Larunbatean akordioaren berri eman zitzaien 190 langileei. Batzarrean bozkatzekoak ziren akordioa babestu edo ez, baina gaur arte atzeratzea erabaki dute, langileek itunaren edukia aztertzeko denbora izan dezaten. Faurecia multinazionaleko administrazio kontseiluak ere berretsi beharko du. Biek babestuz gero, apirilaren 1ean indarrean sartuko da sinatutakoa.
CCOOk ohar baten bidez eman du itun horren berri. «Bide bat ireki da ICF Faurecia itxi ez dadin, alternatibak bilatzeko denbora irabaziz eta lantokiaren industria jarduera suspertzeko konpromisoak hartuz». CCOOren arabera, martxoaren 31n lantokia ez ixtea lortu da, eta «ezein langilek irteera traumatikorik izan ez dezan bermeak» lortu dira akordio horretan. CCOOk ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan langileei akordioaren gaineko informazio guztia azaldu arte. Azaldu dute, hala ere, 2015ean 126 langilek lan egingo dutela, eta 2016an 109k. 55 urtetik gorako langileen aldez aurreko erretiroen bidez eta gainerako langileak Faureciako beste lantokietan enplegatuta, «ez da irteera traumatikorik egongo».
Akordioa berretsi zain, CCOOko Industria Federazioa, pozik azaldu da: «Akordioa zentzuzkoa da oso». Txetxu Rodriguez federazioko idazkariaren esanetan, «denbora irabaztea lortu da, multinazional honekin edo Nafarroan ezarri nahi duen beste batekin jarduerari eusteko». «Horretarako beharrezkoa da Nafarroako eragile ekonomikoak, sozialak eta gobernua bera irtenbideen bila inplika daitezen, 2016ko abenduan Faurecia ez dela itxiko esan dezagun».
Bestelako jarrera erakutsi dute ELAk eta LABek. «Ezin da inola ere itun ontzat jo, atalka egindako itxiera oso bat delako», ELAren ustez. Sindikatuak gaineratu du hauxe bildu duela akordiorako oinarriaren klausula batek: «Bi aldeek 189 lanpostu kentzea adostu dute».
Ituneko aldez aurreko erretiroak, langileak beste lantokietan enplegatzea eta borondatezko kaleratzeak ontzat jo arren, LABek nabarmendu du «2016ko abenduan enpresa ixteko asmoari» eusten diola akordioak. LABen arabera, itxiera hiru fasetan egitea bermatzen du adostutakoak: «Itunak ez dio aukera bakarrik ematen lantokiaren lan jardueraren mantentzeari». Langile batzordean CCOOk du gehiengoa, lau ordezkarirekin; ELA eta LABek bina ordezkari dituzte, eta UGTk bakarra.
Gonvarriren eskaintza TSn
Zestoako (Gipuzkoa) TS Fundiciones ohiko langileak Pedro Malagon Donostiako merkataritza arloko epaitegiko titularrak zer erabaki zain daude, Gonvarri Renewable Industries taldeak konkurtsoan eskaintza hobetu ostean.
Eisengiesserei Torgelow alemaniarrarena eta Euskapital Partnersena dira beste bi eskaintzak, eta orain Gonvarrik eskaintza onenak baino %20 diru gehiago jartzea eskaini du: 3,5 milioi euro. 2013. urteko azarotik dago konkurtso egoeran Zestoako fundizioa izandakoa. Gonvarrik hasieratik agertu du hura eskuratzeko interesa, eta langileekin itun bat egin zuen plantako langile ohiak kontratatzeko.
Hala ere, konkurtso administratzaileak Euskapital Partnersen eskaintzaren alde egin du, baina azken erabakia Malagon epailearen eskuetan dago.