Autogobernuaren aurkako erasoak, Volkswagenen BEZaren mehatxua, murrizketak, gobernu haustura, dimisioak, Nieves auzia, UPN barruko tirabirak, zentsura mozioak, martxokada
Legealdi honetan makina bat polemika eta gai piztu da Nafarroan, baina, zerrenda luzea izanik ere, Nafarroako Kutxaren galera dago puntaren puntan. Begirada atzerago jota ere, zalantzarik gabe Nafarroa astindu duten gai nagusien artean egongo da, lurrikara politikoa izan baita. 92 urteko aurrezki kutxa lurraldean errotuta zegoen, eta oso erakunde garrantzitsua zen hala herritar soilentzat nola lurraldeko elite ekonomiko eta politikoarentzat. Hala ere, haren galbidea eragin duten agintari horiek berek ezer gertatu ez balitz bezala jokatu dute. Beste aldera begiratu dute.
Auzi judizialak, pixkanaka, bere bidea jorratu du, eta parlamentua hiru aldiz ikerketa batzorde bat eratzeko ahaleginean aritu da, erantzukizun politikoak argitze aldera. Alferrik. PSNk eta UPNk etengabe ateak itxi dizkiote aukera horri. Legealdiaren hondarrean, legebiltzarraren jarduera eteteko bi hilabete eskas falta direla, PSNk baiezkoa eman dio laugarrenean, azkenik. Hauteskundeen atarian, bere irudi higatua garbitzeko asmoak dituela ukatzen du PSNk, baina, dena dela haren arrazoia, batzordea abian da azkenik.
Sergio Sayas jarri dute batzordeburu, nahiz eta ikerketa batzordearen aurka bozkatu duen eta haren azken emaitzan askorik ez duen sinesten. UPNk kontrakoa adierazi arren, ikerketa batzordea ez da erretorika politiko hutsa. Nafarroako Kutxaren korapiloan, oraindik hari ugari zintzilik daude. Ikerketa judizialei zein Kontuz bezalako elkarteen eta kazetarien lanari esker, informazio ugari bildu da, baina asko falta da jakiteko. BERRIAk ikerketa batzordearen nondik norakoei jarraitzeko gida bat proposatzen du, orain arte jakindakoaren eta batzordeak ikertu beharko lukeenaren mugak zehazturik. UPNk eta PSNk izango duten jarreraz zalantza handiak badaude ere, beloa altxatu eta gertatutako guztia argitzeko ordua iritsi da.
1) HEDATZEA. 2010erako 510 bulego izatea zuten xede
ZER DAKIGUN
Nafarroatik kanpo, bere presentzia handitu ahal izan zuen: alde batetik, Errioxan, Aragoin, Madrilen eta Bartzelonan; bestetik, lehen aldiz, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetara hedatu zen. 2003an 235 bulego izan ondotik, 2008a 379 zituela amaitu zuen, eta 363 milioi euro inbertitu zituen. Haren egiazko helburua zen 2010ean 510 bulegora iritsi eta 600 milioi euro inbertitzea. 2006tik aurrera erritmoa hain zen handia, astean sukurtsal bat ireki ere egin zuen. Lokalik garestiena Bilbon Banco Urquijori Plaza Biribilean erositako sukurtsala izan zen: 9,9 milioi euroren truke. Garestienetan hurrengoak Zaragozako El Coso 42koa (8,9 milioi) eta Gasteizko Independentzia 36 helbidekoa (7,1 milioi euro) izan ziren.
Bulego berri horietan egiten zen finantza negozioak fruitu gutxi eman du. EAEn irekitako 63 bulegoek, gordailuen eta kredituen artean, 970 milioi euroko negozio bolumena zuten. Bulego gehiegi bolumen horretarako. Espainian eta Bartzelonan, berriz, negozio gehiago zuten, baina krisia piztu zenean banatutako kreditu ugarik kale egin zuten, batez bestekoetatik oso gora. Adibidez, Madrilen, 2009an, higiezin arloko enpresen kredituen %34k arazoak zituzten, eta Aragoin %15ek.
Lokalak erosteaz gain, CANek bulegoen itxura eta estiloa eraldatu nahi zuen, eta urtero 20 milioi euro gastatzen zituzten erreformetan. Prozesu horri, batik bat, eraikuntza enpresek atera zioten etekina. Besteak beste, ACRk, Construcciones Lambertok eta Obenasak.
