoela salatu du erakundeak, eta «nekez» azaldu daitekeela horren desberdintasun handia «ezagunak diren aldagaien bitartez». Susmo gehiago, alegia.

Transport & Environmentek sektoreko hainbat ekoizleren isiltasunak hauspotzen duen uste bat plazaratu du ozen: «Volkswagenen eskandalua izozmendiaren punta besterik ez da». Ikerketa zentroak dio ekoizleen «gehiegikeria orokorra» dagoela laborategiko probak egiten direnean, eta horrek ahalbidetzen diela, esate baterako, euren modeloek diotena baino %50 gehiago kontsumitzea.

Auto ekoizleei ezartzen zaien araudia bigunegia dela, alegia, zulo anitz dituela. Bezeroari urtean 450 euroko gainkostua dakarkio kontsumoari eragiten dion marken praxi txar horrek, T&E zentroaren arabera. «2017tik aurrera abian jarriko diren test berriak atzeratzen saiatzen ari dira, gainera». 2001ean laborategiko eta errepideko neurketen artean %8ren aldea zegoen batez beste, eta desberdintasuna %40 ingurukoa da orain. Azken hamarkadan, araudiaren hutsak bere alde jarri ditu sektoreak, publizitatean saltzen dituzten baldintzak urratzeko, «hala emisioen atalean nola kontsumoarenean».

Bitartean, Volkswagen taldearen laidoa sakontzen duten tantak etengabeak dira. Audi etxe prestigiotsutik iritsi zen azken kolpea, atzo. Motor trukatua duten 2,1 milioi auto saldu dituela aitortu zuen lau eraztunen markak. A1, A3, A4 eta A6 modeloetan dago iruzurra, EA189 motorrean, 1.6 eta 2.0 dieseletan. TT deportiboan eta Q3 eta Q5 modeloetan ere badago isuriak ezkutatzeko softwarea, motor berdinetan. Skoda da eskandaluak harrapatutako beste marketako bat, eta aitortu du 1,2 milioi auto saldu dituela software manipulatuarekin.

Normaltasuna Landabenen

Seatek, oraingoz, ez du argitu zenbat autor iruzurgile saldu dituen. Milioi erdi bat Seat egon daitezke zerrenda beltzean, baina kopuru hori ez da ofiziala. Wolfsburgoko etxearen auto berriak «garbiak» daudela jakinarazi dute: adibidez, Golf berriak, Passat berriak eta Touran berriak. Euskal Herrian ekoizten den modeloa, Poloa, ez litzateke egongo iruzurraren barruan. Baina salbuespena litzateke, Euro 5 araudiari lotutako VW gehienak susmopean baitaude, baldin eta EA 189 motor diesela badute. 11 milioi auto dira mundu osoan, Volkswagenek onartu duenez, eta horietatik erdiak baino gehiago Europan saldu dira.

Volkswagen Landabengo zuzendaritzak aurten 299.589 autoren ekoizpena egongo dela esan zion atzo langile batzordeari, orain arte iragarritako kopuruen barruan, normaltasunaren barruan, alegia. UGTrentzat, albiste ona da, «zer gertatzen ari den kontuan hartuta». Wolfsburgo Landabenen egitekoa den 900 milioi euro inguruko inbertsioaren inguruan, ordea, Nafarroako zuzendaritzak ez du albiste berririk, eta beharginek zain jarraitu beharko dute mundu guztiko eskandaluak Nafarroako plantan eraginik izango duen jakiteko.

Kazetaria: Xabier Martin

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!