Enrique Martin Monreal ospitaleratu egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 8a, 18:41

Bularraldean mina zuelako eraman dute Iruñeko ospitale bateko larrialdietara.

[Albistea Berrian]

Osasunak baieztatu du. Enrique Martin Monreal Osasunako entrenatzailea ospitaleratu egin dute gaur arratsaldeko lehen orduan. Klubak ez du hasiera batean informaziorik eman, baina jakin denez, bularraldean mina zuelako eraman dute larrialdietara eta ospitaleratu egin dute.

Aste honetan fitxatu du Osasunak Martin Monreal, Jose Manuel Mateo kargutik kendu ondoren. Aspaldiko laguna da Martin Monreal Osasunan, eta zuzendaritzak taldea Bigarren A Mailako zulotik ateratzeko ardura eman diote.  sailkapenean dagoen postu txarretatik. Asteartean aurkeztu zuten Sadar futbol zelaian. "Hurrengo lau partidak irabazi behar dira, hori da helburua".

Aurretik bi aldiz entrenatu izan du Osasuna, eta taldea bere "bizia" dela esan zuen. "Badakit egoera oso zaila dela, bestela ni ez nengoke hemen. Erronka handia da, baina lor dezaket. Ni lokatzetan egotera ohituta nago, eroso mugitzen naiz hor".

Beheko mailen eta bigarren taldearen arduradun izan da azken urteetan Osasunan. Lehen taldeko entrenatzailea ere izan zen. Taldea egoera zailetatik atera ahal izan duelako da ezagun. 1996-1997ko sasoian, Osasunak lau entrenatzaile izan zituen, eta Monrealek liga bukatzeko bost jardunaldi falta zirenean hartu zuen.

Orduan Osasuna Bigarren B Mailarako jaitsieran postuetan hondoratuta zegoen, salbaziotik sei puntura, eta Monrealek lau partida irabazi zituen jarraian harrobiko jokalariekin jositako talde batekin. Azken partidan, matematikoki zuen ziurtatuta salbazioa.

Aurretik, 1993-1994an ere hartu zuen taldea, Pedro Mari Zabalza ordezkatuz, baina ezin izan zuen eragotzi 2. mailara jaistea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!