ZER EZ DAKIGUN
Falta da jakitea sukurtsal bakoitza zenbat kostatu zen, nori erosi zitzaion lokal bakoitza, eta fabore traturik egon al den. 2010eko kontuetan jada 46 milioi euroko doikuntza bat egon zen, eta jakin behar da ondorengo urteetan kapitalik xurgatu zuen. Argitu beharko litzateke 2009tik 2012ra nolako bilakaera izan zuten hedatutako lurraldeetan zalantzazko kredituek. Azkenik, jakin behar da zer enpresa baliatu ziren erreformez eta zenbateko faktura eragin zuten.
2) NAZIOARTERATZEA. Atzerriko abentura eroak
ZER DAKIGUN
Enrique Goñi eta bere zuzendaritza ez zen konformatu hedapen planarekin, eta, banku handien modura, nazioartera zabaldu zen. Hasieran, hainbat herrialdetako bankuekin lankidetza hitzarmenak sinatu zituen: AEBak, Polonia, Errusia, Letonia... Gero, hiru ordezkaritza bulego ireki zituen Europan: Erroma, Brusela eta Londres.
2007ko urrian pauso bat haratago joan, eta Nafarroako Kutxak HBW Express Hungariako kreditu kooperatibaren %30 erosi zuen, 5,7 milioi euroren truke. CANen asmoa zen 2009a amaitzerako bankuaren %90 kontrolatzea eta banku txikia Hungariako banku handi bihurtzea. Prest azaldu zen 40 milioi euro jartzeko. Halako operazio batean sartzen zen lehen aurrezki kutxa izan zen, gainera. Inbertsio guztiz traketsa izan zen, bankuak ez zuelako horrenbeste balio. Caixabank-en emaitzen arabera, 2012an Hungariako bankuak 9,7 milioi euroren galerak zituen, eta ondare negatiboa zuen; hots, ziurrenik, CANen inbertsioaren %100 galdu da. Kataluniako taldeak 2013ko martxoan saldu zuen bere partaidetza.
Ameriketako Estatu Batuetako abentura ere ez zen askoz hobea izan. Washingtongo Pennsylvania 1701 helbidean, Etxe Zuritik eta Kapitoliotik kilometro eskasera eta Nazioarteko Diru Funtsaren egoitzatik gertu, bulego erraldoia inauguratu zuen 2010eko ekainean. Erreserba Federalaren baimenik ez zuen eskuratu, eta irekita egon zen bi urteetan ez zuen finantza jarduerarik izan. Bulego hori kudeatu zuen Nafarroako Kutxaren enpresak, Conciban USA delakoak, 3,4 milioi euroren galerak izan zituen 2010. eta 2011. urteetan, eta 4,8 milioi euroko ondare negatiboarekin amaitu zuen. Enpresa horrek langile baino kontseilari gehiago zituen, gainera.
ZER EZ DAKIGUN
Ikerketa batzordearen zereginetako bat izan behar luke behingoz argitzea zenbatekoa izan zen kostua: ordezkaritza bulegoarena, lankidetza akordioena, HBW Expressen inbertsioaren nondik norakoa eta Washingongo bulegoa. AEBetan ez zuen finantza jardueratik, baina argigarria litzateke zehaztea Conciban USAko kontseilariek zerbait kobratzen zuten, langileei zenbat ordaindu zitzaien eta zenbatekoa zen bulegoaren alokairua.
3) ENPRESA KULTURA. Lau langiletik bat, erretirora
ZER DAKIGUN
Iruñeko udal aurrezki kutxarekin bat egin ostean, 2001ean, 158 langilek hartu zuten erretiro aurreratua. Bikoiztasunen ondorioz, zentzu ekonomiko bati erantzun zioten. Alta, 2002tik Goñik langile helduenak erretiratzen jarraitu zuen; 2009ra bitarte beste 343 langile erretiratu ziren, eta 189 milioi euroko kostua eragin zioten CANi. Horietatik hogei inguru sindikatuetako eta zuzendaritzako ordezkariei lotutako erretiro aurreratu bereziak dira.
