Erriberako ahalegina

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko api. 2a, 23:04

UPNri aurre egin nahian, herritar batasuneko hautagaitzak sortu dituzte dozena bat herritan; tartean, Tuteran. Ezkertiar eta abertzaleak ere badira kideen artean.

[Albistea Berrian]

Maiatzeko udal bozetan esperimentu berri bat egitera doaz Erriberan "ezkerreko" ideia politikoak dituzten hainbat lagun: herritar batasuneko hautagaitzak sortu dituzte hamar herritan, eta beste bitan sortzear dira. Haien artean ezkertiar eta abertzaleak ere badira, baina inor ez da aurkeztuko alderdi edo koalizio baten ordezkari moduan. UPN nagusi da Erriberan, eta helburua hura agintetik kentzea da. Hauteskunde elkarte gisa aurkeztuko direnez, herritarren sinadurak biltzeari ekin diote.

Gainera, hautagaitza denen artean koorkinakunde bat sortuko dute. Sustatzaileek BERRIAri esan diotenez, egitasmo hori Erriberarako "historikoa" eta "tresna garrantzitsu bat" izango da.

Halako hautagaitzak eratu dituzte Tutera, Alesbes, Cascante, Cadreita, Cortes, Cintruenigo, Corella, Fitero, Fustiñana eta Fontellasen, eta bidean dira Ablitas eta Milagron. Guztietan UPN dago alkatetzan, lau herritan izan ezik: Cascante, Cortes eta Fontellasen PSN dago, eta Ablitasen bertako "sozialisten independenteen" taldea. Hamabi udalerriotan 73.000 lagun bizi dira, Nafarroako biztanleriaren %11.

Tuteran duela urte erdi bat hasi ziren mugitzen herritar hautagaitza sortzeko. Hasiera haietan sustatzaileek, norbanakoez gain, Ezkerra, EH Bildu, Geroa Bai eta Podemoseko kideak deitu zituzten bileretara. Tuterako EH Bilduk urtarrilean bere batzar batean erabaki zuen ez aurkeztea hautagaitza propiorik maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara, eta CUP (Candidatura de Unidad Popular) bultzatzea —baliteke aipatutako herrietan izen bera ez izatea hautagaitzok—. Aldiz, Ezkerrak eta Podemos Ahal Dugu-k —horrek Tudelak Ahal Du izenpean— beren hautagaitza izango dute han, eta Geroa Baik ere udal zerrenda ateratzeko asmoa du. Dena den, CUPen sustatzaileek diote talde haietako jende bat herritar batasuneko hautagaitzan sartu dela; batik bat, Ahal Dugu-koak.

CUPek larunbatean egin zituen primarioak. 258 lagunek parte hartu zuten. "Tuterarako oso kopuru handia da", diote. Ezkerra koalizioak babes handia du han, eta haren primarioetan 300 lagun inguruk bozkatu dute. CUPek atzo ekin zion bozetara aurkezteko sinadurak biltzeari. Bostehun behar ditu, eta atzo "martxa onean" zihoazen. Gustavo Gil izango da alkategaia; Patricia Lorente joango da bigarren.

Tuteran (35.000 biztanle) 1979-1995 artean PSN egon zen alkatetzan, eta, harrezkero, UPN dago; azkeneko hamabi urteetan, Luis Casado da alkatea. 2011ko bozetan UPNk 5.400 boto lortu zituen (zortzi hautetsi), PSNk 3.651 boto (bost), Ezkerrak 2.868 (lau), PPk 2.595 (lau). Zinegotzirik gabe geratu ziren NaBai (536 boto, %3,3) eta Bildu (382 boto, %2,3).

1999an EH hirugarren indarra izan zen Tuteran, 1.284 boto jasota (bi hautetsi, %8,3). Batzarreko kide Milagros Rubio eta Jose Mari Lakarra zena ziren bi zinegotziak, baina EH utzi egin zuten ETAk urte haren bukaeran su-etena haustean. 2007an NaBaik ere bi hautetsi eskuratu zituen (1.908 boto, %10,9), hirugarren izanik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!