Ondo bidean, etzi, legealdiko azken osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako motibazio politikoko biktimen legea onartuko du. Azken osoko bilkuran izanik ere, legealdiko legerik garrantzitsuenetakoa izango da, Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «orain arte baztertutako biktimei» oroimena, aitortza eta ordaina eskainiko dielako. Ezkerra koalizioaren ekimenez aurkeztu zen azaroan lege proiektua eta atzo Txema Mauleonek defenditu zuen 2010ean ETAren biktimen legea eta 2012an 36ko gerrako biktimen legea onartu ostean, orain «zirkulua itxiko» dela.
Atzo, Parlamentuko presidentetza batzordean legearen edukia eztabaidatu eta bozkatu zuten- Gaur legearen ebazpena bozkatuko du batzordeak. Azkenaurreko urratsa izango da. Atzoko eztabaidan, PP, zatikako zuzenketa bidez, legea bertan behera uzten ahalegindu zen. Eloy Villanuevaren arabera, «ez da ulergarria» PSNk EH Bilduren tesiekin bat egitea. Estatu ikuspuntua eta gobernu ardura izan dituzten heinean, legearekin bat ez egiteko eskatu zion PSNri. Juan Jose Lizarbek erantzun zion EH Bilduren arabera legea «erdibidean» geratu dela. UPNk bat egin zuen PPrekin, bere botoak ezin duela koalizio abertzalearekin bat egin arrazoituta.
Atzo hainbat aldaketa ezarri zitzaizkion hasierako proposamenari. Alde batetik, legea 1951etik urtarrilaren 1etik aurrerako biktimei aplikatuko zaie, eta ez 1960tik aurrerakoei. Bigarrenik, «prestigio sozial eta moral handiko» bederatzi pertsonek osatutako batzorde bat izendatuko du Parlamentuak: psikologian, kriminologian, zuzenbidean, giza eskubideetan, soziologian aditu izango dira. Elkarbizitzaren eta ordainaren batzordea izena hartuko du, eta 2015eko abenduaren 31erako indarrean egongo da. Bost urteko iraupena izango du eta bere helburua «gertakariak finkatu eta ikertzea izango da». Hirugarrenik, motibazioko politikoko biktimen aitortza egiteko eskabideak zehazten ditu legeak.
EH Bilduk zuzenketa bidez torturaren gaia lege horretatik at uztea proposatu du eta gehiengo batek onartu du eskaera. «Funtsezko auzia da, baina lege hau ez da esparrurik egokiena», arrazoitu du Ruizek.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS