Itun Ekonomikoa berrikusita, Nafarroaren zerga ahalmena gainbegira dezake estatuak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 29a, 18:52

Uxue Barkosek atzo izan zuen bere azken eguna Kongresuan diputatu gisa. Bixente Serrano Izkok ordezkatuko du. PACO CAMPOS / EFE

Kongresuari agur esatean, Uxue Barkosek Montorori ohartarazi dio Nafarroako hurrengo gobernuak «irmotasun handiagoz» defendituko duela autogobernua

 

[Albistea Berrian]

Barcinaren legealdi polemikoak azken ondare pozoitsua utziko dio hurrengo gobernuari: Itun Ekonomikoaren erreforma. Atzo onartu zen Kongresuan, gehiengo handiz: UPDk kontra bozkatu zuen eta Amaiur, Geroa Bai, EAJ eta ERC abstenitu egin ziren. Negoziazioetan, estatuaren ordezkaritzak atzera botatzea onartu zuen Auzitegi Gorenean Volkswagenen BEZagatik erreklamatutako 1.500 milioi euroen helegitea. Mehatxua gainetik kentzearen truke, Nafarroako ordezkaritzak onartu zuen foru erkidegoan ezarritako zerga berriak gainbegiratzeko ahalmena izango duela estatuak. Hartara, aldaketa horrekin, Nafarroaren zerga ahalmena blindatu ordez, mugatu egingo da egiazki, unean uneko Espainiako gobernuen zaintzapean.

Osoko bilkuran, gonbidatuen harmailetan izan ziren atzo Lourdes Goikoetxea Nafarroako Gobernuaren jarduneko presidenteordea eta Alberto Catalan Parlamentuko presidenteordea. Eztabaidan, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak gorazarre egin zion Nafarroaren eta Espainiaren arteko leialtasun instituzionalari eta bi gobernuen arteko akordiorako borondateari. «Espainian diren zerga berezitasunen defendatzaile zintzo gisa, konbentzituta nago Itun Ekonomikoaren aldaketa honek sendotu egiten duela politikoki Nafarroaren autogobernu fiskala».

Bestelako interpretazio egin zuen Uxue Barkosek. Atzo utzi zion Geroa Baiko diputatu izateari, eta, bere azken diskurtsoan, Montorori leporatu zion Volkswagenen BEZaren itzulpenen auzia Damoklesen ezpata moduan erabili izana «xantaia egiteko». Barkosen ustez, Nafarroako ordezkaritzak huts egin zuen negoziazioan, VWen BEZaren eta zerga ahalmenaren eztabaida esparruak nahastu zituelako, , eta, hala, estatuari trukea egiteko aukera eman: «Zuk irabazi duzu, Montoro jauna; Nafarroaren finantza erreminta ahultzea lortu duzu». Ohartarazi dio Nafarroako hurrengo gobernuak «orain arte baino irmotasun handiagoz» defendituko duela autogobernua.

«1.500 milioiko xantaia»

Amaiurreko Sabino Cuadrak ildo beretik jo zuen. Gogora ekarri zuen Espainiako Gobernuak VWen BEZaren 1.500 milioi euroen erreklamazioa iragan udan egin zuela, «testuinguru politiko berezi batean», eta estatuak mehatxu hori bere alde erabili duela. Haren irudiko, gainera, UPNk eta PPk hauteskunde kanpainari begira saldu dute bi lurraldeen interesak uztartzea lortu dutela: «Errealitatea bestelakoa da. 1.500 milioi euroen xantaiak funtzionatu du. Historikoki Espainiaren eta Nafarroaren artean eskumen gatazkak izan diren bakoitzean bezala, Nafarroako eskumenen ahultzearekin konpondu da afera».

UPNko Carlos Salvadorrek onurak defenditu zituen: «Poztu behar dugu, Nafarroak etorkizuna baduelako». Barkosi aipatu zion akordio ona dela: «Zertarako balio du Itun Ekonomikoa hobetu daitekeela esateak, foruan inoiz sinesten ez dutenen eskutik osatu nahi bada gobernua?».

Anekdoten atalean, Joan Baldovi Compromiseko diputatuak, Valentziarrok nafarren pareko tratua izan nahi dugu kartela atera zion Montorori; «ez gehiago, ez gutxiago», gaineratu zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!