Iruñea txalapartarien topaleku izanen da ostiraletik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 10a, 12:04

Hutsun talde iruindarrak Kongresu Mundiala antolatu du.

«Nondik gatoz, zertan ari gara eta nora goaz? Uste dugu badagoela luze hitz egiteko gairik». Mikel Hernandez Hutsun txalapartari taldeko kidea da, eta egun hauetan lanez lepo dabil, gainerako taldekideekin batera Txalaparta Kongresu Mundiala antolatu baitute astebururako. Ostiralean hasi eta igandera arte, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak eta aurkezpenak izanen dira Iruñeko Jazar kultura zentroan.

Euskal Herriaren luze-zabalean txalaparta topaketa anitz antolatu ohi dira, baina, Hernandezek esan duenez, normalean besta giroan izaten dira. «Horrelakoetan ibili ohi garen txalapartariak ados ginen serio hitz egiteko bildu beharra genuela». Horretarako toki egokia da Jazar, lo egiteko eta bazkaltzeko aukera ere eskaintzen duelako. Oraingoz, 80 lagunek eman dute izena, baina antolatzaileek uste dute jende gehiago agertuko dela antolatutako jardueretara.

Ostiral arratsaldean hasiko da kongresua, afinazio tailerrarekin. Egun horretan Hutsun taldeak eskola magistrala emango du: beraiek sortutako kantu bat zatitu eta aztertuko dute. Berriketan taldeak ere ikastaro bat emanen du, erritmo flamenkoen inguruan. Asteburuan, Eneko Abad, Erlantz Auzmendi, Josu Goiri eta Ttotelkaren hitzaldiak izanen dira. Horretaz gainera, proiektu berriak aurkeztuko dira: Nando Talok beirazko txalaparta, Enrike Hurtadok eta Beñat Iturriotzek txalaparta digitalarekin egindako esperimentuak, Aitor Beltranek Ttakun 3.0 proiektua, eta Pablo Ttotelkak txalaparta elektronikoa eta txalaparta soinuen biblioteka.

Jarduera garrantzitsuenetako bat larunbat arratsaldean izanen da, bazkaldu ondoren. Txalapartaren egoerari buruz hausnartu eta eztabaidatzeko saioa eginen dute. «Txalapartari gehienek gure kabuz ikasi dugunez, txalapartaren bilakaerari buruz eta irakasteko moduez hitz egiteko beharra ikusi dugu», azaldu du Hutsuneko kideak. Izan ere, musika eskolan oso gutxitan irakasten da. Gainera, zenbaitek kritikatu egin dute gaur egungo txalapartari batzuek egiten duten lana, salatuta albo batera utzi dutela orain dela 50 urte egiten zena. Gai hori ere mahai gainean jartzeko aukera izanen dute.

Zuhaitz genealogikoa

Serio jartzeaz gainera, izanen da ongi pasatzeko tarterik ere. Horretarako, Ttakungunea prestatu dute, parte hartzaileek elkarrekin jotzeko aukera izan dezaten. «Hitz egin behar dugu, baita jo ere». Elkar ezagutzeko beste modu bat zuhaitz genealogikoa izanen da. Izena eman dutenek txalaparta jotzen noiz, non eta norekin ikasi duten azaldu beharko dute, eta datu horiekin beteko dute zuhaitza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!