Iritsi da ordua. LOMCE hezkuntza erreformak ezarritako azterketak egiten hasiko dira datorren astean Nafarroan. Lehen Hezkuntzan ari dira LOMCE legea abian jartzen aurtengo ikasturtean, eta hirugarren mailako ikasleek izango dute lehen proba. 8 urterekin. Azken egunetan mugimendu handia ari da izaten eskoletan. Gutunak bidali dituzte ehunka gurasok, esanez ez dutela nahi beren umeek azterketak egitea. Hezkuntza Departamentuak atea itxi die: «Ebaluazio hori egitea derrigorrezkoa da ikasle guztientzat». Jose Iribasen sailak bidalitako agiriak eskuratu ditu BERRIAk, eta haietan argi diote guztiek egin behar dituztela probak. Ikasleak ez balira probetara aurkeztuko, hurrengo egunetan egingo lizkiekete LOMCEren azterketak, eskolara joatean.
Erreformarekin egindako aldaketa guztien artean, ebaluazioak sortu du ezinegon handiena. Denera lau azterketa zehaztu dituzte: bi Lehen Hezkuntzan, eta DBHn eta Batxilergoan, bana. Denek ez dute eragin bera: DBHkoa eta Batxilergokoa derrigor gainditu behar dira titulua eskuratzeko; Lehen Hezkuntzakoek, teorian, ez dute horrenbesteko pisua izango. Ikasleen maila zein den jakiteko erabiliko dituztela dio gobernuak.
Gisa horretako probak egin dituzte aurreko urteetan, ebaluazio diagnostiko gisa —laugarren mailan; oraingo proba ikasturte bat lehenagokoa da—. Hezkuntza Departamentuko iturriek diote aurreratzea dela aldaketa bakarra. «Probak egokitu dira horretara».
Sendiak, informaziorik gabe
Baina bistakoa da azterketek oso gertu dutela LOMCEren itzala. Ez dute ontzat jo legea hezkuntzako eragile gehienek, eta proben aurka ari dira orain. «Hau hasiera da. Ikasleen hautatze goiztiarra dute helburu ebaluazio horiek, eta arazoak besterik ez dute sortuko», ohartarazi du Sortzen elkarteko bozeramaileak, Gari Torregrosak.
Aitortu du ebaluazio diagnostikoen traza badaukala hirugarren mailako azterketak, baina kezka sortzen die emaitzen erabilerak. Adibide bat aipatu du: «Ebaluazio diagnostikoan, emaitza adierazteko hiru zenbaki erabiltzen zituzten: 1, 2 eta 3. Orain, berriz, ez-gainditua, nahikoa eta halakoak agertuko dira. Eragingo die ikasleei horrek. Lehia izango da».
Azterketa 8 urterekin egitea ez dute begi onez ikusten guraso elkarteek. «Oso goiz da. Departamentuak dio egokituko dituztela azterketa ereduak, baina oso adin txikiei buruz ari gara». Horrekin kezkatuta daudela nabarmendu du Herrikoa gurasoen elkarteko presidenteak, Santiago Alvarezek.
Gobernuak orain arte ez du xehetasunik eman azterketei buruz. Protokolo bat bidali du eskoletara azterketarako jarraibideei buruz, baina gurasoei ez zaie informazio xeherik iritsi, elkarteek diotenez. «Handia da informazio falta: ez dute eman azterketaren ondorioen berri», salatu du Torregrosak.
LOMCEren norabidea argia da ebaluazioan: curriculuma kontrolatzeko bidea da, mailak gainditzeko giltzarria eta alderaketak egiteko bitartekoa. Hori ikusirik, ehunka gurasok adierazi dute ez dutela asmorik seme-alabak probetara eramateko. Hezkuntza Departamentura 950 eskari baino gehiago eraman dituzte hirugarren mailako ikasleen aita-amek.
«Galdezka datozkigu familiak ea azterketa egin gabe utz dezaketen. Egia esan behar dugu: behartu egiten du LOMCEk, eta Nafarroako legeak ere bai», azaldu du Alvarezek. Gurasoen gutunak jasota, Hezkuntza Departamentuari galdera egin diote zuzendari batzuek, ez egiteko aukerarik baden. Ezetz erantzun du. «Guztiek egin beharko dute banakako ebaluazioa. Ez dago salbuespenik».
Gobernuaren abisua
Horren kontra planto egitea familia bakoitzaren aukera izango dela diote guraso taldeek. Torregrosa: «Beren seme-alabentzat onena zer dela uste duten, hori egitera deitzen ditugu gurasoak».
Probara agertzen ez diren ikasleek ondoren egin beharko dutela iragarri du departamentuak; «lehenbailehen» egin beharko dute. Probari uko egiten dioten ikasleak ez «estigmatizatzeko» eskatu du Herrikoak: «Ez diezaietela jar 0. Badakigu horrek zer dakarren».
Azterketa egunetarako, protestara deitu dute. Ikastetxe atarietan bilduko dira 08:45ean lau egunetan, eskolak hasi aurretik. Elastiko beltzez jantzita joango dira. Astelehenean, elkarretaratzea izango da departamentu aurrean.
Lasaitasuna eskatu du gobernuak. Hezkuntza Departamentuko ordezkariek kazeta honi azaldu diote ebaluazio diagnostikoan bezala jokatuko dutela: ez dituztela emaitzak argitaratuko, ez dutela rankingik egingo, eta ez diola ikasleen espedienteari eragingo.
Selektibitatearen itxuran
Barne dokumentu batzuek uzten dute zalantzarako tartea. Batetik, rankingei dagokienez, jarraibideek diote ikasle bakoitzaren txostenean adieraziko dutela zein den bakoitzaren «posizio erlatiboa» batez bestekoaren aldean. Eskolen datuak ere batez bestekoarekin erkatuta egongo dira. Bestetik, espedienteari dagokionez, hau dio curriculumak: ikasleak errepikatu edo ez erabakitzeko, «kasu berezia» egingo zaiela etsamin orokortuei —hirugarren eta seigarren mailako azterketei—.
Presioa nabaritzen ari dira eskoletan. «Selektibitatearen itxura hartu du: helburutzat hartzen ari dira proba. Kasu batzuetan, prestatzen ere ari dira», ohartarazi du Alvarezek. Herenegun bildu zen Nafarroako Eskola Kontseilua, eta gobernuko ordezkariei egin zien kexua Herrikoa taldeak. Sortzen-ek ere nabaritu du: «Presioa sartu diete umeei hiruhileko honetan. Azterketan agertuko diren ariketen gisakoak egiten ari dira». Gogoeta utzi du Torregrosak: «Eragin akademikorik gabeko proba batekin horrelako presioa badago, zer gertatuko da DBHn eta Batxilergoan?».