CANek langile helduen ezagutzari uko egiten zion bitartean, hedapen plana elikatzeko mila langile inguru kontratatu zituen. Zuzendaritza ere nabarmen handitu zen. 2001ean bost goi kargu bazeuden, Enrique Goñiren agintaldian urtero aldatzen zen organigrama, 2008an 30 pertsonatik gorako taldea osatzeraino. Neurri berean, soldatak ere handitu ziren; aurrezki kutxako barne iturrien arabera, 300.000 eurotik gora kobratzen zuten zuzendaritza taldekoek.
Soldata handiena Enrique Goñik berak zuen. 2005ean, Ricardo Marti Fluxa, Jose Antonio Asiain eta Alberto Alonso Urebak osatutako talde berezi batek egoera aztertu, eta Goñi «enpresaren egituran atxikitzeko asmoz» kontratua blindatu zion: 2005ean 500.000 euro kobratu zituen, eta 2010ean milioi bat euro. Ideia bat egiteko, Goñiren aurrekoak, Lorenzo Riezuk, 200.000 euroko soldata zuen. Gerora antzeko kontratua egin zitzaion Juan Oderiz korporazioko buruari. CAN galbidera eraman zuten zuzendariek aurrezki kutxaren historiako soldata onenak izan zituzten.
ZER EZ DAKIGUN
Erretiro aurreratuen azken faktura langileen kontratazioarekin alderatzeko zeregina zehaztea falta da. Era berean, argitu beharko litzateke salbuespenezkoerretiro aurreraturik eta pribilegiozko fabore traturik egon al zen. Horien artean egon daiteke Jesus Pejenaute zuzendariordearen irteera. Nafarroako Kutxaren zuzendaritza taldearen soldaten egiturari buruz gaurdaino ez du ezer argitu CANek. Kanpotik goi kargudun ugari fitxatu zituzten, eta horien kostuak neurtu beharko lirateke. Adibidez, Jose Manuel Aiesa CEN patronaleko buruzagiaren semearena.
4) FABORE TRATUAK. Kreditu, dieta, opari eta artelanak
ZER DAKIGUN
2002tik 2012ra bitartean, administrazio kontseiluko edo kontrol batzordearen bileretara joateagatik, guztira 8,2 milioi eurogastatu zituen kontseilariak saritzeko. Hamar urteotan ezein kontseilarik ez zuen zuzendaritzaren gestioari buruzko kritikarik eta zalantzarik agertu.
Nafarroako Kutxako kreditu deigarrien artean: Benito Jimenez Cambra kontseilari izendatu eta gutxira, haren enpresak, Congelados de Navarrak, bi milioi euroko mailegu sindikatu bat jaso zuen, eta CANek milioi bat euro jarri zituen. 2008an, CANek enpresaren %25 erosi zuen. Jose Antonio Sarria CENeko buruaren Newark paper enpresak 1,3 milioi euroko mailegua jaso zuen. Sanzek ere bi kreditu jaso zituen zoru bat erosteko. UPNko Carmen Ferrerrek %0ko interes tasako 12.500 euroko kreditua jaso zuen.
CANeko gobernu organoek kode etiko bat zuten, eta galarazi egiten zien balio handiko opariak jasotzea. Barcinak, Sanzek, Roberto Jimenezek, Carlos Garcia Adanerok eta Alvaro Mirandak 2010ean, administrazio kontseilua uztean, Frank Muller eta Rolex markako erloju bana jaso zuten, «egindako lana eskertzeko». Gainera, Jose Antonio Asiainen abokatu bulegoak CANentzat lan egin du, baina Asiainek dio hark ez zuela jada bertan lan egiten; bai, ordea, haren semeak. CANentzat lan egindako erakunde eta pertsonen zerrenda luzea da: tartean daude Alberto Alonso Ureba lege aholkularia eta Espainiako AFI elkartea.
Bada azken atal ilun bat: ondare artistikoa. Kontuz-en arabera, 157 artelan falta dira, tartean artistikoki garrantzia duten obrak. CCAN Arte 2005 enpresak kudeatzen zuen eta bertan zeuden Pedro Diaz Beristain, Juan Oderiz eta Alberto Pascual.
