Ziklo berri baterako akordioa

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko uzt. 2a, 07:12

Adolfo Araiz eta Uxue Barkos, ekainaren 17an, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

UPNk ezarritako politikak aldatzeko 74 orrialdeko dokumentua hitzartu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Neurri sozialek pisu handia dute. Programa akordioa (alderdien berrespena falta da)

[Albistea Berria-n]
 
Arlo sozialak pisu handia du Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak hitzartutako akordio programatikoak. Indar haietako organoek azken oniritzia ematea falta bada ere, atzo 20:46an itunaren edukia komunikabideei eta iritzi publikoari plazaratu zieten. Duela lau urteko UPN-PSN gobernu akordioaren aldean, askoz ere mardulagoa da. 74 orrialde ditu guztira, eta sei esparru nagusi zehazten ditu. Nabarmendu daiteke, besteak beste, krisi ekonomikoak gehien erasandako herritarrentzako neurri sozialak izango dituela ardatz gobernu berriak. Gainera, ekonomian, zerga sisteman, autogobernuan, hizkuntza politikan, azpiegituretan edo gardentasunean UPNren orain arteko politikei buelta handia ematea dute helburu. Azken batean, ziklo berri baterako akordioa izatea dute xede nagusi.

«Azken urteetan Nafarroak bere ongizatean jasan duen atzerakada drastikoa izan da». Halaxe hasten da dokumentu programatikoa, eta UPNren azken gobernuek ezarritako gizarte politikak eta murrizketei aurre egiteko neurriak eta konpromisoak jaso dira. Eskubideen berdintasuna printzipio gisa hartuta, gizarte zerbitzuetan baliabideak hobetu nahi dituzte. Gainera, konpromisoa hartu dute legealdi hasieran Gizarterako Errenta berri bat ezartzeko, lanbidearteko gutxieneko soldata oinarri hartuta egungo baldintzak leunduz. Menpekotasunaren foru lege bat aurrera ateratzea ere espero dute.

Etxebizitza politikan, PAH plataformaren konpromisoak aintzat hartu eta alokairuak izango dituzte ardatz. Eraikuntza berrien gainetik, etxeen eraberritzea sustatuko dute. Hirigintza proiektu handiei dagokionez, Gendulaingo proiektua geldiarazteko asmoa dute, baina epaitegietan izan daitezkeen arriskuak aztertuko dituzte aldez aurretik, eraikuntza enpresei milioika euro ordaindu behar zaien edo ez egiaztatzeko.

Era berean, zerbitzu publikoen defentsa aldarrikatzen dute lau alderdiek. Hezkuntzan, LOMCEren ezarpenaren aurka egingo dute eta PAI (ingelesezko hezkuntza ereduak) berrien ezarpena atzeratuko dute, besteak beste. Nafarroa osoan D eredua eskaintzeko aurreko agintaldian onarturiko dekretua garatuko dute.

Euskaran esparrua egokitu

Euskarari dagokionez, euskal hiztunen eskubideak bermatzeko «arau markoa egokitu» egingo dutela adostu dute, baina Euskararen Lege berri bat egiteko adostasunik ez dute oraingoz. Diru laguntzak berreskuratzeko asmoa dute, besteak beste helduen euskalduntze eta alfabetatzerako, eta euskal hedabideentzako.

Osasunean, Osasunbidearen zerbitzuak bateratzeko bidean urratsak egin eta lan eskaintza publiko bat egiteko konpromisoa hartu dute. Gainera, abortuak egiten hasiko dira osasun sistema publikoan, lehen aldiz. Pribatizatutako zerbitzuak alor publikora itzultzea ere aurreikusten da.

Zerga politikan, iruzurrari aurre egingo diote, eta Sozietate Zergan pizgarriak murrizteko joera hartuko dute. Progresibitatea ezarriz joateko nahia dute, eta EAErekin zerga informazioa trukatzekoa. CANen gertaturikoa ikertzeko batzorde bat sortuko dute lau indarrek. Banka publiko bat eratzeko aukera aztertuko dute, eta CAN Fundazioaren barne egiturak aldatu.

Lan esparruan, CCOO, UGT eta CEN elkarteen Gizarte Elkarrizketaren kontseiluari diru saila kenduko diote, baina oraindik ez dira ados jarri erakundeok kudeatzen dituzten enplegu politika aktiboei buruz. Ekonomia arloan, berriz, krisiari aurre egiteko epe motzeko zein luzeko neurriak aurreikusi dituzte akordioan.

Beste berritasun handietako bat da Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzarekin eta Akitaniarekin harremanak «normalizatzeko» konpromisoa hartuko duela. Horrekin batera, autogobernuaren defentsa irmoagoa iragarri dute, besteak beste, Nafarroaren eskumenak berreskuratzeko, edo zerga ahalmenak handitzeko.

Zortzi arlotako gai batzuetan oraindik ez dute akordiorik erdietsi, testuan jaso dutenez.
 
Joxerra Senar
Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!