'Beef' digitalen hutsaltasun politikoaz

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko abe. 14a, 11:42

Huts egin duen esfera publiko bati buruz hitz egin du Emmanuel Rodriguezek CTXT webgunean duela gutxi. Sare sozialei buruz ari da, M15az eta duela hamar bat urte bien gurutzaketan sortu ziren esperantzak zapuztu diren moduaz. Plazak okupatu zituen mugimendu horretan inspiratuta sortu zen alderdi politiko morearen mugak inoiz baino agerikoagoak dira; behinola matxinadak antolatzeko erabilgarri izan ziren sare digitalekin gertatu denaz berriz, zer esan: Rodriguezen ustez gaur egun "gerrazibilismo" birtual etengaberako besterik ez dute balio, zeinean elkarri mokoka ari diren beren burua estereotipo bilakatzen duten figurak: fatxa, progrea, ezkertiarra, liberala... Elkarri mokoka bai, baina ezer egin gabe, hil ala bizikoak diruditen ika-mika horien guztien erdian ez baita ezer berririk gertatzen ari.

Artikulua irakurrita, gogoa sartu zait euskaldungoaren debateetan agertu ohi diren esteretipoak zerrendatzen hasteko, gaztelaniazkoaren aldean fauna pixka bat desberdina aurkitzen baitugu gure txio-gerretan –nahiz eta bat egiten dudan Rodriguezen analisiarekin: gure ika-mikek ere ez dute ezer aldatzeko balio izaten–: batuaren defendatzaileak eta euskalkizaleak, folklorearen aldekoak eta kontrakoak, askapen nazionala ala askapen soziala lehenetsi behar ote den eztabaidatzean agertzen diren pertsonaiak... Eta aitortzen dut, sarritan ikusi izan dut nire burua sareetan karikatura horietako bat bihurtuta; eta sarritan sortu izan zait zalantza, ea debate berdinak izango nituzkeen jendearekin aurrez aurre.

Bada jendea uste duena Twitter tresna politikoa dela, gaur egungo teknologiekin eraikitako agora bat; eta beraz, bertan egiten den guztia ekintza politikoa dela. Baliteke hala izatea, aitortzen badugu, era berean, politika ulertzeko modu oso murritz baten erakusgarri dela: posizio bat hartzea eta hura defendatzea da eskaintzen digun aukera nagusia. Zerbait aldatu nahi duenak, ordea, posizioa hartu aurretik, bitartean eta ondoren pentsatu egin behar du, norberarengan, kolektiboan, lortu nahi dituen helburuetan. Eta hori askoz hobeto egiten da aurrez aurreko harremanetan. Norbaiti zuzenean hitz egitea beti izango baita ekintza erradikalagoa lubaki digital batean sartuta egotea baino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!