Borroka batean min hartuta Tafallan hildako gaztearen kasua ikertzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ots. 11a, 12:36

16 urteko mutil adingabe bat hil da, eta bi beste bi atxilo hartu dituzte, ustez jazoerarekin lotuta. Udalak dio gertaera «bakana» izan dela

Atzo arratsaldeko lehen ordurako Adingabeen Fiskaltzaren esku zegoen auzia, eta esateko deus ere ez zutela zioten Foruzaingoko informazio iturriek. «Ez dugu ezertxo ere erantsiko». Baina ordurako jakina zen Tafallan (Nafarroan) astelehen iluntzean izan zen borroka batean min hartutako 16 urteko mutil nerabe bat hil berria zela —atzo goizean eman zuten haren heriotzaren berri; Nafarroako Ospitale Gunean zegoen, baina ezin izan zituzten zauri larriak osatu—, eta beste bi mutil atxilotu egin zituztela foruzainek, gertaerarekin lotura izan dezaketelakoan. Adingabeak dira bi atxilotuak ere: 15 eta 16 urteko bi nerabe.

Atxilotutako gazteen egoeraren berri ez zuten eman, ordea, foruzainek. Ikerketaren gaineko azalpenik ere ez; hainbat iturrik nabarmendu zuten, hala ere, hildako mutil gaztea saiatu zela neska gazte bat defendatzen; beste hainbat gaztek haren kontra egin zutela diote, eta hildako nerabea neskaren aldeko agertu zela. Ikerketa hori argitu nahian ari da.

Gazteen arteko liskarra, hainbat lekukoren arabera, Tafallako Kale Nagusian hasi zen, herriko kaskoan. Hainbat auzok atzo hitza hartu zuten, zer ikusi eta entzun zuten esplikatzeko. Zenbait testigantzaren arabera, neska talde baten barruan hasi zen ikamika, eta ondoren sartu ziren tartean hainbat mutil. Segidan agertu zen han biktima ere. Kale Nagusitik, liskarrean zebiltzan gazteak inguruko irteerarik gabeko kale itsu batean sartu ziren, eta, han zauritu zuten gaztea. Larriki.

Tafallakoa zen, eta, hainbat auzoen arabera, oso ezaguna herrian. Institutuko Politeknikoan ziharduen eta atzo bertan eskolak bertan behera utzi zituzten; manifestazio bat ere egin zuten gertatutakoa salatzeko. Ilunabarrean beste elkarretaratze bat egin zuten, Tafallako Udalak deituta. Jazoera «tamalgarri» bat izan dela esan du, baina «bakana».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!