Julio Lafuenterekin Ikerketarako errektoreorde izan da Alfonso Karlosena Fisika doktorea (San Martin Unx, Nafarroa, 1962). Kudeaketaren esparruan lan hobea egiten ahal duela uste du, eta horregatik aurkeztu du errektore izateko hautagaitza.
Errektoreorde izan zara azken urteotan; zein neurritan jarraitu nahi duzu oraingo bidetik, eta zein neurritan berritu?
Kontinuismoaz hitz egiteak ez du zentzurik unibertsitatean; ez gara alderdi bat. Noski, Lafuenterekin lan egin dut, eta unibertsitateari buruz duen ideia partekatzen dut harekin. Horrek batzen gaitu.
Nolako unibertsitatea nahi duzu?
Unibertsitatearen autonomia aldarrikatu nahi dut nik. Gizarteak ezartzen dizkigun helburuak betetzeko, autonomia behar dugu. Unibertsitateak, gainera, gizartearen garapenean parte hartu behar du, ezin du bakartuta gelditu. Unibertsitate hobea izan dezakegu, nazioartean eredu.
Hautagaitza aurkezteko agerraldian erran zenuen ez zenuela urrats gisa ulertzen.
Gogoz eta ilusioz nago. Errektore izateak, hala ere, etenaldia ekarriko lioke nire ibilbide akademikoari, bai eta ikerketaren arloan egiten dudan lanari ere. Baina argi dut orain lan hobea egin dezakedala kudeaketaren esparruan.
Azken urteotako egoera ekonomiko zaila nabarmendu duzu. Nola baldintzatu du zuen lana egoera horrek?
Azken zortzi urteak zailak izan dira. Murrizketa handiak izan ditugu. Gure egiturari etekinik onena ateratzeko gai izan gara, eta hori da ikasi dugun lezio nagusia.
Zein da oraingo egoera, hurrengo erronkei aurre egiteko?
Baikor naiz. Oraindik ez dakigu gobernuan eta parlamentuan nor izanen den, hau da, norekin hitz egin beharko dugun unibertsitatearen finantzaketaz. Hala ere, egoerak hobera eginen duela ziur naiz; saltzen ari direna egia bada, egoera ekonomikoa hobera egiten ari bada, ordua da guri proiektu berrietan murgiltzen uzteko.
Finantzaketa pribatuari ere ireki nahi diozu atea?
Ikerketaren arloan aritu naiz azken urteotan, eta harreman estua izan dut enpresekin. Enpresen laguntzari buruzkoa, halere, eztabaida engainagarria da. Enpresek dirua ematen dute helburu bat lortzeko. Hau da, gasolina ordaintzen dute, baina autoa zuk jarri behar duzu. Eta denboraren poderioz, autoa izorratu, eta bertze bat erosi behar duzu. Ondorioz, enpresek diruz laguntzen bagaituzte ere, unibertsitatearen egiturak babes handiagoa behar du.
Lantaldeari zein neurritan eragin diote murrizketek?
Lantaldea egonkortzea da helburuetako bat. Une honetan, irakasleen lau postu iraunkor banatzeko aukera dugu. Postu hori lor dezaketen 165 hautagai ditugu. Desoreka handia da. Batetik, egoera ekonomikoak izan du eragina, eta, bertzetik, legez ditugun mugak daude. Erretiroa hartzen duten irakasleen ordezkoak kontratatzeko aukerarik ez dugu.
Hezkuntzaren esparruan izan diren erreformen eragina nabarmendu duzu, halaber, kanpainan. Txarrerako izan dira?
Goi Irakaskuntzen Europako Esparrura egokitu behar izan genuen, eta prozesu hura ez zen gertatu baldintzarik onenetan, krisi ekonomikoak eragina izan baitzuen. Prozesu horrek gainkarga ekarri die irakasleei. Orain heldu diren aldaketek ere izanen dute eragina. Hiru urteko graduen eta bi urteko masterren bidezko sistemak unibertsitatea deshomogeneizatuko duela iruditzen zait, eta zaildu eginen duela ikasleak zentro batetik bertzera mugitzea.
3+2ko sistemak ikasketak garestituko dituela kexu dira ikasleak, eta anitz bazter geldituko direla, ezin izanen dutelako ordaindu.
3+2ko eta 4+1eko sistemek, biek dituzte abantailak eta desabantailak. 3+2koarekin matrikulak garestituko direla egia da. Nafarroan eutsi egin diogu matrikulen prezioari, baina bertze hainbat herrialdetan gora egin dute nabarmen. Horrek ere desorekak eragiten ditu. Hainbat unibertsitate publikotan ia pribatuetako prezioak dituzte, eta ikasleek ezin diete aurre egin.
Graduei dagokienez, eskaintza handitzeko asmoa duzu?
Bai. Uste dut handitzen hasteko garaia dela. Ikasketak ez dira egun batetik bertzera ezartzen, bizpahiru urteko prozesua egin behar da, eta uste dut lanean hasteko ordua dela.
Medikuntzako ikasketak eskaintzearen aldekoa zara?
Nik argi dut Nafarroako osasun sistema publikoak medikuntza fakultatea behar duela. Ikerketa eginen duen osasun sistema behar dugu.
Errektore hautatzen bazaituzte, zeintzuk dira martxan jarri beharreko neurririk premiazkoenak?
Dauzkagun irakasle postuak banatzea; gure egitura birmoldatu behar dugu, halaber, eraginkorrago izateko. Aurrera egiteko eta hobetzeko garaia da, erabat garatzekoa. Barruko komunikazioan ere urratsak egin behar ditugu. Elkarren berri izan behar dugu NUPeko kide guztiok.
Gizarteak ezarritako helburuak betetzea aipatu duzu; euskarari buruz, eskaerari erantzuten al dio NUPek?
Egoera nahiko ona da. Ikasgaiak bikoiztu egin dira azken zortzi urteotan. Edozein modutan, argi dut eskaerari erantzun behar diogula ahal dugun neurrian. Ez da erraza, irakasleen postuek ez baitute hizkuntza soslairik.
Edurne Elizondo