Hauteskundeak 2015

Bi ereduen arteko talka

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 5a, 09:52

UPN eta EH Bilduko hautagaiek eztabaida gogorra izan dute. Araizek UPNren gehiegikeriak kritikatu eta Esparzak biktimei barkamena ez eskatzea egotzi dio.

Dinbi-danba. Larunbateko boxeo norgehiagokak izan zuen Iruñean jarraipenik atzo, baina ukabilkada errealak beharrean zartako dialektikoak eman zizkioten elkarri Jose Javier Esparzak eta Adolfo Araizek, UPNko eta EH Bilduko hautagaiek hurrenez hurren. Bi eredu jarri ziren atzo aurrez aurre Navarra TVk gauean zuzenean emandako eztabaidan. Bata, Esparza, bi hamarkadaz Nafarroako botere ekonomikoa eta politikoa administratu duen erregimenaren ordezkaria, eta bestea, hori aldaraztea helburu duen alternatibaren ordezkarietako bat da eta maiatzaren 24ko botoen arabera, balizko liderra, Geroa Bai eta Podemos Ahal Duguren baimenarekin.

Eztabaida lau ataletan banatu zen. Hasteko euren burua aurkeztu zuten, eta tarte hori ere Araiz erasotzeko baliatu zuen Jose Javier Esparzak. Eztabaidari baiezkoa eman arren, bere esanetan, «horrek ez du esan nahi EH Bilduri zilegitasunik ematen diola UPNk, ETAren indarkeriaren aurrean barkamena eskatzen ez duen bitartean». Adolfo Araizek kritikari hitz onekin erantzun zion, eta azpimarratu zuen Nafarroan garai berri bati ekin behar zaiola ezinbestean. «UPNri eskertu nahi diot eztabaidatzea, duela lau urte ilegalizazioaren alde egon zelako».

Esparzak aurkezpenaren txanda kritika zabarrerako baliatu bazuen, zer esanik ez bakegintzaren gaia iritsi zenean. Araizek gogora ekarri zuen EH Bildu lau alderdik osatzen dutela eta autokritika egin dutela indarkeriaren garaiaz. «Biktima batzuen mina ez genuen aintzat hartu. Konponbideak bilatzen inplikatu naiz, eta nahi dut etorkizunean inork indarkeria gaitzetsi behar ez izatea. Inportantea izango da behin betiko konponbidea».

Jose Javier Esparzak leporatu zion ez diola terrorismoaren biktimei ez diela barkamenik eman. «Pena izan da», esan zuen. «Nik zuri beti errespetatu zaitut, baina niri bonba bat jarri izan balidate, zuk justifikatu egingo zenukeen». Tankerako mezuak erabili zituen Araizi erasotzeko. «Ezin zara Nafarroako presidente izan», esan zion gero.

Araizek gogora ekarri zion bitan leporatu diotela epaileek talde terroristako kidea izatea eta errugabe jo bietan. «Eztabaida sumina izan bada ere», Araizek eskua luzatu zion «zauriak ixten laguntzeko, esfortzu horretan UPN egotea «garrantzitsua delako». Araizek uko egin zion esku horri eta berriro ere barkamena eskatzeko galdegin zion.

Egoera ekonomikoa hartu zuten hizpide, bigarrenik, baina eztabaidaren tono garratzak jarraitu zuen. Nafarroaren egoera hobetu behar dela aipatu arren, Esparzak EH Bilduri leporatu zion Nafarroaren ongizatearen aldeko inbertsioen aurka egotea beti. «Harro gaude egindakoaz, nahiz eta zuek beti kontra egon arren».

UPNk azken urteetan murrizketak ezarri dituela gogoratzeaz gain, Adolfo Araizen ustez, UPNren gestioa «gehiegikeriak» laburbiltzen du bere ustez. Gogora ekarri du zorra 600 milioi eurotik 3.167 milioi eurora igo dela, eta horren atzean direla itzalpeko bidesariak, Reyno Arena pabilioia eta beste azpiegitura polemikoak. «Milioika euro xahutu dituzue eta horiekin beste gauzetan dirua erabil zitekeen». Bere ustez, azpiegitura horien erabilgarritasun soziala kolokan dago eta zorraren ikuskaritza egin beharra dago.

Irakurketa hori ukatu zuen eta aipatu zuen Los Arcoseko zirkuitura etortzen diren kanpoko pertsonek «gehiago» ematen dutela zorra baino. Reyno Arena ere etorkizunean errentagarri izango dela goraipatu du.

Etorkizuneko neurriei begira, Esparzak azaldu du lau urtetan «langabezia tasa %10era» jaitsiko dutela eta hori lortu ezean, etxera joateko asmoa duela. «Neurgarriak eta sinesgarriak diren 178 neurri» iragarri ditu. EH Bilduk, berriz, 900 neurri iragarri ditu, eta ezinbestekotzat jo du bazterketa sozialarekin amaitzea, eta zerbitzu publikoak defenditzea.

Azkenik, Adolfo Araizek erabakitzeko eskubidea defenditu du. «Nafarroa bere patuaren jabe da eta hori nafarrek erabaki behar dute». Aipatu du, berdintasunetik euskal lurraldeen arteko bategitea defenditzen dutela, baina Nafarroako nortasuna defendituz eta herritarrei galdetuz. Horri buruz «eztabaida lasaia» egitea planteatu du. Nafarrek etorkizuna lau urtero erabakitzen dutela esatera mugatu da Esparza. «Nafarroan jota eta aurreskua, sanmiguel eta denak egotea nahi dugu, beldurrik gabe, askatasunez». «Ez da gauza bera lau urtero botoa ematea, eta gai zehatzei buruz galdekatzea», ihardetsi dio Araizek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!