ZER EZ DAKIGUN
Nafarroako Kutxaren egitura osoko dieta guztiak egiaztatu beharko lirateke. Zehaztu beharko lirateke kontseilari guztiek jasotako maileguak, eta, behingoz, argitu beharko litzateke CANentzat fakturatu duten enpresa guztien zerrenda osoa, ikusteko loturarik ba ote zegoen enpresen eta CANeko zuzendari edo kontseilarien artean. Azkenik, ondare artistikoaren inbentarioari heldu beharko litzaioke artelanak desagertu ote diren jakiteko.
5) HIGIEZIN OPERAZIOAK. Negozio kolpeak helburu
ZER DAKIGUN
Nafarroatik at, eraikuntza enpresekin elkarlanean, hirigintza proiektuetan sartu zen: guztira, 6.000 eta 7.000 etxe artean eraikitzeko proiektuak zituen. Negozio batzuk etekinak eman zituzten, baina beste asko galera iturri bihurtu ziren. Espainiako Bankuaren arabera, higiezin negozioetan 366 milioi euro zituen banatuta maileguetan, eta 2009ko irailean horietatik 230 milioi jada arazoekin zeuden.
Bazkideen artean, Nafarroako eraikuntza enpresak daude (Avanco, Proginsa, ACR, MRA, Larcovi, AISA-Aldabea, Gesprad, Urbanizadora XXI), baita Nafarroatik kanpokoak ere (Fadesa, Rio Vena, Llanera, GM
). Adibidez, Asturiasen, Antonio Catalan negozio gizon corellarrarekin batera, Oviedoko La Manjoya auzoan 3.000 etxebizitza egiteko hirigintza proiektu batean sartu ziren. Sozietatearen partaidetza saldu ostean 100 milioi eurotik gora irabazi zuten, baina Espaniako Ogasunak 40 milioi euro erreklamatu zizkien. Auzitegi Nazionala ikertzen ari da operazio hori.
Bartzelonan, Cipsa agentziak zoru salerosketa proposatu zion CANi. 5,5 milioi euro inbertitu eta CANek 21 milioi euroko mailegua eman zuen. Cipsak beste lau kutxekin antzeko negozioa egin zuen, eta Bartzelonako fiskala Cipsa ikertzen ari da, operazioen atzean ez zegoelako ezer. Abenduan poliziak hiru arduradun atxilotu zituen, eta CAN zein beste lau kutxetako buruek parte hartu ote zuten argitu nahi du.
Proiektu horietariko asko zoruen erosketarekin hasten ziren, eta azkenean operaziook CANek irentsi ditu. Horietariko bat da Logroñoko Crown Cork fabrikaren orubearen erosketa (27,9 milioi eurokoa). Guztira, 144 milioi eurotan finantzatutako zoruak irentsi behar izan ditu CANek.
ZER EZ DAKIGUN
Batzordeak ondo aztertu beharko lituzke higiezin arloko operaziook, zantzu handiak baitaude egoera ona zenean irabaziak partekatzen zirela, baina gauzak txartzen zirenean CANen gain geratzen zela zama guztia. Hirigintza operaziook CANi kapitalean eragindako zuloa egiaztatu beharko litzateke. Kutxak bere adreilu negozioak Cubican taldean biltzen zituen, eta 26 milioi euroren galerak pilatu zituen 2010etik 2012ra.
6) INBERTSIOAK. Goñiren gestioaren atalik ilunena
ZER DAKIGUN
2000n 51 enpresa partaidetza zituen eta hamarkada bat geroago, 80 enpresa zituen. Partaidetzak salerosi egiten ziren, baina orotara inbertsio gordina 400 milioi euro ingurukoa zen. Krisia bitarte irabazi handiak izan zituzten, baina negozio errentagarrienak saldu ostean, krisi urteetan zulo handiak eragin dituzte. CANek inbertsiorik handienak Nafarroatik kanpoko enpresetan egin zituen.
Horietariko bat Isolux Corsan da. Inbertsio estrategikotzat zuen CANek. 2007an zioen 88 milioi euro inbertitu zituela, eta 2010ean Espainiako Bankuak aitortzen zuenez, CANek 79 milioi euroko mailegua eman zion. Oso apustu handia zen, berez Luis Delso enpresaburuak goitik behera kontrolatutako talde batean sartzeko. Euskal Herrian, AHTren obretan edo Nafarroako Ubidean parte hartu du. Zergadunen lepotik, Ciudad Realgo aireportua edo Toledoko autobidea bezalako gehiegikeriei etekin oparoa atera die ere. Dena den, zeharka hainbat irregulartasun kasuren erdian agertu da Isoluxen izena. Inork ez daki zer egiten zuen CANek, baina Nafarroako eta Gaztela Mantxako enpresa eta kutxen arteko elkargune bat izan zen Isolux.
