Hauteskundeak 2015

Esparzak gainetik kendu nahi du Barcina

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 14a, 10:52

Jose Javier Esparza UPNko hautagaia eta Yolanda Barcina UPNko presidentea, joan den azaroan. JESUS DIGES / EFE

UPNren presidentegaiak ohartarazi du hautagaitza atzera botako duela baldin eta Barcina zerrendetan badago. «Proiektu berritu bat» nahi duela iragarri du, eta atzera egiteko eskatu dio Barcinari

se Javier Esparza UPNko presidentegaiak ez du nahi alderdiaren hauteskunde zerrendetan Yolanda Barcinaren izena agertzea. Bere figura politikoa indartzeko marketin kanpaina oldarkor eta berritzailea ala UPNren presidenteari botatako hordagoa? Galdera hori nagusitu zen atzo, Jose Javier Esparzak Yolanda Barcinari UPNko zerrendetatik ateratzeko gonbidapena egin ostean. Asteon, Nafarroako egungo lehendakariak iragarri du zerrendan «aurreko postuetan» egoteko asmoa duela, eta ustez ez luke arazorik eduki behar. Izan ere, Barcinak babestutako eta bedeinkatutako hautagaia izan da Esparza. Alta, traizio egin dio Barcinari, eta proiektu berritua eskaini nahi duela argudiatuta, erronka bota dio oraindik UPNko buru denari.

Zerrendarekin gertatzen dena gertatzen dela, ustekabeko jokaldi horrekin legealdi tamalgarri bati amaiera emango dio Yolanda Barcinak. Lau urteko bilakaera politikoak ezerk baino hobeto erakusten du izandako higadura guztia. 2009an, Miguel Sanzen hatzak aukeratu zuen UPNren presidente izateko, eta 2011n, alderdiaren gehiengo handi batek berretsi zuen haren hautagaitza hauteskundeetarako. Iruñeko Udalean hiru legealditan pilatutako kapital politikoa legealdi bakarrean irentsi du Barcinak. Haren hutsegiteen zerrenda hain da luzea, gizartean oposizio sendoa eratu baita haren politiken aurka, eta alderdi barruan ere hainbat matxinada piztu zaizkio. Maiz esan ohi da politikari baten arerio handienak alderdi barruan egon daitezkeela, eta atzo baieztatu egin zen.

Esparzaren jokaldiak aditzera ematen du hautagai nagusiak ere ez duela parean nahi. Barcinak gehiago kentzen dio orain UPNri eman baino. Edo hori uler liteke, gutxienez, Esparzak atzo emandako mezuan, lerro artean: «Proiektu berritu bat nahi dut, eta hori, logikoki, oso lotuta dago nafarrei eskaintzeko gai garen zerrendarekin», esan zuen. «Lurralde hau maite dut; nire alderdia maite dut; etxean bezala sentitzen naiz bertan, eta proiektu berritu bat nahi dut». Hala, proiektu berritu horretan Barcinak ez du lekurik, Esparzaren arabera. «Ezinbestekotzat» jo du Barcina zerrendatik kanpo geratzea; bestela, hautagai izateari utziko lioke.

Hordagoa publikoki saltzeko orduan, Barcinari egindako traizioa hitz goxoekin bildu zuen. «Barcina gobernuko presidente da, alderdiko presidente da, eta ibilbide politiko garrantzitsua du. Alderdi guztiak aitortzen dio hori, baita Nafarroako zati garrantzitsu batek ere; hemendik kanpoko ibilbidea ere primerakoa da». Eta hala eta guztiz ere, zerrendatik kanpo nahi du.

Esparzaren arabera, «kontua ez dira pertsonak, proiektua baizik». Barcinaren proiektua Nafarroako Gobernua izan da, eta bertako Landa Garapenerako kontseilari izan da Esparza, baina hark orain dio bere proiektua beste bat dela. «Nire ustez, Nafarroak eskatzen diguna da auzia, UPNren kontseilu politikoak bere garaian eskatu zidan apustua da auzia, eta hori da orain mahai gainean jartzen dudana».

Esparzaren ikuspuntutik, maiatzaren 24aren aurreko kanpainan eta batez ere maiatzaren 24aren ondorengo negoziazioetan Barcinak egin dezakeen ekarpena da arazoa. Kanpainari begira, eskuineko sektorearen mobilizazioa oztopa dezake, baina, batez ere, emaitzen arabera, bozen ondorengo negoziazioei begira, lasta handi bat bihur daiteke.

Orain, Barcinaren teilatu gainean dago pilota. Esparzaren arabera, ez da akordiorik egon bien artean. Ostegunean, Yolanda Barcinak jakinarazi zuen zerrendatan egon nahi duela, eta, ustekabean, atzo erantzun zion Esparzak. «Barcinak Nafarroarentzat onena egin du beti; esan du ekarpena egiten jarraitu nahi duela, eta ziur nago hala izango dela». Hala, bere lekua berriz aintzat hartzeko eskatu dio Barcinari.

Barcinaren zain

Ikusteko dago Barcinak nola erantzungo dion erronkari, horrek emango baititu gertatutakoaren argibideak. Atzera egingo balu, Esparzaren figura politikoa indartuta aterako litzateke. Hauteskundeei begira, hautagaien irudi pertsonalista nabarmendu nahi du UPNk, eta, estrategia horren barruan, Esparzaren ausardia eta autonomia nabarmentzeko taktika bat izan liteke atzokoa.

Barcinak erronkari eusten badio, ordea, alderdiari onura baino kalte gehiago egin diezaioke. Bere hordagoan datza Esparzaren arma nagusia. Izan ere, hauteskunde zerrenda osatzeko prozedura Barcinaren kontrolpean dago erabat. UPN barruko hauteskundeen batzordeak lehen proposamena egingo du, baina batzorde horretan Barcinaren menpeko pertsonek dute gehiengoa: Barcinak, Antonio Sola presidenteordeak, Oscar Arizkuren idazkari nagusiak, Zeus Perez eta Pedro Ibañez kontseilu politiko kideek, Alberto Catalan parlamentuko presidenteak eta Enrique Maia Iruñeko alkateak. Proposamen hori kontseilu politikoak berretsi behar du, eta martxoaren 27an bilduko da.

Esparzaren itzalpean Francisco Iribarren presidenteorde ohia eta Agoizko herrikidea egon liteke. Barcinak uko egin ostean, Esparza beste inor baino lehenago mugitu zen hautagaitza aurkezteko. Urrats hark bidea moztu zion Barcinaren gogokoago zen beste hautagairen bati, eta, gerora UPNko presidenteak babesa adierazi bazion ere, orain ikusi da Esparzak bizkarra erakutsi diola berehala. Gainetik kendu nahi du orain.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!