Euskararen Legea, aldatzear

Euskararen ezagutzak gora egin du eremu mistoan

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ots. 3a, 19:17

Eremu euskaldunean, ordea, ezagutza zertxobait apaldu da, betiere Jose Iribas kontseilariak plazaraturiko datuen arabera.

Mapa soziolinguistikoaren datuak plazaratu ditu Nafarroako Gobernuak. Atzeraldia ageri da eremu euskaldunean: bai ezagutzan, bai erabileran. Eremu mistoan eta ez-euskaldunean handitu egin dira ezagutza eta erabilera.

Orain hiru bat aste iragarri zuen Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak amaitua zutela 2011ko mapa soziolinguistikoa. Kazetarien aurrera atera zen, baina ez zituen datu zehatzak eman; batzuk bakarrik, defendatzeko euskararen legea aldatu beharrik ez dagoela —aldaketa bozkatzeko bezpera zen—. Hiru asteren ostean, arratsaldean aurkeztuko ditu datu zehatzak parlamentuan.

Txostena bera eskuragai jarri dute —gaztelania hutsean; euskarara itzultzen ari dira—, eta gorabehera handiak agertu ditu.

1. Eremu euskalduna. Beherakada nabari da datuetan. %58 herritarrek dakite euskaraz eremu euskaldunean, orain hamar urte baino bi puntu gutxiagok. Areago, orain hogei urte lehen mapa egin zutenean baino eskasagoa da kopurua. Herriz herriko daturik ez du eman gobernuak. Erabilerarena da jaitsiera gordinagoa: hamar urtean, %42tik %34ra apaldu da etxean euskaraz egiten dutenen portzentajea. Gaztelaniaren erabilerak, aldiz, gora egin du, %43tik %48ra.

2. Eremu mistoa. Aurrera egiten ari da euskara eremu mistoan
—tartean du Iruñerria—. Herritarren %12,4k dakite euskaraz; hogei urtean bikoiztu baino gehiago egin da portzentajea. Erdaldun elebakarrak gutxiago dira, baina gehiengo handia oraindik: ia lautik hiru. Etxeko erabileran goraldia ageri da, baina oso baxua da portzentajea: %2,2k egiten dute batik bat euskaraz etxean; tarteka, %4,4k.

3. Eremu ez-euskalduna. Aurrerapen handiena eremu ez-euskaldunean izaten ari da euskara, baina kontuan izatekoa da oinarria oso eskasa zela; oraindik ere oso ahul dago euskara. Biztanleen %3,8k dakite euskaraz —portzentajea ia bikoiztu egin da hamar urtean—. Eskolaren eragina bistakoa da: 14 urtetik beherako umeen artean, %12k dakite euskaraz. Erabilera ere ari da handitzen, baina oso bazterrekoa da oraindik: %0,44k egiten dute etxean euskaraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!