"Motibazioa galdutako funtzionarioekin aurkitu nintzen, arazo ugariri irtenbideak proposatzeaz nekatuta". Maria Jose Beumont Lehendakaritza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilariak horrela topatu zuen funtzionarioen egoera departamentura heldu zenean. Gobernuaren egoitza nagusiaren eraikina, berriz, oso egoera txarrean aurkitu zuen: "Ezin nuen sinetsi", aitortu du: argindar instalazio zaharkitua, pipiak altzarietan, erabili gabeko 2.000 metro koadroko espazioa beste egoitza batzuetan alokairu garestiak ordaintzen diren bitartean…
Horrelaxe hasi du Beaumontek ia lau ordu luzeko agerraldia Parlamentuko Lehendakaritza Batzordean. Bere departamentuaren datozen lau urteetako "ekintza lerroen" berri eman du. Foruzaingoari dagokionez, Iruñetik kanpoko polizia etxeak bilatu asmo dituzte. Formakuntza bidez, "estilo berri bat" ezarri nahi du, "elkarrizketaren aldeko polizia eredu eta jarrera enpatikoago eta malguago" baten alde. Delitu ekonomikoen inguruko unitate bat eratuko dute, eta istiluen aurkako materiala debekatuko, hala nola gomazko piloten erabilera.
Polizia desberdinen arteko "justaposizioaz" ere mintzatu da: "Bere egokitasunari buruz ez dago eztabaida seriorik". Beaumontek aipatu du Nafarroan 1.000 biztanleko "zazpi polizia" daudela batez beste, eta Europan hiru direla. "Beraz, gehiegizko kostuak daude". Foruzaingoak eskumenak hartu ahala estatuko segurtasunek horiek alboratu behar dituztela esan du, eta behar izatekotan lurraldea utzi, "logikaz". "Beste lurraldeetan ere egin dute, eta ez da ezer gertatzen".
Aparteko sariak eta hizkuntz profilak
Funtzionarioei 2012an ez ordaindutako aparteko ordainsariaren inguruan, apirilean %25 ordaindu zen, eta urte amaierarako beste %25 pagatuko da. Urtarrilean, berriz, %50 ordainduko da 2016ko aurrekontuen bidez. "Eguneratuta geratuko gara, eta halakorik ezin da errepikatu, baldin eta hondamendi bat ez badago". Datorren urteko soldatari dagokionez, %1 handitzea da borondatea, baina argi utzi du oraindik hori zehazteko dagoela.
Langileria publikoaren azterketa egin nahi dute, hizkuntz profilak zehazteko eta ikusteko zer lanpostutan euskarak exijentzia izango duen eta zeinetan meritu gisa puntuatuko duen. "Duela denbora asko hizkuntz profilak zehaztu izan balira, ez genuke horri buruz hitz egingo, baina ez denez egin, orain egin behar da".
Gobernuaren akordio programatikoan ustelkeriaren aurkako bulego baten sorrera aipatzen da, eta Beaumontek kode etiko bat bultzatuko du. Zehaztu du bulego horren zeregina ez dela izango iraganean esleitutako obren ikuskaritza egitea, ezta Kontuen Ganberaren lanak hartzea ere. "Orain arte inork egin ez duena egingo du bulego horrek".
Bi hilabete daramatza karguan, eta neurri polemikoen artean, Nafarroako Larrialdien Agentzia kentzea eta bertako langile guztiak Barne departamentuko zuzendaritza nagusiaren menpe jartzea erabaki du. UPNk egotzi dio berehalakoan "ondo funtzionatzen zuen atal bat" kendu duela. Beaumontek Sergio Sayasi erantzun dio. "Elefante moduan sartu naizela aipatu da, eta ondo funtzionatzen duen zerbait kendu dudala, baina irakurri dituzu agentziaren estatutuak? Ziur ezetz, errealitatean ez direlako bete. Eredu hori ez dugu zalantzan jartzen, eta erabakia ez da berehalakoan hartu, gogoeta egin ostean baizik".