Bere bulegoa bilakatu du kanpainaren gune. «Ni bakarrik nago, ez dut talderik atzean; nirekin hitz egin nahi duenak, zabalik du nire atea», erran du Jorge Nietok, Ekonomia Zientzietan doktore eta NUPeko errektore izateko hautagaiak. Bikaintasuna bihurtu du bere mezu eta helburu galiziarrak. Talentua ekarri nahi du Nafarroara.
Azken egunean aurkeztu zenuen zure hautagaitza. Kosta egin zitzaizun erabakia hartzea?
Azken unera arte ez nuen argi izan. Gogoeta egin dut, eta azkenean pentsatu dut bertze ahots bat entzun behar dela unibertsitatean.
Zein da ordezkatu nahi duzun bertze ahots hori?
Hauteskundeetan, oro har, entzuten ez dena. Hauteskundeetan helburua botoak lortzea izaten delako. Nik bikaintasunaren ahotsa ordezkatu nahi dut. Hori da nire helburua. Unibertsitate bikaina lortzea. Argi dut bikain diren bertze hainbat unibertsitateren ereduari so egiten ahal diogula, beti geure buruari so egiten egon ordez. Erakutsi behar dugu ezagutza ekoizten ari garela; giza baliabideak eta berrikuntza sortzen ari garela. Hauteskundeetan halako mezuak ez dira entzuten, ordea. Nik ordezkatzen dudan ahots horrek eskatzen duelako.
Zer eskatzen duzu?
Nik unibertsitateko kideei eskatu nahi diet hobera egin dezatela, bakoitzak bere jardunean. Nik hemendik kanpoko talentua erakarri nahi dut gure unibertsitatera, gure kontratazio sistemak malgutuz. Nik eskatu nahi diet ikasleei, irakasleei eta administrazioko langileei sortzaile eta bikain izateko ideia izan dezatela beti buruan. Inplikazioa eskatu nahi diet. Hori egiten badute, hobetzeko ideia barneratzen badute, bikain bilakatzeko urrats bat eginen dugu denok.
Azken urteotan murrizketak izan dira NUPen. Bikain izan daiteke baliabiderik gabe?
Orain arte, dirua eskatu dugu gure proiektuak martxan jarri ahal izateko. Nik kontrakoa proposatu nahi dut: hau egin nahi dut, finantzatu nahi duzu? Gizarteari ezagutza ematen diogu, eta hori finantzatuko duen jendea bilatu behar dugu.
Arlo publikoaz eta pribatuaz ari zara?
Bai, gobernuari eta enpresei eskatuko diet dirua. Nire asmoa da enpresek finantzatzea masterrak. Hor harrapatu ahal izanen dutelako talentua. Beren interesen alde ariko dira masterra diruz laguntzen badute.
Horrek ez die kontrola enpresei emanen?
Ez. Haiek, guk bezala, ezagutzaren alde egin behar dute. Programak guk egiten ditugu. Haien interesa da ahalik eta ikaslerik onenak izatea.
Bikaintasuna helburu izanda, ez al dago arriskua helburu horretara ailegatzen ez diren ikasleak unibertsitatetik at gelditzeko, bazter geratzeko?
Hainbat maila badira. Hala ere, nik uste dut unibertsitatera datozen ikasle guztiak gai direla masterra egiteko. Baina emaitzak hobetu behar ditugu. Hori eskatu nahi diet irakasleei eta ikasleei. Helburua da talentua duen inor ez gelditzea masterra egin gabe diru arazoengatik.
Ikasleek behin baino gehiagotan salatu dute proposatu den 3+2 urteko sistemak garestituko dituela ikasketak, eta ikasle anitz bazter geldituko direla. Zer deritzozu?
Nik uste dut hiru urteko graduen eta bi urteko masterren sistema ezinbertzean ezarriko dela. Hala ere, nire apustua bertze bat da. Nik 3+1+2 sistema defendatzen dut: hiru urteko graduak, urte bateko unibertsitatearen beraren titulua, batez ere praktikoa izanen dena, eta bi urteko masterra. Sistema horrek aukera anitz jartzen ditu mahai gainean. Masterra ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat bekak izanen ditugu.
Ikasi nahi duten guztientzat?
Bai, nahi duten eta talentua duten guztientzat. Hori izanen da aukeraketa egiteko modua. Erronka da finantzaketa lortzea. Eta hor bilatuko dugu enpresen laguntza.
Azken urteotako murrizketek nola eragin dezakete hurrengo urteotako lanean?
Nik uste dut azken urteotako egoerak nire proposamena indartzen duela. Murrizketak izan ditugu. Baina ez da eman ez digutena eskatzeko ordua. Programak aurkezteko eta finantzaketa eskatzeko ordua da.
Zer bertzelako neurri dira lehentasun zuretzat?
Heldu diren erreformak kontuan hartuta, uste dut gakoetako bat dela lege propioa egitea unibertsitateari buruz, Kataluniak bezala. Horrek aukera emanen liguke, adibidez, kontratu propioak egiteko. Katedradunak kontratatzeko aukera izanen genuke, funtzionario izan gabe. Uste dut lan egiteko modu hobea dela hori.
Euskarari buruz, zer asmo duzu?
Uste dut euskararen egoera egonkorra dela egun NUPen. Eztabaidatzen ahal dugu talde gehiago behar ote diren edo ez. Nik uste dut auzi horrek hiru gako dituela: lehena, gizartearen eskaera; bigarrena, parlamentua "eskaintza handitzea nahi badute, horixe eskatu behar diote NUPi"; eta hirugarrena, finantzaketa. Edozein modutan, euskararen arloan ere bikaintasuna dut nik helburu. Ahalik eta irakaslerik onenak erakartzen baditugu euskarazko taldeetara, euskararen alde eginen dugu.
Taldeez ari zarela, zurea osatzen hasi zara?
Ez. Bakarrik nago. Ez dut talderik. Irabazten badut hasiko naiz jendearekin hitz egiten. Emakumeekin, batez ere, kudeaketa desmaskulinizatu behar baitugu. Ez bakarrik unibertsitatean.
Edurne Elizondo