Arartekoak Erorien monumentuko mezak debekatzeko eskatu du

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 14a, 13:46

Bideko Mitxingorria memoriaren aldeko herrien koordinakunde nafarrak frankismoaren apologiaren aurkako mobilizazioak iragarri ditu.

[Albistea Berrian]

Monumentua Iruñeko Udalarena da, eta horri bideratu die eskaera. Erorien monumentuan daude Mola eta Sanjurjoren gorpuak, eta horiekin batera bertze bost nafar daude lurperatuta. Horietako baten senideek eskatu dute handik ateratzeko, familiaren borondatearen kontra eraman zituztela gorpuzkinak.

Azken urtean hamaika urrats egin ditu Bideko Mitxingorria herrien koordinakundeak hilero Iruñeko Erorien monumentuko kriptan 1936ko altxamenduko protagonisten alde egiten diren mezak debeka ditzaten. Mezak Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak antolatzen ditu. Iruñeko Udalarena da monumentua, baina Elizak erabiltzen du han dagoen kripta. Bi erakunde horiengana jo dute koordinakundeko kideek azken urtean, baina ez dute erantzunik jaso. Ondorioz, joan den apirilaren 29an, Arartekoarekin bilera egin zuten. "Idazkariak hartu gintuen, baina arratsaldean Arartekoaren gutuna jaso genuen. Argi ikusten zuen gure eskaerak bidezkoak direla. Udalari gutuna bidali dio, ondorioz, Artzapezpikutzako arduradunei eska diezaion kriptan egiten diren mezak bertan behera uzteko", azaldu du koordinakundeko kide Maria Santos Santakiteriak.

Kriptan Mola eta Sanjurjo jeneralen gorpuak daude, bai eta bertze bost nafarrenak ere. Gorpu horiek handik ateratzeko eskatu du Bideko Mitxingorriak ere. Jaime Munarrizena da kriptako gorpuetako bat. Haren iloba da Josetxo Munarriz. Koordinakundeko kideekin bat egin du gaurko agerraldian. "Familia duela 30 urte hasi zen osabaren aztarnak berreskuratzeko lanetan; baina oraingoz ez dugu lortu", erran du. 1961. urtean eraman zituzten gorpu horiek Erorien monumentura. "Gure aita ez zegoen ados, baina garai hartan, agintariek esaten zutena bete beste erremediorik ez zegoen".

Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezekin ere bilera egin zuten apirilean Bideko Mitxingorria elkarteko kideek. "Konpromiso bat lortu dugu; artzapezpikuak erran zigun zorrotzagoa izanen dela kriptako giltza uzterakoan, eta ahaleginduko dela uztailaren 19ko meza bertan behera uzten", azaldu du Santakiteriak. Gaineratu du artzapezpikuak onartu duela Iruñeko Udalak eta familiek eskatuz gero, gorpuak kriptatik ateratzeko prest dela. Hilero egiten dituzte Molaren eta Sanjurjoren aldeko mezak, baina uztailaren 19koa izaten da urteko meza nagusia. Uztailaren 18rako, hain zuzen ere, mobilizazioak iragarri ditu memoriaren aldeko herrien koordinakunde nafarrak. Oraindik zehazteke dute zer eginen duten. "Ikusteko dago Iruñeko Udalak Arartekoaren gomendioa beteko ote duen, eta Artzapezpikutzari eskatuko ote dion mezak debekatzeko", erran du koordinakundeko Carlos Otxoak. Epaitegien bidera jotzea ez dutela aztertu erran du, baina bertze erremediorik ez badute eginen dutela argi utzi du.

Edurne Elizondo

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!