Delitua egotzi diete, erresistentzia eta desobedientzia larria, 2013ko azaroaren 9an gobernuaren egoitzan ekintza egin zuten bi pertsonei. Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartakada emateagatik epaitu behar zituzten Mugituko lau kideei elkartasuna adierazi nahi izan zieten, protesta haren bidez. Balkoira igo ziren, eskailera bat baliatuz, eta lepotik lotu ziren bi mastetara. Foruzainek askatu, eta atxilotu egin zituzten. Fiskalak eta defentsak hagitz bertzelako irakurketak egin dituzte gertatutakoari buruz. Fiskalak foruzainen lekukotza baino ez du lagun izan. Foruzainen bertsioaren arabera, hain zuzen, urtebeteko espetxe zigorra eskatu du akusatuetako batentzat; bertzearentzat, berriz, zortzi hilabetekoa. Defentsak biak errugabetzat jo ditzatela eskatu du; eta erruduntzat jotzen badituzte, falta egoztea galdegin du. Abokatuak defendatu du, batetik, bi akusatuei ez zietela agindu argirik eman, eta, ondorioz, ez zutela desobeditu; eta, bertzetik, ez zutela inolako erresistentziarik erakutsi.
Defentsak lekukoetako batek egindako bideoa erakutsi du, gainera. "Irudiek argi uzten dute erresistentziarik ez zela izan", nabarmendu du akusatuen abokatuak. Alderantziz gertatu zen, akusatuen hitzetan. Foruzainek lurrera bota zituztela azaldu dute epailearen aurrean, eta burua zanpatu zietela belaunarekin. Argi utzi dute erresistentziarik ez zutela erakutsi. Hiru foruzain izan dira epaiketan, fiskalaren lekuko gisa. Batek erran du lehendabizikoz askatu zuten gazteak erakutsi zuela erresistentzia, batez ere. Bertze batek, berriz, erran du askatu zuten bigarrena izan zela gehien erresistitu zena. Hirugarrenak, berriz, onartu du askatu zituztenean ez zietela aurre egin balkoitik egoitza barrura sar ez zitzaten. Sententziaren zain gelditu da auzia.