Gaur da legealdiko azken osoko bilkura, eta gai garrantzitsuak dituzte eskuartean. Horietako bat da emakumeen kontrako indarkeriari buruzko lege berria. Aho batez onartu du Parlamentuak. Estatu indarkeriaren biktimei buruzko legea ere onartuko dute, eta CANi buruzko ikerketa batzordearen ondorioak bozkatuko dituzte.
Parlamentari batzuen azken osoko bilkura izango da. Besteak beste, Patxi Zabaletarena. Yolanda Barcinarentzat presidente gisa parte hartuko duen azkena da.
UPN eta PSNren arteko koalizio gobernuarekin estreinatu zen egungo legealdia, eta horrek aurreratzen zuen lehen bi alderdiek nagusigoa izanen zutela parlamentuan. Aginte makila astin zezaketen biek, eta apenas tarterik utzi gainerakoei. Haatik, gobernuaren hausturak aukera hori zapuztu zuen, eta legealdiaren azken bi urteetan onartu direnez lege gehienak, aukera handiak ireki dizkie beste alderdiei. Dena den, PSNk izan du beti azken hitza, eta, legearen arabera, alde batera edo bestera egin du.
Hala, UPNri bizkarra emanda, PSNk oposizioko beste alderdiekin batera makina bat foru lege onartu ditu. Legeok, ordea, Madrilgo gobernuaren aurka talka egin dute, PPren exekutiboak hamabi legeri errekurtsoak jarri dizkie eta. Bestalde, PSNk UPNrekin bat egin du, eta hauspo horri esker, lege erabakigarriak atera dituzte biek aurrera.
EUSKARAREN LEGEA
PSN, Ezkerra eta Geroa Bairen ekimenez eta Bildu zein Aralar NaBairen aldeko botoekin, 1986ko Euskararen Legea moldatu zuten otsailaren 19an. Eremu ez-euskaldunean ikastetxe publikoetan D eredua eskaintzeko aukera ahalbidetuko du legeak. UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten, euskara inposatzea egotzita.
'BESTE' BIKTIMEN LEGEAK
Alde batetik, gaur onartuko da lege garrantzitsu hori, PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bairen botoekin. 1951tik aurrera polizien eta eskuin muturreko taldeen biktimen aitorpena egiten du, eta aitorpen zein ordainerako batzorde bat eratuko da, kasuok ikertzeko asmoz. Bestetik, 2013ko azaroaren 14an, Ezkerra, Bildu, Aralar-NaBai, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin, 36ko gerrako biktimen legea onartu zen. Besteak beste, legeak behartzen du biktimen aldeko plakak jartzera gobernuaren eta parlamentuaren egoitzan, urtero omenaldi bat egitera Ezkabako gotorlekuan eta frankismoari lotutako ohorezko sariak baliogabetzera.
ZERGA BEREZIAK
Nafarroaren zerga ahalmena baliatuta, bi zerga berri ezarri dira legealdi honetan: argindar ekoizpenaren zerga eta gordailuen gaineko zerga. Bi kasuetan PPren gobernuak auzitara jo zuen. Gatazka handiena argindar ekoizpenaren gaineko zergak eragin zuen. Erregimen komuneko zergadunek ez bezala, Nafarroako eguzki plakak ezarri dituzten 9.000 familiek ez zuten zerga hori zertan ordaindu. Foru legea aho batez onartu zen, baina Espainiako Gobernuak errekurtsoa jarri zuen, eta iazko ekainaren 26an Konstituzionalak arrazoi eman zion.
Ebazpenak auzitan jartzen zuen Nafarroak zerga berriak ezartzeko ahalmena. Hori dela eta, gatazka piztu zen estatuarekin, eta VWen BEZaren afera gehituta, Itun Ekonomikoaren koordinazio batzordeak bi auzi horiek eztabaidatu zituen. Urtarrilean etorri zen akordioa, eta Itun Ekonomikoan Nafarroaren zerga ahalmena blindatzea onartu zuen estatuak. Hala ere, hala argindar ekoizpenaren legea, nola gordailuen zerga Espainiarekin harmonizatzea onartu zuen Nafarroak.
GIZARTERATZEKO ERRENTA
Krisiaren biktimei aurre egiteko funtsezko diru saria den heinean, legealdiaren paradigma bihurtu da. Izan ere, hiru aldaketa nagusi izan ditu. Lehenik, 2012ko urtarrilaren 17an, koalizio gobernuaren barruan, errenta hori jasotzeko baldintzak zorroztu zituzten UPNk, PSNk eta PPk: besteak beste, bi urtean erroldatuta egotea eta jasotzaileak 25 urtetik gora eta 65 urtetik behera izatea eskatzen zuen. Iazko azaroan, UPNren ekimenez, baldintza horiek apur bat leundu ziren. Aldaketa hori nahikoa ez zelakoan, legealdiaren hondarrean, otsailaren 26an, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren ekimenez eta PSNren aldeko botoekin errenta jasotzeko baldintzak leundu dira, eta diru sariak handitu.
OSASUNAREN ERRESKATEA
Futbol taldeak Ogasunarekin duen 53 milioi euroko zorra berregituratzeko foru legea onartu zuten UPNk, PSNk eta PPk. Alde batetik, 43 milioi eurotan baloratutako Osasunaren instalazioak bere gain hartu ditu alor publikoak. Ogasunak hasiera batean 35 milioi eurotan baloratu zituen eta, gainera, instalazio horien zorra amortizatzeko 4 milioi euro falta zaizkionez, 12 milioi euro barkatu zaizkiola uste du oposizioak. Gainerako zorra pagatzeko, abantailazko baldintzak ezarri zaizkio Osasunari. Legea onartuta, egun Kontuen Ganbera txosten bat lantzen ari da Osasunaren kontu ekonomikoen inguruan.
GIZARTE ELKARRIZKETA
UPN eta PSNren botoekin onartu zuten legea, azaroaren 6an, eta gainerako taldeek gogor kritikatu zuten UGT, CCOO eta CEN patronalaren aldekoa zela egotzita. Gobernuaren eta gizarte eragileen elkarrizketarako kontseilu bat eratzea proposatzen da, baina erakundeok diruz laguntzeko mekanismoak jasotzen ditu. Hilabete eskas batean, bide azkarretik tramitatu zen legea.
FUNDAZIOEN LEGEA
Nafarroako Kutxa Fundazioaren gobernu organoak egituratzeko legea onartu zuten iazko otsailaren 14an PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik. PSN izan zen legearen bultzatzailea, eta proposatu zuen fundazioaren patronatuko bederatzi eserlekuetatik seik legebiltzarrak aukeratzea, bik gobernuak eta bestea Iruñeko Udalak. Legeak azpimarratzen zuen egungo fundazioak ez dituela gardentasunaren printzipioak betetzen, eta bere zereginak zehazten ditu. UPNk eta PPk kontra bozkatu eta errekurtsoa aurkeztu zuten. Konstituzionalak atzera bota zuen, eta legearen edukia babestu zuen. Hala ere, oraindik ez da indarrean sartu. Horri esker, egun CAN fundazioak gobernuak izendatutako patronatua du, eta falta den informazioa emateko ezinbesteko rola jokatu du.
HAUSTURA HIDRAULIKOA
PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Geroa Baik eta Ezkerrak onartu zuten Nafarroan fracking-a debekatzeko foru legea. PPren gobernuak errekurtsoa jarri zuen, eta abenduan Konstituzionalak debekatu egin zuen.