Korrika 19

Erriberan igaroko du eguna Korrikak

Erabiltzailearen aurpegia

Araban egin du zazpigarren eguna Korrikak. Gogo bereziz hartu dute Arabako Errioxan, aspaldi pasatu gabe baitzen handik. Elur, euri eta eguzki, denetik izan dute bidean lasterkariek.

[Albistea Berrian]

rriberan ibiliko da gaur Korrika. Goizaldean igaroko ditu Lodosa, Andosilla, Milagro eta beste hainbat herri, eta eguerdi partean espero dute Tuterara heltzea. Gorantz joko du gero, arratsaldean Caparroso, Pitillas, Erriberri eta Tafalla igaroko dituelarik. Aibarren amaituko du zortzigarren eguna Korrikak.

Zazpigarren egunean zeharkatu zuen atzo Korrikak Euskal Herriaren zazpigarren alaba. Ez da izan jenderik gehieneko eguna, baina irudi ederrak utzi ditu, inguruko euskaltzale eta euskaldunen ahalaren erakusle. Goizaldean Aiaraldetik etorrita, Arabako ia kuadrilla guztiak zeharkatu zituen atzo euri, kazkabar, elur eta eguzki artean: Zuia, Añana, Arabako Errioxa...

Kazkabarra bete-betean zen Altubeko gaina pasatzean. Zero gradu markatzen zituen termometroak Ametzagan, Izarran... Eta hogeiren bat gazte AEKren furgonetaren atzetik; asko, praka motzetan eta kamiseta hutsean. Bide gehienean kopuru hori mantendu zen, baina Añanatik Trebiñurako tarte batean bakarrik geratu zen gizon bat, lekukoarekin: Izquierda Mirandesako ordezkaria. Kuartangora bidean, tropelean sartu ziren Langraizko eskolako ikasle eta irakasleak. Aurrerago, EHNEko bi kide, lasterka, sindikatuko banderak astintzen eta, aldi berean, oihuka: «Baserrian ere, euskararen alde!».

Kilometro «intimoak», arduradunen hitzetan. Kuartangora bidean, garagardo bat ere atera zuten furgonetatik. Eta korrikalari gazteek, edan. Geratu gabe, dantzan eta saltoka jarraitu zuten bidea. Animatzaile ona zuten furgonetan, Zaldieroa komikilariaren zinta gogora ekarriz: «Egun hauetan, hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala. Orain, zuek zarete zoro zoragarri horiek». Ez zen gutxiagorako.

Trebiñu eta Arabako Errioxa

Argantzundik sartu ziren Trebiñura, 13:00 pasatuta. Herri sarreran, ikastolako irakasleak zain. Aurrerago, Arrasate, Aretxabaleta (Gipuzkoa) eta Gasteizko lagun talde bat. «Uda guztietan etortzen gara Baxaurira, eta herriko elkarteak erosten du kilometroa. Aurten bi erosi dituzte, eta guk egingo dugu bat». Gauean Vianan ere egin zuten korrika, Aretxabaletako gazte asanbladaren kilometroan. Trebiñun hasi zen duela lau urteko Korrika, eta «gogorra» izan zela azaldu zuten —Guardia Zibilak kontrolak jarri zituen—, baina «polita»: «Eremu hau ez da hain euskalduna, eta berezia izan zen».

Ordurako, eguzki izpi batzuk atereak ziren laino artetik, Korrikara hurbildutako arabarren gozagarri. Herrerako mendateak ez zuen itxura onik, ordea. Goizean, itxita eduki zuten, elurragatik. Azkenean, ireki zuten berriz, Korrika heltzerako. Geruza zuri lodi batek hartuak zituen bide bazterrak, eta, tarte batzuetan, zuri zegoen errepidea ere. Egin zuten aurrera euskahaldunek, dena den. Benetako mendigoizaleekin nahastu zitezkeen atzean geratutakoak soinean petorik ez balute.

Handik, Arabako Errioxara itzuli zen berriz Korrika, aspaldiko partez. Gogoz hartu zuten Guardiako, Eltziegoko eta Lapuebla de Labarcako herritarrek: dozenaka irten ziren lasterka. Tartean, herriko dantza taldeko gazteak. «Gure kabuz joan ginen aurrekoan, eta lehen aldiz hartu dugu aurten kilometroa taldearen izenean». Handik gertu, eskolako irakasle bat, B ereduko bi haurrekin. Lotsati zebiltzan hizketarako, baina ederki ulertzen zuten euskaraz. Iluntzean Oiondik pasatuta, gauean iritsi zen lekukoa Nafarroara, Vianatik. Eta geratu gabe korrika jarraitu zuten «zoro zoragarri» horiek.

Hodei Iruretagoiena