CANek egindako inbertsio guztien artean tamalgarriena Oesia Networks izan zen. 66 milioi euro inbertitu zituen. Enpresa horren negozio adar bat, Tecnobit, teknologia militarrean aritzen da, eta Ricardo Marti Fluxa presidente duen ITP enpresako hornitzaile nagusietako bat da. Operazioaren prezioa Arcano Capital sozietateak jarri zuen, eta, hain justu ere, Fluxa bera izan zen Arcanoko aholkulari. Espainiako Bankuak honako hau zioen operazio horri buruz: «Zalantzak ditugu merkatuko prezioan egin ote diren». Oesiak 2010etik 2012ra 126 milioi euroren galerak izan ditu.
ZER EZ DAKIGUN
Korporazioaren nondik norakoen inguruan, gauza asko dago jakiteko. Horixe da CANen gestioaren atalik ilunena. Goian aipatutakoak bi adibide baino ez dira, baina kasu gehiago badira, eta horietako batzuk Auzitegi Nazionala ikertzen ari da. Gertutik aztertu beharko litzateke Nafarroako Gobernuaren azpiegitura eta erabaki handietan jokatu duen rola: Nafarroako autobidea, Los Arcoseko zirkuitua, Nafarroako ubidea, Sendaviva, Iberdrolaren %1ren erosketa...
7) BANCA CIVICA. Aurreranzko ihesean, porrot egin arte
ZER DAKIGUN
Ustez, Nafarroako Kutxa egoera onean zen 2009an. Kontu liburuek zioten 1.300 milioi euroren baliabide propioak zituela, eta koltxoi horrek tartea ematen zion gainean zen finantza krisiaren aurrean bazkide egokiak topatzeko. Hala ere, kontrakoa egin zuen, eta beste aurrezki kutxak baino lehenago mugitu zen: 2009ko udazkenean, Caja Canariasekin eta Caja Burgosekin bat egiteko asmoa iragarri zuen. Lehen urrats hura erabakigarria izan zen, ez zuelako atzera bueltarik. Oraindik ez da erabat argitu aurreranzko ihesean bere benetako egoera ezkutatzeko erabakia izan al zen, ala bazkideak aukeratzekoan huts egin zuen. Bata edo bestea izan, azken emaitza ikusita, argi dago porrot egin zuela.
Hasieratik, CANek ez zuen ondo neurtu erabakiaren garrantzia, eta ez zuen bere bazkideen finantza egoerari buruzko azterketa zorrotzik egin. Edo ez zuen egin nahi izan. Bat-egitean, ordea, zerbaitek ez zuen funtzionatu. Hasieratik ehunka milioi euroren kapital doikuntzak egin behar izan zituen Banca Civicak, eta ustezko finantza sendotasuna kolokan jarri zen.
Gainbehera betean sartu zen. 2010eko uztailean Europako estres azterketetan kale egin ostean, JC Flowers inbertsiogile estatubatuarrak bankuan inbertitzeko asmoa iragarri zuen. Horrek bai azterketa zorrotza egin zuen, eta %48 inguruko partaidetza exijitu zuen. Banca Civicak uko egin zion, eta Espainiako Bankuak 977 milioi euroren truke Cajasol aurrezki kutxa sartzea jarri zuen baldintza gisa. Hortik aurrera, etorri ziren burtsara ateratzeko prozesua eta amaieran, Caixabankek oso merke, 970 milioi euroren truke, erosi zuen banku guztia, CAN barne.
ZER EZ DAKIGUN
Caixabankek 3.800 milioi euro bideratu izan behar ditu Banca Civicaren kapital beharrak asetzera. Erosi aurretik, Deloittek egindako due diligence batek ondorioztatu zuen bankuaren ondarea negatiboa zela. Kiebraren atarian zegoen. Dena zenbatuta, Caixabankek 5.000 milioi euro jarri baditu, garrantzitsua litzateke jakitea zenbat dagokion Nafarroako Kutxari. Jakin beharko litzateke CANen kontabilitatea 2010etik 2012ra.