CAN auzia: desagerturiko kutxaren peskizan

Oposizioak ikerketa batzordearekin segitu nahi du datorren legealdian

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 21a, 11:04

CAN fundazioak eta Caixabankek jarritako oztopoak salatu dituzte EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak. UPNk eta PSNk ondorioztatu dute CANen galera lege aldaketen ondorioz gertatu zela.

[Albistea Berrian]

afarroako Kutxaren ikerketa batzordeak bi hilabetetan apenas ikertu duen ezer, edo, zehatzago esanda, ez diote ikertzen utzi. Hala ere, Nafarroako Parlamentuak hilabete amaieran jarduera etengo duenez, talde bakoitzak bere ondorioak plazaratu ditu, eta ostegunean bozkatuko dituzte, osoko bilkuran. Atzo, batzordea azkeneko aldiz bildu zen, eta EH Bilduren bi parlamentari taldeek —Bildu eta Aralar NaBaik—, Geroa Baik eta Ezkerrak agiri bateratu bat aurkeztu zuten. UPNren gobernuak izendatutako CAN fundazioak eta Caixabankek informazioa emateko erakutsi duten borondate falta salatu dute, eta, ondorioz, batzordeak ikerketa ezin izan duela osatu gaineratu. Horregatik, datorren legealdian batzordea irekitzeko konpromisoa azaldu dute. PSNk ere bat egin du asmo horrekin.

Ikertzeko borondate eskasaren adierazle garbiena batzordeburuaren jarrera izan da. UPNko Sergio Sayasek hasieratik azpimarratu zuen gainerako taldeek aurretik ondorioak hartuak zituztela, eta, amaieran, ideia berari heldu dio: «Aurrez hartutako ondorioekin eta estrategia batekin politika egitera gatoz hona, eta ikertzeko oso gogo gutxiz». Gainerakoen gogoa neurtu ostean, Sayasek arrazoitu du parlamentu bati ez dagokiola ezer ikertzea, epaileei baizik: «Gaiak auzitegietatik pasatuta, politikarion lana soberan dago, eta epaile eta fiskalen ordua da».

Bi hilabete eskas izan ditu batzordeak, eta parlamentu taldeek eskatutako dokumentazio ugaria ukatu diote hainbat erakundek, tartean CAN fundazioak eta Caixabankek. Ezezkoa emateko, konfidentzialtasun arauak aipatu dituzte. Informazioa urria izan denez, agerraldirik ere ez da egon.

PSNko Juan Jose Lizarberen arabera, «okerra» izan da agerraldirik ez egotea, eta informaziorik eman ez duten erakundeek «zikoitz» jokatu dute. UPNrekin bat eginez, Lizarbek ondorioztatu du legedi aldaketek eragin zutela egoera, eta CANek bankuren batekin bat egin behar zuela, «bakarrik ez zelako aurrera aterako». Dena den, haren ustez, PSNk «ez du arazorik datorren legealdian beste batzorde bat eratzeko eta lanekin jarraitu ahal izateko».

Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, UPNren jarrerarekin egin du topo, «bai batzordeko buruaren bidez, bai CAN fundazioaren bidez». Aralar NaBaiko Xabi Lasak azaldu du Nafarroako Gobernuak utzikeriaz jokatu zuela CAN kontrolatzeko orduan.

PPko Ana Beltranek ere gogor gaitzetsi du batzordeak soilik dokumentazioaren %7 jaso izana. Beltranek ere gaineratu du kontrol politikorik ez zela egon CANen jardueraren gain. Datorren legealdira begira, ordea, PPk oraindik ez du irizpide argirik beste batzorde bat eratu behar den. «Ea zer gertatzen den hauteskundeetan, eta ikusiko dugu».

Geroa Baiko Manu Aierdiren ustez, ez da argitu oraindik zergatik galdu zuen CANek hiru urtean mila milioi euroko ondarea. «Ondorio nagusia da datorren legealdian jarraitu behar duela».

Joxerra Senar @joxerrasenar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!