Peralta eta Purroyren senide bana deklaratzen izan dira gaur lekuko gisa

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 11a, 17:55

Artxanko bermea ordainduta aske geratu ostean, Txuma Peralta da espetxean dagoen auzipetu bakarra.

Nafarroako Justizia Auzitegiko iturriek azaldu dute gaur ez duela inork gehiago deklaratuko. Aurretik, ordea, goizean, Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohiaren aita eta Jose Manuel Purroy zuzendaritzako kide ohiaren koinatu bat izan dira epaitegian lekuko gisa deklaratzen.

Osasunak, berriz, zurrunbilo mediatikoaren erdian jarraitzen du. Oraintxe bertan, Txuma Peralta da behin-behineko espetxealdian segitzen duen bakarra. Atzo arratsaldean, Miguel Artxanko presidente ohiak kartzela utzi zuen 500.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Ostegun zein ostiralean atxilotutako gainerakoekin batera inputatuta jarraitzen du, eta guztiei bost delitu egozten dizkiete: besteak beste, bidegabeki dirua ebastea, kontabilitatea faltsutzea, kirol emaitzetan iruzur egitea eta dokumentuak faltsutzea.

Atzo goizean, Osasunako zuzendaritzako inputatu gisa deklaratu zuten Jose Manuel Purroyk, Sancho Bandresek. Jose Luis Roldanek ere inputatu gisa deklaratu zuen, baina kargurik gabe libre utzi zuen amaieran. Manolo Ganuzak, berriz, lekuko gisa deklaratu zuen.

Kontu asko argitzeko

Auzia hasi besterik ez da egin, eta oraindik kontu asko daude argitzeko. Osasunak salaketa aurkeztu zuenean, 2,4 milioi euro falta ziren, eta Angel Bizkai 24 urtez kudeatzaile izandakoak urtarrilaren 26an Espainiako Futbol Liga Profesionalean (LFP) egindako deklarazioan aitortu zuen 1,6 milioi euro erabili zirela sei partidatako emaitzak saritzeko, horietako batzuk aurkariari galtzen uzteagatik ordaintzeko.

Ordainketak bi higiezin agenteri zein Portugalgo Madeira uharteko Flefield sozietateari egindako fakturen bidez ezkutatu ziren. Bi agente horiek ere atzo deklaratu zuten, Cristina Valencia eta Alberto Noya, horiek ere inputatuta, baina epaileak aske utzi zituen.

Valenciari ekainaren 1ean iaz 900.000 euro ordaindu zizkioten, eta operazio horretan Noyak ere parte hartu zuelakoan dago epailea. Valenciak hil honetan Terrassa Kataluniako klubaren kudeaketa hartu behar zuen, Peraltarekin batera kluba erosi ostean. Erosketa hori, ordea, bertan behera geratu da Osasuna auziagatik.

Dirua, desagertuta

Zenbakiek ez dute bat egiten: partidak saritzea egun delitu bada ere, bidean dirua galdu da, eta epaileak ikertu nahi du noren poltsikoan dagoen. Epailearen arabera, gainera, falta den diru kopurua 3,7 milioi eurokoa da.

Osasunak oso gaizki amai dezake. Ikusteko dago epaileak taldea inputatzeko urratsa egiten duen. Hala egingo balu, Osasunak LFPn aurrekontuaren %15 (1,75 milioi euro) jarri beharko luke berme gisa, baina orain, taldeak ez du dirurik horretarako. Zuzendaritzako kideek erantzun beharko lukete. Gertaeren bilakaera ikusita, gainera, Luis Sabalzaren zuzendaritza okerrenean jarri da, eta Osasunaren balizko desagerpenari nola erantzun aurreikusten ari dira jada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!