Ekainaren 21a zen, baina, sargoriagatik eta jai giroagatik, uneren batean bazirudien sanfermin giroan murgilduta zegoela Iruñeko zezen plaza. Txaranga doinuak plazan eta adin guztietako jendea elkarrekin abesten eta dantzan, aldarrikapen politikoak alaitsu eta irribarrea ahoan egin daitezkeela erakutsiz. Izan ere, uztailaren 7ko zezenketekin zerikusi gutxi zuen atzoko ekitaldi koloretsuak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak milaka lagun bildu zituen atzo Iruñean, eta plazako hiru laurden baino gehiago betetzea lortu zen. Aniztasuna zen nagusi, denetariko jendea elkartu baitzen: gazte kuadrilla ugari, bikote gazte andana ere bai haurrekin, eta makina bat heldu. Belaunaldi guztiek bat egin zuten jai giroan.
Saioa hasi aurretik, goizean, Alde Zaharreko hiru burguak josi ziren oihalen bitartez. Goizeko giro alaiari arratsaldekoak jarraitu zion. Amaia Espinosak azpimarratu zuen Iruñera etorri zela parte hartzera. «Guk ez badugu bat egiten, ez du beste inork egingo gure ordez». Elena Llanesentzat, egun «hunkigarria» izan zen atzokoa, emozioz beterikoa: «Hainbeste jende ikusteak arnasberritu egiten du».
«Besta ikaragarri polita da, eta erabakitzeko eskubidea behar dugulako etorri naiz hona», arrazoitu zuen Imanol Bordak. Itziar Urdanpilleta senarrarekin joan zen ekitaldira, Ataiotik: «Eskubideen garaia da, aukeratzeko eskubidea dugu». Benjamin Ulaiar etxarriarra, berriz, irmoago azaldu zen: «Badugu gogoa Espainiatik aldentzeko, ea baliatzen dugun aukera hau martxan jartzeko». Joseba Beltza bere bikotekide eta haurtxoarekin azaldu zen: «Euskal herritarron, nafarron, erabakitzeko eskubidearen aldeko festa denez, parte hartzera etorri gara».
Aritz Razkin eta haren bi lagunak festaz gozatzera joan ziren, eta «Esne Beltzaren kontzertua aditzera ere bai». Alixi Urrestarazu lagunekin eta familiarekin agertu zen. «Argi dago erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat dela, eta herriari aukera eman beharko litzaioke galdetzeko, zer nahi duen jakiteko».
Ekitaldia hasi zain, aurpegi ezagun batzuk ikusi ziren. Tartean zen Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Belaunaldien arteko lotura zen nagusi plazako harmailetan, eta ekitaldian, berriz, historiak eta etorkizunak hartu zuten protagonismoa. «Iraganik hoberena etorkizunerantz bultza egin gaituena da», azaldu zuten hasieran Urko Aristi eta Estitxu Fernandez aurkezleek.
Lehen zatiak historian pausatu zuten begirada. Gertuko nola urruneko historian elkarri min eginez ibili direla irudikatzeko, akerrez jantzitako bi lagun igo ziren oholtzara eta elkar topeka ibili ziren, zerraldo erori arte. Metafora hori hartuta, Estitxu Fernandezek aipatu zuen aharien garaitik harien garaira pasatzea dela erronka. Nafarroako konkista gogoan, Pettik Lauaxetaren Amaiur gaztelu baltza baltza kantatu zuen. Urko Aristik gogoratu zuen nola Nafarroak erreinua galdu zuen, lehen karlistaldien ostean foruak, eta 1936ko gerran askatasunak: «Inork ez dizkigu itzuli». Jarraian, Enrique Villareal Drogas igo zen oholtzara, eta gerra zibilaren inguruko Sotanas abestia kantatu zuen.
Bigarren zatian, iraganeko begiradari etorkizunak kendu zion protagonismoa. «Gure Esku Dago proiektu eraikitzailea da», esan zuen Aristik. Jarraian, Argentinatik zein Boisetik (AEB) erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak entzun ziren; besteak beste, Pete Cenarrusa Idahoko estatu idazkaria zenaren alargunarena. Zortzi neska gaztek euren gorputzekin zubi bat eta arku bat eraiki zuten, era berean, elkarren arteko beharra adierazteko asmoz.
Giroa berotuz joan zen. Hainbat musika taldetako kideek Kortaturen Mierda de ciudad abestiaren bertsio bat jo zuten, eta geroago, Gora Sartaguda. Sanferminetako doinuak ere entzun ziren ekitaldia azken partera heldu zenean. Mosaiko bidez, isilean egunero lana egiten duten herritarren omenez, jostunek harilkatutako oihalekin mosaiko koloretsua egin zen. Aitor Merino aktoreak eta Itziar Ziga idazleak aldarrikatu zuten nafar guztien beharra dagoela erabakitzeko. «Zer Nafarroa, zer Euskal Herri nahi duzun galdetuta hobeto, erosoago biziko gara». Amaieran, abesbatza batek Gure Esku Dago-ren kanta abestu bitartean, hautetsontzi erraldoia irudikatu zuten zezen plazan, eta jendeak jai giroan parte hartu zuen une oro, txaloka eta kantuan.